Literatoak

Ugalde Orradre, Martin

Franco hil ostean Hondarribiako etxean finkatu zen behin betikoz. 1977 eta 1978 urtetan "Deia" egunkariaren sorreran parte hartu eta bertako zuzendariorde izan zen. Euskaltzaindiak argitaratutako El Libro Blanco del Euskera liburuan zuzendari izan zen (Bilbo, 1977). 1978an Euskal Kontseilu Orokorreko Itzulpen Kabineteko Buru izendatu zuten eta, 1983 eta 1985 bitartean Euskararen Sustapenerako Zuzendari izan zen. Urte horietan Herri baten deihadarra lana kaleratu zen X. Amurizak egindako itzulpenarekin eta A. Schommerren argazkiekin. Gainera, Ugaldek Euskal Literaturako Erbestearekin parte hartu zuen El exilio español de 1939 lan kolektiboan.

1979an Cuentos de inmigrantes argitaratu zuen Donostian eta SIADEKOk egindako txosten soziolinguistikoa laburtu zuen Euskaltzaindiaren enkarguz: Conflicto Lingüístico en Euskadi. Urte horretan Las casas del Libertador argitaratu zen. 1980an Sabino Aranaren biografia idatzi zuen, Jose Antonio de Aguirre eta Leizaolarekin lankidetzan haren lan osoa emateko ahaleginean. Aurrerago beste hainbat liburu argitaratu zituen: El problema vasco y su profunda raíz político cultural (Donostia, 1980), Historia de Euskadi (Bartzelona, 1981-82, 6 liburuki), Mugarri galduen itsumundua [Irun Hiria Saria] (1984), Biografía de tres figuras nacionales vascas: Arana Goiri, Agirre, Leizaola (Donostia, 1984), Lezo Urreztieta 1907-1981 (Donostia, 1990), Mantal Urdina (1985) eta Bihotza golkoan (1990) ipuin-bildumak, eta urte horretan bertan, Batasun eta zatiketen artean, artikulu eta elkarrizketaz hornitua. 1992an Manuel de Irujo, Mientras tanto fue creciendo la ciudad, De la nueva tierra y los inmigrantes eta De la inmensa soledad del hombre argitaratu zituen; 1993koa da Erroetatik mintzo lana.

1989an Literaturako Euskadi Saria irabazi zuen euskaraz idatzitako eleberrigintzan Itzulera Baten Historia lanarekin, eta 1993an Euskaltzaindiaren "Txomin Agirre" saria jaso zuen Pedrotxo lanari esker. Aipatutakoez gain, Café Gijón, Ignacio Aldecoa eta Iruñeako Ateneo (1988) sariak eskuratu zituen.

Egunkariako presidente izan zen. Euskaltzaindiako, Buenos Aireseko Eusko Ikaskuntzen Amerikako Institutuko eta Sancho el Sabio Erakundearen Buletineko Erredakzio Kontseiluko kide izan zen.

XLA