Kontzeptua

Erromanizazioa

Bertakoak ez ziren erromatarren gizartean era bakar, homologatu eta orokorrean sartu. Ez ziren berdin sartu herrietako goi mailakoak, mendi aldekoak, gudariak, zerbitzariak, gizonak eta emakumeak. Bai, hala da: ez da harrigarria generoak erromataratze prozesu horretan ere izan zuen aldea. Izan ere, bertako goi mailako gizasemeak izan ziren erromatar boterearen egituretan sartu ziren lehenbizikoak: hasieran, erromatar agintearen pean lurraldeak administratzen jarraitu zutelako, eta geroago hiritarren gobernu organoetako partaide izan zirelako, erromatar erakundeak imitatuz. Horri dagokionez baliabide eraginkorrenetako bat bertakoei hiritar eskubideak ematea izan zen, hala Erroma edo Italian jaiotakoen pare izatea lortzen baitzuten.

Vespasiano enperadoreak, Ius latii (zuzenbide latindarra) hedatu zuen Hispanian 73-74 urteetan. Emakida horien ondorioz, Hispanian Vespasianoren ediktuaren onuradun suertatu zen edozein hiri, zuzenean komunitate latindarra bihurtu zen; ondorioz, estatutu pelegrinoa izateari utzi eta antolamendu juridiko erromatarra izatera igaro ziren. Atxikitako kokaleku horietako nagusiek, erromatar hiritarrak izateko, udalerrian magistratu izan behar zuten: civitas per honorem; hala erromatar eskubideak eskuratzen zituzten erabat. Caracallak 212an Inperioko gizon guztiei erromatar eskubidea eman zien.

Erromatar hiritartasuna eskuratzeko beste modu bat erromatarren gudarostean sartzea zen. Jakina da baskoi eta barduliarrak gudariak izan zirela erromatar gudarostean tropa osagarri gisa. Tazitok bere Historietan (Historiae) azaltzen du Galbak baskoi kohorte batzuk errekrutatu zituela Hispanian (K.o. 60-68 inguruan), eta horiek Rhinera eraman zituztela Julio Civilis-en errepresioan parte hartzeko. Tropa baskoiek ikaratu egin zuten etsaia (beharbada zalaparta eta iskanbila batean hasten zirelako borroka egiten), eta hauen presentzia erabakigarria izan zen gudan garaipena erdiesteko; izan ere, eginak civium romanorum (Erromako hiritar) titulua ekarri zien sari. Erromatar kohorte bakoitzak 600 bat gizon zeuzkan, eta Tazitok kopuru zehatzik ematen ez badu ere, plurala erabiltze horrek hiru edo lau zirela adieraz dezake; hala, 1.800 edo 2.400 bat gizon errekrutatu ziren. Hori gizon kopuru handi samarra da, garai hartako biztanleria parametroen barnean. Trajanoren garaian baskoi kohorte bat eraman zuten Britaniara -cohors II vasconum civium romanorum-, eta hantxe segitzen zuen Trajanoren ondorengo Hadrianoren garaian ere.

Beste inskripzio batek Britannian cohors II vasconum equitata-ren prefektu eta geroago Mauritania Tingitanan legio II Augusta-ren tribuno izandako pertsona bat gogorazten digu (Hori guztia lizentziamendua zela-eta Erroman lagatako "diplomata militaria" horiei esker dakigu: cfr. CIL, XVI, 51 eta 69, hain zuzen 105eko urtekoak -Trajano- eta 122koak -Hadriano.), eta beste batek, Germaniako Nemaususekoa hau, L. Scimmius Aemilius aipatzen du, Vasconum civium romanorum II. kohorte hispaniarraren prefektua. Era berean, Britanian (High Rochester) egoitza zuen Vardulorum I Cohorte baten berri ere badugu, Septimo Severoren garaian (K.o. 210/211), cohors I fida vardulorum civium romanorum izena eskuratu zuena, haien fideltasuna zela-eta lizentziatzerakoan erromatar hiritartasun-adierazgarria lortu zuten seinale (Roldán, 1974, 145. or). Tropa horiek Erromaren armadan sartzea funtsezko gertakaria da, zeren eta lizentziatu ondoren itzuli zirelarik, gizon horiek beren herrian Erromako ideiak zabaltzeko bide izan ziren.

Erromatar Enperadoreak
Hemen erromatar enperadore nagusien zerrenda selektibo bat ematen da
Augusto (Imperator Caesar Augustus)K.a.27-K.o.14
Tiberio (Tiberius Caesar Augustus)K.o.14- K.o.37
Klaudio (Tiberius Claudius Caesar Augustus Germanicus)41-54
Neron (Imperator Nero Claudius Caesar Augustus)54-68
Galba (Ser. Sulpicius Galba)68-69
Vespasiano (Imperator Caesar Vespasianus Augustus)69-79
Tito (Imperator Tius Caesar Vespasianus Augustus)79-81
Domiziano (Imperator Caesar Domitianus Augustus)81-96
Trajano (Imp. Caesra Nerva Traianus Augustus)98-117
Hadriano (Imp. Caesar Traianus Hadrianus Augustus)117-138
Antonino Pio (Imp. Caes. T. Aelius Hadrianus Antoninus Pius)138-161
Marko Aurelio (Imp. Caes. M. Aurelius Antoninus Augustus)161-180
Septimio Severo (Imp. Caes. L. Septilius Severus Pertinax Augustus193-211
Karakala ( Imp. Caes. M. Aurelius Antoninus Augustus)198-217
Diokleziano (Imp. Caes. C. Aurelius Valerius Diocletianus Augustus)284-305
Konstantino ("Handia") (Flavius Claudius Constantinus Augustus)307-337
Teodosio (Flavius Theodosius Augustus)379-395
Honorio (Flavius Honorius Augustus)384-423