Kontzeptua

Erromanizazioa

Testuek eta arkeologi hondarrek erakusten dutenaren arabera, gaur egungo Euskal Herriko lurraldea agian Ponpeio eta Zesarren garaietan menderatu bazuten ere, Augustoren garaian hasi zen erromatar inperioaren antolamenduan sartzen. Estrabonek Tiberioren agintaldian zehar amaitu zuen bere obra, eta berak idatzi zuenaren arabera Tarraco-tik (Tarragona) abiatzen zen bidea- hots, probintzia hiriburutik- , Ilerda (Lleida) eta Osca (Huesca) hirietatik zehar igaroz Oiasso-raino heltzen zen. Bide honek Mediterraneoa eta Atlantikoa lotzen zituen, biderik motzena eginez, urte batzuk geroago Pliniok esan moduan lurraldea bi itsasoren arteko ziri gisa estutzen den lekuan (NH III. 3.29). Ebroren haraneko bidea izan zen kolonizazio-ardatz nagusia Oiasso inguruan, eta horri emandako bultzada Augustoren erregimeneko jarraibideetako bat izan zen.

Oiassora iritsi eta internum et externum itsasoak lotzen zituen lehen mailako bideak zerikusia izan zuen, itxura, Aiako Harriko zilar ustiategiekin. Erromatarren meatzaritza-lanen hasiera ere Augustoren erregimeneko ekimenen testuinguruan kokatu behar dugu. Izan ere, bide horrek lehorreko irteera bat ematen zien metal preziatuenei; beruna eta burdina, aldiz, batez ere itsasoz garraiatzen zituzten.

Hasieran integrazio hori militarra izan zen, horren adierazgarri dugu Donibane Garazi ondoko Saint-Jean-Le Vieux kanpamendua, eta Oiasso bera; bertan badirudi Legio VI.arekin lotuta dauden aztarnak aurkitu direla duela gutxi (Alkain, 2010).

Monedas

Augustok inauguratutako dinastiako hurrengo enperadoreekin, Tiberio, Kaligula, Klaudio eta Neronekin, gero eta lurraldearekiko interes handiagoa igartzen da. Etapa horretan sortu zituzten arrain-kontserbarako faktoriak, cetaria-k alegia, bai Lapurdiko Getariakoa bai, seguruenik, Gipuzkoako Getariakoa ere. Baina erromatar kolonizazioaren bultzada handia hurrengo dinastiarekin etorri zen, flaviotarrekin, alegia (Vespasiano, Tito eta Domiziano).

Vespasiano enperadoreak, Atlantiko aldea zuzenean ezagutzen zuelarik, Klaudioren agintaldian zehar Britanniaren konkistan parte hartu baitzuen, oro har Hispania bultzatu zuen, eta bereziki Kantauriko itsas hegiko lurraldeak. Ius latii (zuzenbide latindarra) eman zien Hispaniako probintzietako gizon askeei, udalerriak sortzea bultzatu zuen, eta erromatar hiritartasuna eskuratzea erraztu. Kantauriko kostaldean, Oiassotik 140 km mendebaldera, Castro Urdialesen, Flaviobriga kolonia sortu zen.

Gure aroko lehen mendearen amaieraz geroztik, kostaldea establezimenduz josita ageri zaigu; jada aipatutako Irun eta bi Getariari, Hondarribia, Pasaia, Donostia, Zarautz, Ondarroa, Lekeitio, Portuondo, Forua, Bermeo, Bilboko inguruak eta Plentzia gehituko zaizkie. Eta seguruenik hurrengo urteetan beste kostaldeko toki asko gehituko zaizkie, Izan ere, erromatarrei buruzko lekukotasun arkeologikorik eza aurkikuntza faltaren ondorioa izan daiteke besterik gabe, eta ez benetako lekukotasun faltaren ondorioa.

Getariak, esan dugun moduan, arrain-kontserbarako faktoria bat du sorburu, cetaria bat alegia (Antzeko etimologia bat defendatzen da Galiziako Catoira, Siziliako Cetaria, Tajoren estuarioko Cetobriga edota Campaniako Cetararako). Industria hauek antolatzeko aska sail bat prestatzen zuten; hauetan hartzitzen zuten arraina hainbat gatz geruzarekin, hainbat pasta mota prestatzearren. Horietan estimu handiena zuena garum izenekoa zen, plater askotako gozagarri gisa erabiltzen zuten eta; eta Asiako hego-mendebaldeko kulturetan mantendu da, Kanbodian, Vietnamen... Jaime Rodríguez Salisek etnografia konparatuko eta arkeologia esperimentaleko azterlan bat egin zuen, eta honetan erromatarren arrain-pasta eta -saltsa mota desberdinak identifikatu zituen (Rodríguez Salís, 2003, 11.-15 orr.). Lapurdiko Getarian tren geltoki zaharraren ondoan agertu ziren I. Mendearen erdialdeko aska horiek, bertan botatako zaborrez goraino beteta. Data horretan, faktoria suntsitu eta abandonatu egin zuten; ez dakigu, baina, zer arrazoi izan zen horretarako.

