Parrokia

San Nikolas

Liciako Pararan, Asia txikiko probintzia zahar batean jaio zen San Nikolas, 280. urtean. Dirudienez, gaztetan Egipto eta Palestinan zehar ibili zen erromes. Esaten denez, 19 urte besterik ez zituela apaiztu zen. Beranduago, Liciako hiriburua zen Mirako (Mediterraneoaren alboan) gotzain izendatu zuten. Diocleciano enperadoreak kristauen aurkako jazarpena agindu zuenean, Nikolas preso hartu eta torturatu egin zuten. Azkenik aske utzi zuten Constantinorekin batera. Kontatzen denez, 325. urtean Nizeako Kontzilioan parte hartu zuen. Dena den, hainbat egilek zalantzan jartzen dute hori, izan ere bere izena ez da bertaratuen zerrendan agertzen. 343. urteko abenduaren 6an (zenbaiten ustetan 345. urtean zendu zen) hil zen Miran (egun Turkiako Demre-Kale). Bere hilotza Genile izeneko irlan ehortzi zuten. 1993an aurkitu zuten haren hilobia.

Bere hagiografiaren bertsio ezagunena Frai Santiago de la Voragine Genoako domingotarrak idatzitakoa da, 1264an idatzitako La leyenda dorada izenekoan.

Badira San Nikolasekin lotzen diren eta Voraginek aipatu ez zituen beste elezahar ugari. Hasteko, bere gurasoak antzuak zirela esaten zen eta egun batez aingeru bat agertu zitzaiela seme baten jaiotza iragarriz. Hori izango zen, gero, San Nikolas. Halaber, berpizkundeak egin zituela esan ohi da.

Errumaniakoa da ondorengo elezaharra: bazen aita bat bere bi alabekin bizi zena. Alabek etxeko lanetan eta aziendaren zaintzan laguntzen zioten. Oso txiroak ziren eta ez zuten aski diru egurra erosteko ere, horregatik, gabon haietan hotz handia jasaten ari ziren. Abenduaren 5ean, santuaren jaiegunaren bezperan, oheratu zirenean San Nikolas sartu zen etxean. Hark sua piztu zien eta egurra eta jana utzi zien eta, baita hainbat opari ere.



Historiara itzuliz, aipagarri da, gutxi gorabehera, milagarren urtean, haren gurtza Bizantzioren eskutik Errusian sartu zela. Hala, herrialdeko zaindari izendatu zuten. Era berean, Erdialdeko Europan sartu zen Santa Claus hipokoristikoarekin (Sankt Nikolaus izenaren laburdura).

VI. mendean enperadoreak haren ohorezko eliza bat eraiki zuen Konstantinoplan (egungo Istanbul). 1087ko maiatzaren 9an musulmanek zonaldea inbaditu ostean bere hezurrak berreskuratu zituzten Miran eta Barira eraman zituzten, Italiako kostalde adriatikora. Ziurrenera, ordutik aurrera hedatuko zen bere ospea Europa osoan, Bariko San Nikolas izena hartuta. Barin haren ohorezko eliza bat eraiki zuten.

Hainbeste zen Errusian santu horrekiko debozioa eta hainbeste ziren herrialde horretatik Barira joaten ziren erromesak, ezen Italiako hirian ostatu eta ospitale moskutarra eraiki baitziren.

San Nikolas taumaturgo gisa ezagutzen da unibertsalki eta bere bizimoduan jazotako gertakariekin ehunka elezahar sortu dira, horietako zenbait umeekin lotutakoak. Haren omenezko jaieguna abenduaren 6an ospatzen da.

Hauen zaindaria da: okinak, upelgileak, nabigatzaileak, haurrak, garagardogileak, andregaiak, presoak, txalupa-zainak, farmazialariak, arrantzaleak, epaileak, zamaketariak, dontzeilak, merkatariak, dendariak, pastelgileak, abarkagileak, zerri-zainak, ezkonberriak, langileak, mailegu-emaileak, erromesak, txiroak, marinelak, ikasleak, zapata-garbitzaileak, ezkongabeak eta bidaiariak.

Grezia eta Errusiako zaindaria da eta baita beste herrialde batzuetako eskualde askokoa ere, besteak beste: Lorena, Sizilia, Napoli, Campen (Holanda), Fribourg (Suitza), etab.

Helburu hauekin deitzen da: haurrak babesteko, presoak askatzeko, naufragio edo lapurretak saihesteko, lapurrak atzemateko nahiz epaiketa bidegabe eta lekuko faltsuen aurka egiteko. Halaber ezkondu nahi duten emakumeek San Nikolasi egiten diote erregu.

Gaztelaniaz horrela esaten zen: "San Nicolás de los vinos agudos, treinta vecinos, los veintinueve cornudos". Hori horrela azaltzen da: "San Nicolás de los Vinos Agudos" izeneko balizko herri batean 30 biztanle bizi zirela esaten zen, horietako bat apaiza.

Egun ezagutzen dugun Santa Clausera iristeko (gogoratu aurrez San Nikolas izan zela) esparru grafikoak esku-hartze erabakigarria izan zuen, Thomas Nastek marraztutako Aita Noelen lehen irudiekin, 1860-1880 bitartean argitaratu zirenak Harpe?s izeneko Iparramerikako aldizkarian. Bertan jadanik larruzko jantzi gorria darama. Beranduago, Coca-Cola enpresak Habdon Sundblom marrazkigileari pertsonaia berriz marrazteko eskatu zion. Hark itxura gizen eta alaia eman zion, eta Coca-Colaren irudi korporatiboan ageri diren kolorez margotu zuen.

Levi-Straus antropologoaren esanetan, Europako Bigarren Gerraren ostean, Marshall planak, era berean, Aita Noelen irudi komertziala Europa osoan barreiatzen lagundu zuen.