Monarkia eta noblezia

Antso VI.a Gartzea

1179ko bakea betez, Nafarroak Gaztelari egindako lur-lagapena oso ekintza arriskatua zen, izan ere, gaztelarrek Nafarroako Erreinuan sartzeko asmoa berpizten zuten. Une horretan monarkak mehatxu nagusia Gaztelarekiko mendebaldeko mugan kokatzen zela usten zuen, eta ez Aragoiko mugan. Gainera, Gaztela eta Aragoiren arteko harremanak narrasten ari ziren bi erreinuen arteko mugak zirela-eta. Egoera horretan, Antso VI.ak lurraldearen defentsa-sistema sendotzea erabaki zuen, arreta erreinuaren mendebaldeko mugetan jarriz gehienbat. Portilla, Buradon, Biasteri eta San Vicenteko gotorlekuei hainbat jabetza gaineratu zitzaizkien, erreinuko pertsona kualifikatuenei agindutako zereginean. Indartze-sistemako lehen lerroan Portillako muga, Zadorra ibaia, Arganzoneko gotorlekua, Zaitegiko gotorlekua (1188), Urkiola eta Anboto haitzaldeak, eta atzeguardian, Lenizko haranean zegoen Aitzorrotzeko gaztelua (1184) kokatzen ziren. Bigarren lerroan Buradoneko gotorlekua, Haro parean, Toloñoko mendilerroa, Trebiño (1181) eta zirkulua itxiz Gasteiz (1184) lekutzen ziren. Hirugarren lerroan ziren Biasteri, Punicastro, Ega de Marañoneko adarretako kokatutako plazak, Arlucea (1181) eta Antoñana (1181), eta baita Kanpezuko Santa Kruz ere, bi adarrek bat egiten zuten gunean. Defentsa-lerro hori Entzia eta Urbasako mendilerroetan barna luzatzen zen eta Lizarrako plaza kokatzen zen atzeguardian.