Kontzeptua

Bertsolaritza

Bertsoaren kanpoko itxura bi elementuk osatzen dute, bertsolariak bertsoa egiteko daukan denbora apurrean -segundo pare bat- adierazi nahi duena pentsatzeko orduan kontuan izan behar dituenak. Lehendabiziko elementua bertsoaren barne erritmoa da; eta bigarrena, berriz, azkenengo errima, izan ere, ahapaldiko bertso bikoitzek, lau guztira, kontsonantzia izan behar dute. Ahapaldiaren prozesu erritmikoa bertso bakoitzak dituen oinen kopurua eta konbinazioa da. Prozesu erritmiko arinaren muntaketa bertsolariak lasai egiten du bat-batean aritzean erabiltzen duen melodian barneratu eta gero, melodiaren xarman axolagabe eramaten utziko balitz bezala. Musikak bat-batean egingo dituen bertsoen prozesu erritmikoaren arazoa konpontzen dio. Zalantzarik gabe fenomeno honek erritmoaren zentzua oso garatua izatea eskatzen du, bestela bertsolaria erabat galduta egongo zen. Puntu honetan bertsolaria dantzaria bezalakoa izan behar da, senezko erreakzioa izan behar du, izan ere, dantzariak jotzen duten edozein neurri edo erritmoaren aurrean oinak moldatzen ditu modu naturalean, arin eta arduragabe. Dantzariaren antzera, bertsolariak aldez aurretik erritmoaren zentzua asko garatu behar du, erritmoan birtuosoa izatera heldu behar da. Guzti hau bertsolariak bertsolaritzan asko ibili ostean lortzen du; izan ere, hasiberria bada eta entrenamendu egokia ez badauka, oso erraza da bertso "herrenak" egitea, bertsoaren barne erritmoaren oinetariko batean silabak faltan edo soberan izango dituelako.

Beraz, dudarik gabe melodia eta musika bertsolariak bat-batean jarduten duenean dituen lagun onenak dira. Seguruenik musikaren laguntzarik gabe ezin izango zuen bat-batean "soinu lehorra" deitzen denarekin jardun. Erritmoarekin lotutakoa azaldu ostean, bertsolariak inprobisatzerako orduan kontuan izan beharreko bigarren elementuarekin lotutakoa azaltzeari ekingo diogu. Errima dugu bigarren elementua. Errimaren inprobisazioa edo bertsoen kontsonantzia. Hauxe dugu bertsolaritzaren inprobisazio teknikaren punturik interesgarriena. Puntu honetan ezin dugu axolagabetasunari, arduragabetasunari edo berezkotasunari buruz hitz egin, bertsolariak bost zentzumenak eta gehiago jarri behar ditu bere zeregina ondo egin ahal izateko. Puntu honetan bat-batekotasunari buruz baino, aurreikuspenari edo hornikuntzari buruz hitz egin behar dugu, baina aurreikuspena eta hornikuntza robot batek egin dezakeen arintasunaz, buruko azkartasunaz baino gehiago. Bertsolariak berehala lau hitz "kontsonante" aukeratu behar ditu, ondoren, bertsoak aurrera egin ahala bata bestearen atzetik aipatuko ditu, orain lehena, gero bigarrena, etab... laugarrena aipatu arte, eta azkena izan behar da, hain zuzen ere, indar handienekoa, egokiena, zorrotzena, publikoaren algara edota txalo-zaparrada beroa sorrarazi behar duena. Kopla zaharren eta, orokorrean, kopla osoaren berezko muntaia da, beste hizkuntzatan grafikoki in cauda venenum = "pozoia buztanean" esaten dena. Indartsuena azkenean.

Ahapaldiaren eraiketa hau, bertso indartsuena azkenean daramana, oso garrantzitsua da, ahapaldia osatzen duten aurreko beste hiru bertsoen kontsonantzia edo errima -bertsolariak puntua deitzen diolarik- ezartzen duelako. Hori dela eta -hemen dago bertsolaritzaren bat-batekotasunaren gauzarik bikainena-, inprobisatzaileak bere buruan izan behar duen lehen gauza, bere artean esan behar duen lehen gauza, ahapaldiaren azken partea da. Azkenengoa lehendabizikoa da. Ia Navarro Villosladaren Amaya da asieria = "El fin es el principio" eleberrian bezala. Hau da, euskal atsotitzaren atzekoz aurrera. Osotasunaren sorrera bukaeratik hasten da. Edo amaieraz ari direla eskolastikoek erabiltzen duten primum in conceptione, ultimum in exequtione: "amaiera ekintzan azkena da baina ulerkuntzan lehena". Bukaera animalia arrazional batek lehendabizi ulertzen duena da... bertsolariak antzeko gauza egiten du, lehenengo bertsoaren azkenengo partea pentsatzen du eta hori oinarritzat izanda beste guztia eraikitzen du, aurreko beste hiru distikoak azken ahapaldiko azken hitzari egokituz, horrela, bertsoaren errima osoa eginez. Baina prozesua behar den neurrian aztertzeko, kontuan izan behar da bertsolariak txapelketan dagoenean muntaia egiteko segundo gutxi dituela, eta azkenengo errima oinarritzat dituzten lau errimak oso arin egiten dituela. Esan bezala, prozesuak segundo gutxi irauten du, aurreko lehiakideak bere bertsoa amaitu eta berehala, hurrengo bertsolaria, apenas arnastu gabe, bere bertsoarekin aurkariari erantzuteko irrikitan dago.

