Konposatzaileak

Ansorena Eleicegui, Isidro

Txistularia eta konpositorea. Soinu tresna hau berritzen du. Hernanin 1892ko maiatzaren 15ean jaiotako musikari gipuzkoarra. Isidro 1975eko abuztuaren 20an hil zen Hernanin.

Familian txistulari ugari izanik, etxean bertan hasten da txistua jotzen ikasten, gerora Juan Jose Cestonaren eskutik luzatuko dituelarik ikasketak. 1922an Donostiako Udaleko Lehen Txistulari bilakatu zen; hurrengo urtean Donostiako Udal Musika Bandan silbotea jotzen hasi zen eta gero horren zuzendari ere izan zen. Donostiako Udal Musika Kontserbatorioan txistu irakaslea izan zen 25 urtez eta bertan txistularientzako eskola sortu zuen. Liburu bat ere idatzi zuen, Txistu Ots gozoa, nola...? eta horixe erabiltzen da Donostiako Kontserbatorioan txistua jotzen irakasteko.

Txistulari bezala burutu zuen lana eskertuz, Udalak Donostiako Hiriko Zilarrezko Domina eman zion.

Musika konposatzeaz gain, era askotako harmonizazioak, zuzenketak eta moldaketak burutu zituen, besteak beste, kontzertuak, dantzaldiak, erlijio musika eta ereserkiak landuz. Guztira 700 partitura baino gehiagoko errepertorioa eratu zuen. Rapsodiak idatzi zituen, adibidez, Xenpelar Olerkaria, Agustin, Shanti ta Juan Jose; Donostiako sozietateei eskainitakoak, Euskal billera, Gaztelubideri, Gaztelupe, Illunpe, Kañoietan, Ollagarroa edo Zubigain. Erlijio konposaketen artean, hauek azpimarra ditzakegu: Agur, Jesusen Ama, Ama maite Maria, Eguberri soñua, Gabon Abestiak edo Ogi Zerutik. Zortzikoen artean aldiz, beste hauek: Antzekoa, Berri berria, Danena, El Cristo de Lezo, Giltzapean sartu naute, Gozo gozoa, Larralde olerkari, Lopetegi olerkaria, edo Nere amak baleki, Agi gabiria-tar Jesús, Abeslari Bikaña'ri eta Maitasuna. Kantu eta txisturako musikaz ari garenean: Agur, Jaunak, Marcha de San Sebastián, Mendi aldera, Txistulari elkarteari herri poza, Triku triku (Nere herriko jaiak), Marcha del pelotari, Esperanza ta bere arraunlariei edo Toberak. Ahots eta pianorako musika konposatu zuen, baita kantatzeko piezak ere.



  • ERESBIL: Autoritateen datu basea.