Kontzeptua

Ttun-ttun

Dantza.

Bikoteka zirkulu irekian dantzatzen den dantza herrikoia, Erronkari haranean (Nafarroa) ohikoa dena. Gizon-emakumeek zirkuluan egiten zituzten dantza sozialetan barnera daiteke. Hau ohikoa zen jaiegunetan plaza edo herri-lurretan dantzatzea.

Espezie berekoak dira, besteak beste, ingurutxoak, soka-dantzak, zortzikoak, gizadantzak, trapatan eta larraindantzak. Nolanahi ere, Ttun-ttun dantzaren doinuari eta koreografiari beha, zenbait alderditan Ingurutxo generoaren eskema arrunta hausten dela ikus daiteke, izan ere, Erronkariko dantza horretan ez dago 2/4 konpasean egiten den zortzikorik, 2/4 konpaseko inguru handirik eta 3/8 konpaseko inguru txikirik.

Dantza txistuarekin eta danbolinarekin girotzen da. Gauza jakina da antzina txirularekin eta ttunttuna erabiliz ere interpretatu izan zela. Hain zuzen, bere izendapen onomatopeikoa hiru zulotako txirularekin (txistu edo txirula) batera jo ohi den perkusiotik datorkio. Izan ttunttun edo danbolina, izan ere, txistuz eta danbolinez jotako musika txuntxun modura ere ezagutu izan da eta, hura jotzen zuten pertsonak txistulari izan aurretik danbor-jotzaile edo txuntxunero izan ziren.

Zenbait lekukotzen arabera, Ttun-ttun dantza igande guztietan dantzatzen zen mezaren ostean; beste batzuk diotenez, arratsaldez dantzatzen zen. Izaban uztailaren 25 eta 26an dantzatzen zen (Santiago festetan) eta baita irailaren 16an ere (San Ziprian jaiak, Izabako zaindaria); Uztarrotzen, ostera, ekainaren 24an, (San Joan egunez), ekainaren 25ean (San Roke egunez) eta uztailaren 2an (Zaindaritzaren Ama Birjina) dantzatzen zen.

Izaban Ttun-ttun dantza udaletxearen inguruan dantzatzen zen. Itxura batean, XIX. mendean pertsona askok dantzatzen zuten eta udaletxearen perimetro osoa hartzen zuten. Dantzatu nahi ez zuten neskek mantelina tolesten zuten besoan; hori ikusita ezagun zen ez zuela dantzatu nahi eta mutilek ez zuten dantzatzera gonbidatzen. Aitzitik, dantzarako prest zeudenak mantelinarik gabe joaten ziren plazara; edo, bestela, norbaiti lagatzen zioten, dantzarako prest zeudela adieraziz.

Ttun-ttun dantzak ez du hitzik. Dantzatu egiten da, baina ez da abesten. Hala ere, musikaririk gabeko entseguak eta ikasketa errazte aldera, Erronkariko biztanleek hitz herrikoiak asmatzen zituzten, lagungarri zirenak doinuak oroitu eta erritmoa mantentzeko. Kopla umoretsu horietan herritar jakin batzuk ziren mintzagai. Ezagutzen diren hitz zaharrenak XIX.-XX. bitartekoak dira eta Izaban eta Uztarrotzen jaso ziren:

Ttun-ttun la gaita
ttun-ttun tambor
ttun-ttun la flauta
de Nicanor.

Hurrengo urteetan beste errepika bat nagusitu zen, gugana iritsi dena:

Ttun-ttun la Juana
ttun-ttun la Inés
ttun-ttun Genaro
ttun-ttun los tres.

Dena den, bada hirugarren aldaera bat ere, bigarren horrekin lotura argia duena. Hori Izaban eta hareneko beste herri batzuetan abesten zuten:

Ttun la Juana
ttun-ttun la Inés
ttun-ttun el cura
de Navascués.