Monarkia eta noblezia

Antso VI.a Gartzea

Nafarroa eta Gaztelako erregeak 1153ko ekainaren 2an Sorian elkartu ziren. Han, Antso "Jakituna" enperadorearen alabarekin, Santxarekin ezkonduko zela erabaki zuten. Modu horretan, ahaidetasun- eta laguntasun-laxoak finkatu ziren, denbora batez erreinua banatzeko arriskua uxatzen zutenak. Soriako tratatuak, era berean, enperadorearekiko basailutza aitortzea eta Gaztelako oinordeko zen Antso III Naiarakoari Nafarroaren bihotzean zeuden Artajona, Larraga eta Cebror entregatzea inplikatzen zuen. Lurralde horiek Antso VI.aren aitak, Gartzea Ramirezek bere bigarren emazteari, Alfontso VII.aren alaba naturala zen Urraca andreari, emandako doteak ziren. Urraca jadanik alargun zela bere baitan izan zituen eta Asturiasera erretiratu zenean, Antso III.a anaiari laga zizkion. Urte horietan Artajonako erreinuak gora egin zuen Gaztelako monarkiarekin bat egin zuten teniente edo gobernatzaileei esker hainbat lurralde eskuratuta. Horien artean, Erriberriko gobernadorea aipatu behar da, Ramiro Gartzea. Antso VI.ak, bestalde, Gaztelako presentzia oro uxatu nahi zuen bere erreinutik eta, batez ere, Artajona bereganatu nahi zuen.

1156an aragoitarrak eta gaztelarrak aliatu egin ziren berriz ere. Aragoiko erregea Proventzan zela aprobetxatuz, Antso VI.ak aragoitarren aurkako ekinaldia egin zuen. Fontellas plaza berreskuratu zuen eta Zaragozako atariraino iritsi zen arpilatze-kanpaina bat burutu zuen. Baina, berehala bakea lortzeko kudeaketekin hasi zen. Ramon Berenguer itzuli zenean Nafarroako zenbait jaunen gaineko presioa areagotu zuen, lurraldeko erregearekiko loturetatik aska zitezen. Bestalde, Nafarroako erregea Alfontso VII.aren oniritzia jasotzen saiatu zen. Garai hartako agertoki politikoan Gaztelako enperadoreak zuen azken hitza eta, bestalde, harekin harreman onak izatea komeni zitzaion, izan ere, Santxarekin ezkontzekotan zen (1157an ezkondu ziren). Kudeaketa horien truke Artajona Gaztelaren menpekotzat onartu behar izan zuen.

1157an Alfontso VII.a enperadorea hil zen, Antso III.a Desiratuak hartu zuelarik haren tokia. Antso VI.ak enperadore berriarekiko basailutza onartu zuen Sorian eta, aldi berean, Santxarekin ezkontzeko konpromisoa berretsi zuen. Ezkontzaren ostean, Gaztelako monarkak Artajona, Larraga eta Cebror Nafarroara itzularazi zituen.