Kontzeptua

Erromanizazioa

Badirudi baskoiek okupatzen zituzten lurralde hauen gaineko nagusitasuna Mesalla Corvinus-ek K.a. 28 edo 27an Pirinioez bestaldeko lurraldeak, Akitania alegia, "baketu" edo menderatu zituen garai berean, edo ondoren, gertatu zela, Augustoren garaian.

Hala, kantabriar eta asturiarren aurkako kanpaina militarren atzeguardia antolatu ahal izan zen, bereziki Agriparen agindupeko flotarena. K.a. 19an Kantabriar Gerrak amaitu ondoren erromatarrak gure lurretan finkatu ziren. Gerra honetan lortutako garaipenarekin Erromak Iberiar Penintsula menperatu zuen, eta ondorioz II. Gerra punikoa zela-eta bi mende lehenago hasia zuen konkista burutu zuen.

Puente

Iberia konkistatzea nekeza izan zen, oso luze jo baitzuen, Galietako konkistaren aldean. Galian agintea Julio Zesarrek izan zuen, eta hamar urte baino gutxiagotan lortu zuen garaipena (K.a. 58tik 51ra). Erromatarrak Ampuriasen lehorreratu zirenetik Kantabriar gerrak amaitu ziren arte doan tarte luze horretan (K.a. 218. urtetik K.a. 19. urtera), badira zenbait gertaera adierazgarri Erroma eta Euskal Lurraldeen arteko harremanei dagokienez. Hala bada, K.a. 178. urtean Gracurris (Alfaro) fundatu zuten, eta hiri hau zenbait mende geroago hiri baskoien artean zerrendatu zen; K.a. 70. urtean, berriz, Iruña sortu zuten. Azken honi buruz aipamen berezia egingo dugu, izan ere, batetik, gertaera hori menderatze prozesuan inflexio-puntua izan liteke, eta bestetik, garai hura azaltzeko hartutako bide historiografikoen adierazgarri garbia da.

Inflexio puntua da, izan ere Iruña zenbait gudaren ondorioz sortu zen, ez ordea konkistarekin jarraitu nahian Senatuak emandako agindu bat zela-eta. Sertoriok gidaturiko matxinada militar baten ondorioz baizik (Hispania Citeriorreko gobernatzaileak, alegia). Sertoriok Silaren gobernua legez kanpokotzat zuen, eta Hispaniako zenbait lurraldetan indarra hartu zuen, batez ere Ebro Bailaran. Estatu paraleloa sortu zuen, eta iberiar herriekin harremanak izan zituen, harik eta K.a. 76. urtean Pompeyo Hispaniara etorri arte, azken horrek zenbait operazio militarren bitartez lurraldea menderatu baitzuen. Sertorio zenbait laguntzailek hil zuten K.a. 72. urtean, eta Pompeyok bere jarraitzailea garaitu zuen hilabete batzuk geroago.

Ingurune horretan Tito Liviok Baskoiak aipatu zituen, eta hori da beraiei buruz dagoen aipamenik zaharrena. Tito Liviok Augustoren garaian idatzi zuen, eta hartarako urte-liburuak erabili zituen. Horietan erromatar hiritarrek errepublika garaian zituzten jarduerak erregistratzen ziren, eta kasu honetan Sertorio garaiko gudak aipatzen zituen. Tito Liviok berez ager vasconum aipatu zuen, baskoiak bizi zireneko lurraldearen zati bat.

Salustiok ere, K.a. I. mendeko beste historialari batek, (Salustio), adierazi zuen Pompeyoren gudarostea baskoien lurraldeetara joan zela gariz hornitzeko (K.a. 74-75eko neguan). Estrabonek (III,4-10) aurrerago esan zuen Pompelo (Pamplona) hitzaren adiera "Pompeiopolis" zela (Pompeyoren hiria), eta baskoiena zela. Hortik ondorioztatu da bertan ezarri zuela bere kanpamendua, eta horren kariaz eta baskoiekin zuen adiskidetasuna zela-eta Pompelo sortu zuela (Pamplona deritzona). Dena den Iruñaren jatorriari buruzko zalantza oraindik argitu gabe dago, nahiz eta gehienek uste duten Pompeyoren esku-hartzearekin zerikusia duela (Armendáriz, 2005, 41-64 orr.).

Puente

Dena den, Pina Polok (Pina Polo, 2009, 195-214 orr.) adierazi duen bezala, ez da inon ageri Pompeyok lurralde baskoian zegoen bitartean (K.a 75-74an) sortu zuenik Pompelo. Berak dioenez "aukera handiagoa dago fundazio hori (baldin eta gertatu bazen) Ka. 72-71 urteetako guda bukatu ondoren egina izateko" .Gainera adierazi du ez dagoela frogatuta Baskoiak Erromaren aliatuak zirenik edo Pompeyori Erromaren aurka egiten lagundu ziotenik. Are gehiago, berak dioenez aurkakoa izan zen, Pompelo etsaiaren gainetik gailenduta sortu zen, ez zen Baskoiei emandako saria, ezta gutxiago ere, zigorra zen.

Kontua da erromatarren arteko borroka batean baskoiak ageri zirela tartean. Pompeyoren gudarosteak berriz borrokatu ziren Hispanian beste gerra zibil batean, oraingoan Julio Zesarren gudarosteen aurka, eta Sertoriorenean ez bezala, galdu egin zuten.

Pirinioetatik harantzago, Galiaetako gudan, Crassus-ek, Zesarren ordezkariak, Akitania menderatu zuen K.a. 56-55an. Aurrerago M. Vipsanio Agripparen eta M. Valerio Messalla Corvinoren agindupeko bake kanpainak etorri ziren (c. 38 a.C.eta c. 28 a.C hurrenez hurren).

Azken batean, ez omen zen baskoien aurkako gerrarik izan. Are gehiago, Agriparen flota Akitaniako itsasertzetik Kantabrian zehar abiatu zen, eta kostan lehorreratu zen, inork oztoporik sortu ez ziolarik. Izan ere, lurralde haietako herriek ez zituzten Augusto eta bere legioak aztoratu, kantabriar eta Asturek ez bezala. Behin Kantabriar gerrak bukatuta, K.a. 19. urtean, baskoiak erabat sartu ziren erromatar administrazioaren egituran. Baskoiek ez zituzten erromatarrak larritu hurrengo laurehun urteetan, gutxienez K.o. VI. mendea arte.