Barrengo aldean, Pompelo eta Veleia ziren bide sareko gune estrategikoak, hain zuzen ere aipatutako Tarracotik Oiassora bitarteko bidearen eta Ibañetatik Pirinioak zeharkatzen zituen Ab Asturicam Burdigalam izeneko bidearen ondoan zegoelako. Azken bide hori Araba eta Nafarroatik zehar zihoan, eta bertan beste zenbait kokaleku erromatar ezagutzen dira: Suesatio, Tullonium, Gebala, Alba, Aracelli eta Itourisa.

Gure aroko II. mendea dugu, ostean, erromatar okupazioak gure lurraldean izandako hazkunde eta garapen goreneko epea. Eta oro har bat dator dinastia antoninotarreko enperadoreekin eta aurrekoekin (Nerva, Trajano, Hadriano, Antonino Pio, Marko Aurelio eta Komodo). Baina hazkunde aldi hori ez zen soilik aztertzen ari garen espazio honetan gertatu; hedapen orokorra izan zuen, eta horretan zehar Erromatar Inperioak bere hedapen geografiko handiena erdietsi zuen, Britaniatik Eufrates ibairaino eta Daziatik -Danubion- Saharako basamorturaino. Gainera, ekonomian ere oparoaldia etorri zenez, eskualdeetako ekonomiek aurrera egin ahal izan zuten, mugez barneko bake testuinguru batean.

Giro horretan, Aizkorriko leku ezkutuenetan eta artzain guneetan ere badaude erromatarren bizimoduaren aztarnak. Horren seinale, terra sigillata motako mahai gaineko baxerak: oso baxera zaindua, Arezzo eta Pisan egina eta Galiatik igarota (bertara joan baitziren lehenbizi Arezzo eta Italiako buztinlariak) Hispaniara erromatarrek eramana; Hispanian buztin-tailer nagusiak Tritium Magallumetik hurbil jarri ziren, Najeraren ondoan, eta Citerior probintzia osoa hornitzen zuen, iberiar penintsulatik atzerrira ere saltzen zelarik.

Eskura ditugun datuak oraindik zehatzak ez badira ere, badirudi Goi Inperioko hurrengo eta azken dinastiarekin, severotarrekin (Septimio Severo, Karakala, Eliogabalo eta Severo Alexandro), aldaketa batzuk hasi zirela; horiek hurrengo mendeetan agertu ziren askoz ere argiago. Hain zuzen ere Oiassoko portuan neurtzen da ondoen jarduera ekonomikoa zeramika inportazioen bidez. Ikusten da epe horretan iritsi zirela Afrika iparraldetik sukaldeko produktuak.

Ez dira bakar-bakarrik Oiassoko portuak egiten dituen inportazioak, baizik eta Afrikako probintzien nagusitasun orokorraren adierazgarri bat, dinastiaren sorburu afrikarrak berak babestua eta sustatua (Septimio Severo, fundatzailea, Leptis Magnakoa zen), eta ia-ia inperioko geografiako bazter guztietan ikusten den bera. Hala ere, urruneko harreman komertzialen une hau gainditurik, badirudi portua halako lozorro suerte batean sartu zela, eta jarduera une jakin batzuk izan zituela, erabat abandonatu aurretik.

Oiassoko hiri eremuko beste espazio enblematiko batzuetan ere agerikoak dira gainbeheraren adierazle hauek. Termak abandonatuta daude, eta IV. mendean erabilera prekario batzuk eman zizkieten atzera; eta Santa Elenako nekropolian gauza bera gertatu zen bertako eraikin garrantzitsuenen kasuan.

