Abeslariak

Villabella, Miguel

Tenore bizkaitarra, Bilbon jaioa 1892an. 1954an hil zen Parisen.

Gazte zela Parisera joan zen. Gurpil gaineko patinajean munduko txapelduna izan zen. Halabeharrez L. Fugere baritonoarentzat kantatu zuen eta bere ahotsaz interesaturik, kantuko klaseak ematen hasi zitzaion. Ondoren bere prestakuntza Jacques Isnardon-ekin Pariseko Kontserbatorioan osatu zuen.

Estreinaldi profesionala Donostian egin zuen 1917an. Gerora Parisko Poitiers Operak gonbidaturik Toscaren Cavaradossi abestu zuen. 1920an Parisko Ópera Cómica konpainian sartu eta bertan, urte berean, Tosca-ren Spoletta-rekin estreinatu zen. Era berean, hainbat alditan frantziar hiriburuko Favart aretoan, Montecarloko Operan eta Bruselasko Teatro de la Monedan kantatu zuen.

Eskola frantseseko tenore garrantzitsuenetakotzat kontsideratua izan da, bere errepertorioaren parte izan ziren operak honakoak dira: Delibes-en Lakmé, Thomas-en Mignon, Rossini-ren Sevillako Bizargina, Puccini-ren Madame Butterfly, Mozart-en Don Giovanni, Gounod-en Fausto eta Romeo eta Julieta, Verdi-ren Rigoletto, etabar. Bere ibilbide profesionala paper txikiak antzeztuz hasi zuen arren, laister joan zen rol garrantzitsuagoak hartzen.

Bere belaunaldiko konpositoreen obretan oso interesaturik, Max d'Ollone - ren Les unes et les autres, Ibert-en Perseo eta Andrómeda, Bruneau-ren Virginia eta Laparra-ren La ilustre fregona estreinaldien protagonista izan zen, baita Dukas-ek Rameau-ren Les indes galantes obraren hirugarren ekitaldiari eginiko moldaketan ere.

1940an eszenatokietatik erretiratu ondoren Parisen jarraitu zuen, irakaskuntzari soilik lotuta.

Burutu zituen grabaketen artean honako hauek daude: Rigoletto, Sevillako Bizargina, Roi d'Ys Lalo, Gounod-en Mirelle, Boieldieu-ren La dame blanche.