Kontzeptua

Txirula

Hiru zuloko flauta joleek berezko estilo ezberdin asko sortu dute Euskal Herriko lurralde ezberdinetan, horietako bat Zuberoako joleena. Azken garaitan Europako beste tokietako herri musikaren errepertorioan zortzi puntuko edo konpasetako esaldia nagusitu zen eta pieza asko modu batean edo bestean antolaturik bi edo hiru esaldietakoak dira. Zuberoako txirularen errepertorioan dantza doinu eta neurri zaharrak kontserbatu dira.

Zuberoako txirulari gehienek ez dute ezagutu solfeorik eta dena belarriz ikasi dute eta buruz gorde dute ikasitakoa. Sistema horrek jotzeko era libreagoa eragiten du eta horrela doinu bera libreagoa da eta aldaerak eragiten ditu.

Beste kultura zaharretan bezala, Zuberoako txirularen errepertorioan esaldi askotako pieza luzeak aurki ditzakegu eta musikarako eta dantzarako konplexutasun eta zailtasun handia eragiten duten neurri ezberdin askotako esaldiak.

Horietako bat "Muneinak" izenekoa. Hemen aurkezten dugun partituran ikus dezakegun bertsioa, 1968an P. Copen txirulari mauletarrari egindako grabaziotik hartua dago.

Hemeretzi esaldiz osaturik dago:

  • Lau sei konpasetakoak.
  • Bost lau konpasetakoak.
  • Bi bost konpasetakoak.
  • Bi hamabi konpasetakoak.
  • Lau zortzi konpasetakoak (horietako bat errepikatzerakoan hamarrekoa da)
  • Bat hamar konpasetakoa (errepikatzen da eta lehen buelta zortzikoa da).
  • Bat hamaika konpasetakoa.
  • Bat bederatzi konpasetakoa.

Dantzaren erritmoa bikoa da eta 2/4 konpasean idatzia dago, baina hiru momentutan irregularra da erritmoa hirukoa egiten delarik eta horregatik partiturak 3/4 hiru konpasak ditu.

Piezaren tonua ez da bakarra, esalditik esaldira aldatu egiten da DO M eta SOL M nahasturik agertzen dira. Azken esaldia DO M tonuan dago baina bukatzeko azken konpasean SOL Mra aldatzen da.