Calzada

III. mendeko krisialdi deritzona dugu, epe zeharo gorabeheratsu baten emaitza, egoera horren erantzulea: epe horretan zehar, Inperioko lehen bi mendeetako hazkunde eta ongizate ekonomikoa bultzatu zuten bake baldintzen ondotik, eta severotar dinastiako azken enperadorearen hilketaren ondoren, enperadore segida amaigabe bat etorri zen, bere intriga, hilketa, purga, borroka armatu, izurrite hilgarri, inbasio eta istiluekin. Baina III. eta IV. mendeetan Oiasson gertatzen zena gertatzen zela, ez zen Getaria, Zarautzen, Veleian edo Bainonan berdina jazo. Aitzitik, eskura ditugun datuek erakusten dute aztarnategi horietan mende horiek direla, hain justu ere, garapen handienetakoak. Veleian eta Baionan erromatar kokalekua gotortzeko lan itzelari ekin zioten, eta dirutza kosta zitzaien gotorlekua eraiki zuten. Veleiako harresiak 11 ha. zituen, eta Baionakoak, berriz, 5 ha.

Testuinguru horren beste adierazgarri bat Oiasson aurkitzen da: III. mendeko krisiak besteak beste meategi ustiapenaren krisia sortu zuen. Oiassoren oinarria Aiako Harriko meategi garrantzitsuak ziren, eta bertako produkzioa agortu zelarik, asentamenduak galdu egin zuen bere izaera komertzial eta hiritar hori, eta bertako jarduera ekonomikoak izugarri murriztu ziren. V. menderako ia-ia erabat abandonatuta zegoen, antza.

Zarautz eta Getariak, kostaldeko beste toki batzuek bezala, mende horietan zehar eutsi egin zioten itsasoari lotutako dinamikari. Are gehiago, Diocleciano enperadorea zelarik, III. mendearen amaierako berrantolaketa administratiboaren testuinguruan, aurrerapen aukerak ere izan zituzten, antza, harreman politiko eta administratibo estuagoak formalizatu baitziren orduan Iberiar penintsulako iparreko kostaldearen eta Akitania, Galia, Britania eta Germaniako kostaldeen artean; eta horrek guztiak halako oparoaldia ekarri zuen Hispaniako probintzietara IV. mendean zehar.

Novempopulania izeneko probintzia ere berrantolaketa administratibo horren eraginez sortu zela uste da; 9 herrik osatua zen, eta Akitaniako Galoetatik bereizirik zegoen. Hasparneko inskripzioaren arabera, Verus izeneko kargu publiko handia zuen gizaseme batek burutu zituen kudeaketa lanak enperadorearen aurrean. Probintzia berri horretan bizi zen Tarbelloen herrialdea, eta hiriburuak Aquae Augusta izena zuen.

Dioclecianok eragindako berrantolaketak, alegia, probintzia kopurua handitzeak eta Diozesiak ezartzeak, berrantolaketa militarra ere eragin zuen. Hispanian legio bat zegoen, Leonen kantonatutako Legio VII Gemina, eta horrez gain 5 kohorte. Horietako batek Veleian zuen egoitza, I Gallica izenekoak.

Behe inperio garaiko mendeek, lurralde antolamenduari dagokionez, erromatar kolonizazioaren hastapen, finkatze eta abiatze prozesuen aldean jokaera ezberdinak izan zituzten. Gainera, bada kontuan izan beharreko gertaera bat: haitzuloak okupatu ziren.

Behe Inperioaren garaiko lekukotasunak errepikatu egiten dira Gipuzkoa, Nafarroa, Bizkaia eta Arabako haitzuloetan, eta kareharrizko mendiguneak dauzkaten beste ingurune menditsu batzuetan ere bai. Horiek azaltzeko unean, argudiatu ahal da babes bila ibili behar izatearen ondorioa direla, epe horretan ezegonkortasun handia baitzegoen, edota artzainen okupazioak direla. Dena den, IV. mendea, dagoeneko esan moduan, garai egonkor eta baketsua izan zen Hispanian (Arce, 1994) eta haitzuloetako batzuetan artzaintzarekin lotutako elementuak agertu badira ere, txintxarriak esaterako, badira horiek azaltzeko beste aukera batzuk. Euskal mitologian bertan haitzuloko kultuen interpretazioek modua ematen digute, hala ere, emankortasunarekin lotutako liturgiak zirela pentsatzen segitzeko. J. J. Satrustegik dioenez (VV.AA., 1997, 66. or.), haitzuloa da lur barneko santutegirako berezko sarrera, eta zeruak lurra ernaltzen duelako nozioari lotuta daude haitzulo-santutegiak; horretatik sortzen da "monumentu hauetan antzina garatzen ziren emankortasun kultuen liturgia".

