Irakasleak

Trabudua, Polixene

Euskal hizlari abertzale ospetsua, Sondikan (Bizkaia) 1912an. Polixene Trabudua 2004ko apirilean hil zen.

Ia gaztelerarik ez zekien sendi apal eta karlista baten baitan jaioa. Bere gaztaroan "margarita" izan zen baina Jose Mandaluniz Athleticeko jokalaria eta bere senargaia izan zenaren eraginez Bilboko batzokien inguruko giroan sartuz joan zen Campionen Pedro Mari idazlanagatik erabat txundituta gelditu zela, beretzako "bere benetako Aberria zein zen" erakutsarazi zion lana izatearren.

Lanbidez Irakaslea, Lauaxeta olerkariaren eraginez bere jaioterriko eskolan euskera sartu zuen. Emakume Abertzale Batzako alderdikide bezala bere lehendabiziko mitina 1931n Urduñan eman zuen II. Errepublikako abertzaletasunaren gaztedi militantean behingoan nabarmendu zela. Espetxeratuta egon zen 1933ko urtarrileko 15 egunetan zehar, beste "emakume" batzuekin batera Espainia iraintzeagatik salatua. Bere askapen egunaren ondorengo egunetan atxilotutakoen ohorez Euskal Amari egindako Omenaldian parte hartu zuen. Urte horretako apirilean Alcala Zamora presidentearen bisitaldiaren aurkako "emakumeen" agerraldian parte hartu zuen asaltoko guardiek kolpatuta izanik. Aipatutako urte bere horretan ezkondu egin zen eta EAJko ahaldun izendatua izateko boto gutxi falta zitzaizkion.

EAJko muturreko aldeak (Yagi-Yagi) 1933-1934an banandu zenean Trabuduak banandutakoekin lankide lanetan jardun zuen alderdiaren politika autonomistaren aurkako burujabetasun sutsu eta erraietakoa erakutsiz. Gudak eztanda egin zuenean seme bi zituen eta hirugarrenaren haurdun zegoen. Gudan zehar Mendigoxaleen Elkartera atxikitako Aberri Emakume Batzako kidea izan zen. 15 urtetan zehar Suitzan eta Parisen atzerriratuta egon zen eta Venezuelara joan zen bere senarrak futbolari bezala eta berak irakasle bezala ogibide azkarra aurkituz. Maracaibon, euren egoitza berria, bertako espetxe ospetsuko atxilotutakoei doanik ikasbide eman zien. Maracuchoekin errotik maitasuna hartuta, espetxeko lizeoa sortzen du.

Bere senarra hil zenean eta bere semeek euren buruaren jabe egin zirenean Donibane Garazira 1990ean bizi izatera joan zen bere semerik gazteenarekin. Zuliako Unibertsitateak eta Sabino Arana Fundazioak Amamaren artikuluak izenburupean "Panorama" venezuelar egunkarian bere idatzien bilduma argitaratu dute (1992). Trabuduak, giza kalitate handiko emakumea, atzerritarrek "inongo ez direla" adierazten du, euren herrian daudenean atzerria etsipenez oroitzen dutelako eta atzerrian daudenean lehendabizikora itzuli nahi dutelako.

Eusko Jaurlaritzak argitaratutako Bidegileak bilduman informazio gehiago eskura dezakezu Polixene Trabuduari buruz.