Sendagileak

Bidaurrazaga Lazpita, Angel

Bizkaitar mediku ospetsua, Erandio-Asuan 1882ko martxoaren 1ean jaioa. 1971ko irailaren 26an hil zen.

Urduñako jesulagunen ikastetxean ikasi zuen, gero pilotu eta nautika ikasketei ekin zien eta ondoren medikuntzari, baina bere sendiaren ekonomia zailtasunengatik utzi egin behar izan zituen. Izaera geldiezin eta abenturazalea, 1905ean errusiar-japoniar gudara errusiarren aldeko boluntario gisa joaten ahalegindu zen, baina ez zuen muga alemaniarra igarotzerik lortu. Bartzelonan bizi zen eta gorabehera batzuen ondoren, Valladoliden ikasketak berreskuratu eta bukatu zituen. Gatikan eta Lutxana-Erandion lan egingo du. Mediku gisa Bartzelonatik Valparaisora (Chile) emigranteak garraiatzen zituen "Duendes" transatlantikoan ontziratu zen. Geroago Markinezera (Araba) mediku titular bezala joan zen eta ondoren Respaldizara. Alkohol gehiegikeriei egotzi zitzaien duodenoko ultzera izan zen ohiko medikuntza utzi eta hipokratismo naturistan jardutea. Gero Madrilera joan zen Oftalmologia Institutuan Castresana Doktorearekin ikastera.

1918an Bilbon oftalmologia kontsulta zabaldu zuen; Manuel Etxebarria Dr.-ari esker "begi niniaz diagnostikoa" egiten ikasten du, begi niniz edo iriskopiaz metodo naturistekin harreman estuan jardunaz diagnostikoak ematen espezializatuz. 1923an Donostian euskarazko bere lehen hitzaldia eman zuen argizko proiekzioz lagunduta. Argia kiriotz alia liburuxka argitaratu zuen. Guda zibilak eztanda egitean, Bilbotik at doa 1936ko abuztuaren 18an, bere emaztea eta bi alabekin, Parisera iristen da eta, gorabehera batzuk ondoren, Mexikora, lanbidean berriro hasiz. 1939an El diagnóstico por el Iris argitaratu zuen eta 1940an Fundamentos científicos de la Medicina a través del Iris, Mc Allister Dr.ak ingelesera itzulitakoa izan zena. Urte horretan La Habanan hitzaldi batzuk eman zituen. Behin bere aberrira itzuliz, Artxandan ezartzen da (Artxandako aztia) eta bertan dihardu.

Bere beste idazlan batzuk hauek dira: No busques lo que tú tienes, Ayunoterapia eta Dieta Natural. Bere abizena V-z idazten hasi zen arren, sabindar eraginagatik B-rekin idatzi zuen. Joseba Bidaurrazaga Larrabeiti bere semeak, aitaren naturista tradizioa jaso zuen.