Argi dagoenez, guztia lan eta entrenamendu handiaren, eta, agian, bertsolaria izateko hautagaiak herentzia atabikoaren ondorioz daukan aldez aurretiko jarrera psikologikoaren emaitza da. Entrenamenduaren berehalako emaitzetako bat, bertsolariak beraren bitartez gero erabiliko dituen mota guztietako errimak sortzen dituela da, errazak, -ea, -ia, -ean, -ian, oa, -ua, -oan, -uan... bukatzen direnak, edo arraroagoak direnak, -ana, -ona, -una, -aña, -iña, -oña, -uña, -ela, -ola, -atza, -otza, -are, -ere, -on, -un, etab. Sortzen duen errepertoriotik behar dituen kontsonantziak aukeratuko ditu, ahalik eta azkarren, eta ahapaldiaren hasieran erabiltzen hasiko da bukaeran jarri nahi duen bertso nagusiarekin bat datorrela kontuan izanda.

Bertsolaritza txapelketetako merituetariko bat lehen eta azken bertsoen artean dagoen lotura logikoa da hain zuzen ere. Gai honekin lotuta oso tipikoa da inprobisazio perfektu baten kasu historikoa, derrigorrez aipatu behar dena eta Gipuzkoako bertsolaritzaren historiara igaro dena. Batzuen arabera Zarauzko Aian izan zen, beste batzuen arabera, berriz, Elgoibarren. Protagonista Pello Errota asteasuar ospetsua izan zen. Bigarren Gerra Karlista bukatu zenean gertatu zen, 1875. urtearen inguruan. Gerra bukatu berria zenean, herri batzuetan, biztanle gehien zituztenetan edo gerra galdu zuten karlistekiko nolabaiteko begikotasuna zutelakoan susmagarriak zirenetan, goarnizio txikiak zeuden oraindik, edo gutxienez postuko Guardia Zibilak ingurua gero eta gehiago zelatatzen zuen, hurbiltzen ziren kanpotar guztiei dokumentazioa eskatuz. Herriaren sarreran postuko komandanteak Pello Errotari, beste guztiei bezala, dokumentazioa eskatu zion, gaztelaniaz noski. "A ver, el papel". Pellok, ironiarekin bertsolari ona zelako, eskaerari hurrengo bertsoarekin erantzun zion:

Buenos días, txanbergo jauna,
erantzirikan txapela;
gaurku onetan ez bait-det uste
izango dedan kartzela...
Aspaldi ontan, urria baño
geyago degu papela;
ta ikusi dezan, ar baza, jauna,
Komuniyoko Txartela.

"Egunon, txanbergo jauna, / txapela kenduta; / gaur ez dut uste/ kartzelara joango naizenik. / Azkenaldian, urrea baino gehiago / papera daukagu inguruan; / eta ikus dezazun, har ezazu, jauna / nire jaunartzeko txartela"

Bat-batekoa azter dezagun. Pello ironikoak, kasu honetan Komandanteari erantzuteko bertso bat egin behar zuenez, lehendabizi bertsoaren bukaera pentsatu zuen: "...ar beza, jauna / Komuniyoko Txartela". Orain -ela-rekin errimatzen zuten hiru hitz behar zituen; eta berehala txapela, kartzela eta papera hitzak pentsatu zituen, gaiarekin primeran bat egiten zutelako. Komandanteak papera edo dokumentua exijitzen zion eta kartzelan sartzeko mehatxua egin zion gutxi gorabehera; gauzak horrela, eskaria jaso duena makurtzen da, ironikoki, txapela kenduta. Guztia oso logikoa da baldintza horietan. Bertsoaren hasieraren eta bukaeraren artean egiten duen parentesiak ere bere garrantzia dauka, baliogabea eta intentzio-gabea dirudien arren, urrearen gabezia dagoela eta papera metal preziatua baino gehiago dagoela esaten duenean: bigarren gerra karlista bukatu zenean herrialdearen ekonomian aldaketa eman zen, urrea zirkulaziotik kendu zuten eta haren ordez zirkulazio fiduziarioa, "paperarena", hasi zen.

Ikusten denez, Pello Errotak egoera horietan ahapaldi tipikoa egin zuen bertsoa osatzeko hitz alferrak erabili gabe, izan ere, oso mamitsua da, herrikoia bezain egokia, azaltzen ari garen "atzekoz aurrera", hau da, "bukaeratik hastea", prozedura jarraituz. Baina prozedura hau ez da bertsolariek erabiltzen duten bakarra. Bat-batean jarduterakoan batzuk prozedura hau alde batera uzten dute eta bertsoa abesten hasten dira, abenturara doaz, azken ahapaldia ez dute oinarritzat hartzen, lehendabiziko distikoan erabiltzen duten errima bertso osoa eraikitzeko erabiltzen dute; baina prozedura hau erabilita arrakasta bertsolaritzan maisu handiak direnak lortzen dute bakarrik, esaterako, Uztapide, Xalbador, Basarri, etab.; Basarrik aldi berean azaldu dugun lehen prozedura arrakasta miresgarriarekin erabiltzen zuen.

MLE