Monarkia eta noblezia

Antso VI.a Gartzea

Penintsulako erreinu musulmanak ezegonkortasun politikoan ziren, almorabideen nagusitasuna ahitzen ari zelarik almohadeen mesedetan. Garai horretan errege musulmanak Abu Yaqub Yusuf kalifaren aginduetara zeuden, haren boterearen beldur baitziren. Murtzia eta Valentziako erregeak, Ibn Mardanisek (kristauen artean Lope "Otsoa" izenez ezagutzen zena), ordea, ez zuen etsi nahi. Beste botere batzuekiko independentzia mantentzeko, errege horrek hainbat itun finkatu zituen errege kristauekin, laguntza militarrak negoziatu zituen haiekin eta, Aragoiko monarkarekin izandako gatazka batzuk salbuetsita, harreman ona izan zuen haiekin. Horrela, 1162. urte inguruan Yusufek Loperi erasoa jo zionean, Murtzia eta Valentziako erregeak errege kristauengana jo zuen berriz ere, laguntza eske. Une haietan, soilik Antso "Jakitunak" eman ziezaiokeen laguntza eta Nafarroako erregea Murtziara joan zen. Indar kristauek, funtsean, bi arrazoi zirela medio ematen zieten laguntza Loperi; alde batetik, Lopek almohadeen zabalkundea oztopatzen zuen eta, beste alde batetik, musulmanaren eskutik diru asko jasotzen zuten hari egindako zerbitzuen truke.