Enpresariak

Urrutia y Zulueta, Juan

Amurrio, 1866-11-14 - Neguri, 1925-07-16. Meatze-ingeniari eta hidroelektrika-industriari arabarra.

Elektrifikazio prozesua -lurrunetik elektrizitaterako igarobidea- Euskal Herriko industrializazioarentzako bizi-garrantzizkoa izan zen baina baita motela eta sakontasun gutxikoa ere. Eta horrela ez zen Estatu Batuekaz, eraberritze-elektrikoaren sanctasanctoruma, erkatuz bakarrik izan, baizik eta Euskal Herriak ispilu izandako -eta duen- Cataluñarekin ere.

Egikari hau azaldu, eta, nolabait ekonomia-hazkundearen eta elektrizitatearen artean -beti hain aipatua- euskal kasuan loturarik eman ez zenaren egitura-arrazoiak dira. Prozesu honetan, jakina, Estatuaren negozio elektrikoaren zati garrantzitsu bat historikoki kontrolpean izan duen enpresa bat azaltzen zaigu: Hidroelectrica Iberica. Bere sortzaile pertsonaia garrantzitsu bat izan zen: Juan Urrutia. Urduñako burdinagile baten semea, gaztetatik umezurtz gelditzen da, sendia liberal batek hasi eta hezia izanez. Batxiler ikasketak Bilbon eta Gasteizen burutu zituen. 1892an, Madrilen, Meatze-Ingeniaritza ikasketak hasi zituen, eta besteak beste Espainian -Francisco de Paula y Rojasekin (1833-1909) batera- elektroteknia sartu zuenetako bat zen José Mª de Madariaga (1853-1934) katedradun ospetsuaren lehenetsitako ikaslea izan zen. Berari esker, elektrizitateaz liluratuta gelditu zen. Ikasketak 1896an burutu zituen, 30 urte zituelarik; ordutik aurrera, bere Victor semeak zioen bezala "hombre de acción más que de papeleo" izan zen.

Bere lehenbiziko lan-erronka Donostiako Konpainia Elektrikoko zuzendaritzaren izan zuen, bertan lau urte izanez. Erronka, Euskal Herrian indar elektrikoaren erabilerarako zeuden erretizentzietatik zetorren; gogora dezagun bada, ordura arte lehen-mailako beste energia bat (ikatza eta bere eratorriak) ez zela nagusi alferrik izan, euskal siderurgiaren baitan, labe garaietako gasa behin erregai bihurtu ondoren enpresa siderurgikoenak ziren zentral termikoek erabili izanaren praktika zabaldua baizen. Tradizio hori aldatzeko, Urrutiak ekoizpen elektrikoaren kostua (ikatzaren aldera) murriztu beharra zuen. Bertan, Oria errekan ur-jauzia eraiki eta eraldaketaguneak modernizatu egin zituen, baina teknologiarik aurreratuena sartu ere: argi-indar sortzaile handiago eta eraginkorragoez gain, distantzia luzeko garraio-elektrikorako sistemak ezarri zituen, industria hidroelektriko berriarentzako ezinbesteko elementuak izatera iritsiz.

Enpresari lez, ohizkanpoko elektra-negozioaren, talentu eta intuiziodunaz gain, aitzindaria izan zen. Ez zuen sortu berria zen industria honetan garaipena izateko bidea merkatuaren kontrola eta epe luzerako plangintza bakarrik zirenik uste, zeren teknologiaren berrikuntza industria horren indar eragilerik garrantzitsuena zela uste baitzuen. Ondorioz, uren emariaren erregulazioa baino gehiago elektra-energiaren transmisio eta ustiaketa-tekniken eraberritzean ur-jauzien etekinak maximizatzeari ekin zion.

Mentalitate hori hobeto adierazten duena industria hidroelektrikoari egin zion bere ekarpen handia da. Bere lanik nagusiena abiapuntua, Eduardo Aznar eta Jose Oruetarekin batera Bilbon 1901ean Hidroelectrica Iberia enpresa sortzea izan zen, bere zuzendari izanez. Egitasmo erabat ikaragarri honen arrakasta hiru zutabetan oinarritu zen: distantzia luzean zeharreko elektrizitatearen garraioa, bere irispideagatik Europan aitzindari izanez (turbina hidraulikoak Escher Wyss suitzar etxeak hornitutakoak izan ziren eta makina ekeltrikoak Seimens-Schuckert-Verke alemaniarrak); Banco de Vizcayaren laguntza, diru-baliabide garrantzitsuak izatea bideratu ziolako; eta merkaturik erakargarrienak monopolizatzera (izatez, bere lehenbiziko bezeroak Bilboko Udala, Compañía Papelera Española, La Basconia, Bilboko Tranbien Konpainia eta altzairurako fabrika ugari ere izan ziren) eraman zuten epe luzerako plangintza egitea. Egitasmoaren handinahitasunaren tamaina izan dezagun gogoan izan bedi Estatu guztian zehar ezarritako indarraren guztirakoa %59an gehitu izana erakarri zuena; 1875etik, 861 indargune berri ipini ziren, 128.000 zaldi-potentzia guztira izanez.