Erromaren boterea indarrean egon zen azken mendeari buruzko analisia, Iberiar penintsulari dagokionez, ikuspegi apokaliptiko batetik egin izan da oro har, eta horren arabera barbaroek kaosa eta izua zabaldu besterik ez zuten egiten. Baina, azken azterketek erakusten dutenez, V. mendea trantsizio mendea izan zen, gizartea, eta egitura politiko, administratibo eta ekonomikoa, hiria, eta erlijio sinesmen eta ohiturak aldatu egin baitziren, nahiz eta alderdi askotan jarraitasuna, iraunkortasuna eta irauteko joera ikusten den (Arce, 2005). Eta ikuspegi hori gure lurraldearen kasuan ere aplika daiteke, VI. eta VII. mendeetara luzatuta, gainera.

Bigarrenik, kostaldean aurkitutako datuak ere adierazgarriak dira. Hala, Zarautz eta Getariako eremu induskatuetan ikusten da okupazioak nabarmen egiten zuela atzera, eta habitat modu prekario gauzatu zirela; baina kostaldean badira oraindik indarrean dauden urruneko merkataritzaren loturen frogak. Ildo horretatik deigarria da Mediterraneo ekialdeko ardo anforak aurkitzea Bidasoaren bokalean, VI. eta VII. mendeetan datatuak, (Benito, 1989, 123.-163. or). Anfora horiek zail dira interpretatzen, batez ere urpeko lanetan berreskuratu direlako eta beste inolako frogarik eskain dezakeen testuinguru arkeologikoa ere falta zaielako.

Edonola ere, gertakari horiek trafiko komertzial bat bazela dioten interpretazio berriekin lotu daitezke; horien arabera, neurriz txikia izan arren, epe horretan zehar bazen Konstantinopla ingurutik abiatzen eta frankoen erresumara iristen zen trafiko komertziala (Hodges, 2003).

Hirugarrenik, aipagarria da 1995ean Azkoitiko Iraurgiko San Martin ermitako indusketetan agertu ziren kutxen multzoa, errausketa hondarrak zeuzkan hura (Urteaga, 1999, 22.-28. or.). Kutxa horiek egiteko, Bizkaiko golkoa motako erromatar garaiko zeramika arruntaren buztingintza tradizioari segitzen zioten zeramika oreak eta formak baliatu zituzten. Bizkaiko golkoa motako zeramika arrunta da Gipuzkoako aztarnategietako arkeologi erregistrorik ugariena; horren ezaugarria neurri handiko inklusio ugariz prestatutako ore batez eginda egotea da, kuartzoak nabarmentzen baitira, Irun, Oiartzun, Bera eta Lesakako udalbarrutiei dagokien Aiako Harriko granitozko mendigunekoak. Zeramikaren manufakturan buztinezko txurroak erabiltzen dira, horiek azkenean eskuko tornua erabiliz moldatzen baitira, harik eta prozesu honetan behin betiko forma hartzen duten arte. Mota bakarrak platera, goporra, eltzea eta estalkia dira, eta elementu sorta murritz horren bidez betetzen dituzte mahai, sukalde eta ontzi beharrak. Forma aldetiko berezitasunen artean, eltzeetako ertz lauak nabarmentzen dira, uhin-formako ebaki paralelo sortaz apainduak berak; ebaki paraleloz osatu zerrendak ere ohikoak dira ontzien gorputzetan ere (Urteaga eta Amondaray, 2003, 59.-104. or.).

Forma aldetiko itxura alde batera lagata -erromatarren garaiko produkzio aipatu horiekin nahas daiteke-, deigarriena ehorzketen kronologia da, zeren eta VII. eta VIII. mendeen inguruan datatu baitira karbono-14 bidez. Errekuntzaren (edo errausketaren) erritua ez zen hilobiratzearen aurrean erabat desagertu kristautasuna iritsi zenean; biak izan ziren batera, harik eta VIII. mendearen amaiera inguruan (775-790eko urteetan) errekuntza legez kanpo utzi zuten arte Karlomagnoren De partibus Saxoniae kapitularraren bidez; horren xedea saxoniarrak zapaltzea zen, orduko enperadore karolinjioaren etsaiak baitziren.

Eta azkenik, castella izenekoak. Azken urteotan beste eredu bat ote zegoen proposatu da: lautadetan zeuden hiriak utzi eta haien inguruan goi aldean zeuden lekuetara joan eta gotorlekuak eraikitzen zituztela dioena. Gotorleku horiek erakunde funtzioak hartu zituzten, eta erdi aroan berezko nortasuna izan zuten.