1907ko maiatzean, euskal zentralak amaitu ondoren, Urrutiak, Lucas Urquijo bankariarekin batera Madrilen egoitza izanez, Hidroelectrica Española sortu zuen. Bertan bere estrategiarik gogokoena abiarazi zuen. Merkatua menperatzeko modurik hoberena ur-jauzietan energia sortu eta ekoiztuz kontsumoguneetara eramatea zela egiaztatzerik izan zuen eta, bestalde, arrakasta, mundu guztiari energia hori helaraztean baino kontsumitzaile handiei kontratu seguru eta iraupen luzerakoen bitartez saltzean zegoena erakustea lortu zuen. Valentziar, madrildar eta kantabriar merkatuak bereganatze asmoz, euren merkatuetan bolumen eta tamaina garrantzitsuak izatea lortu zuten beste enpresa hidroelektriko batzuk bultzatu zituen; horrela, adibidez, Elektra de Viesgo eta Hidroelectrica del Segre kasuak.

Berehala, espainiar industria hidroelektrikoa euskal ikuskari haren enpresa-estrategiak ohartaraziz hasi zen. 1908an erabiltzaile txikiei argi-indarra komertzializatze-lan hornitzen zuen Union Elektrica Vizcaina izeneko banaketa-konpainia sortu zuen. Geroztik, kaskadan, Eléctrica de Madrid (1910), Electra Valenciana (1910), Volta (1913), Unión Eléctrica de Cartagena (1913) eta Portuguesa (1919) bezalako banaketa-konpainiak etorriko dira. Portugaleri dagokion lurraldean, hain zuzen ere, urte bi arinago, atzerrian izango zuen eragiketarik handiena iritsi zen (garrantzitsuena, jakina, izan ez zen arren): merkatu portugesaren hornikuntzarako Limako Konpainia Elektrikoa eskuratzea alegia.

Edozein kasutan, Juan Urrutiaren nortasunaz jabetzeko bere enpresa-ekimenak direnetatik haratago joan beharra dago. Urrutiak gobernuari elektrizitate gaietan aholkua eman zion, 1919an Energia Elektrikoaren Nazio-Sare baten ezarpenerako eratutako Batzordean eta baita Elektrizitatearen Espainiar Batzorde Iraunkorrean eta beste hainbat ordezkaritzetan ere parte hartuz. Ikuspegi horretatik, estatuko sare hori gauzatu izana neurri handi baten behintzat berari esker izan zen. Izatez, argi-indarrarekiko sarea -"botere" sarea- natura-baliabideekin integratzea arazo bat zen, eta egun ere da, ikerketarako gaia, erabat korapilatsua eta oraindik bideratu gabekoa. Espainiar baliabide hidroelektrikoen inbentarioa eginez, Urrutiak La energía hidroeléctrica en España y sus aplicaciones (1917) txostena egin zuen, txosten horretan, datuetan oinarrituz, euren ahalmena adierazteaz gain erabilera posibleak zehaztuz. Legegintzaren arazoez ere arduratu zen eta energiaren ekoizpenerako ibaien ustiapena arautzen zuten legeak zaharkituta zeudela ere salatu zuen; bere La energía hidroeléctrica en España. Antecedentes que deben tomarse en cuenta al redactar la nueva ley... (1918) izeneko txostena urte horretan bertan onartutako Uren Lege berriaren (gai horretan) oinarri bezala onartua da.

Bere bizitzaren azkenean Urrutiak bere "irudi eta antzera " sortu zuen enpresaren indar eta tamaina ikusterik izan zuen, 1922an Euskal Herriko ustiapen elektriko guztiaren %33aren inguru zeukanaren jakitun zela. (Eta baita, nola edo hala, parte hartu zuen enpresek Estatuan kontsumitutako elektrizitatearen %50a hornitzen zutela gogoan izanez ere). Hedakuntzak, izatez, jarraitu egin zuen. 1944an Ibericak Saltos del Duero indartsua bereganatu zuen Iberduero sortuz; geroztik 1992an biak bat egingo dute Iberdrola sortuz. Baina berak ezin izan zituen bere bururakizunak egia bihurtuta ikusi. Egitateek, hala ere, beste hainbat alditan lez, jenio-intuizioa denboraren joanean aitortzen dela erakusten digute.