Arkitektoak

Redón Huici, Fernando

Nafarroako arkitekto garaikidea. Iruña, 1929.

Iruñako Anaia Maristen Eskolan egin zituen batxilergo ikasketak. Arkitektura-ikasketak, berriz, Bartzelona eta Madrileko goi-eskolan burutu zituen. 1957an eskuratu zuen titulua Madrilen eta 1968an doktoratu zen.

Bere egiletasuna dute Casa Huarte eraikinak eta Iruñako Behe Nafarroako etorbidean kokatzen den "Las Hiedras" eraikinak (1959). Halaber, berak diseinatuak dira Torres de Huarte entzutetsuak (1963). Azken hori izan zen Iruñako III. Zabalgune izenez ezagutzen denaren lehen eraikina eta Javier Guiberten lankidetzarekin burutu zuen, Ultzamako Golf-zelaia bezalaxe (1964). 1965ean Nafarroako paper-fabrikako etxebizitzak eraiki zituen Zangozan; 1967an, berriz, Iruñako Juan XXIII egoitza eta Elcano Errehabilitazio Zentroa (1968). Hurrengo urteetan bigarren Casa Huarte eraiki zuen Manga del Mar Menor itsasertzean (1969), Olaztiko Porlan fabrikako Kontrol Zentroa (1972) eta, barne-arkitekto modura, negozioetara bideratutako hainbat lokal Iruñan (1973) Manuel Sagastumeren lankidetzarekin (1979. urtera arte luzatu zen lankidetza). 1992an Sevillako Erakusketa Unibertsalean Nafarroako pabiloia eraiki zuen eta 1996an Iruñako Alde Zaharra oinezkoentzat prestatzeko obrak proiektatu eta zuzendu zituen. Halaber, berak egina da Aiegiko Pago de Larrainzar (2002) upategia.

Kargu instituzional eta akademiko ugari bete ditu. 1979an Nafarroako Gobernuko Kultura Saileko aholkulari izan zen eta, gerora, Vianako Printzea Instituzioko zuzendaria. Azken horretan Nafarroako Jaialdiak abiaraztea bultzatu zuen Erriberrin. 1983an Kultura Ministerioko aholkulari izendatu zuten eta, urte hartan bertan, Nafarroako Unibertsitateko Arkitektura Eskolan sartu zen Proiektu irakasle gisa. 1990. urtera arte bete zuen irakasle kargua. 1997-2006 artean Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Kontseiluko presidente izan zen.

Horrez gain, Redon argazkilari (1979an Nikon Nazioarteko Argazkilaritza Lehiaketan bigarren saria eskuratu zuen, Japonen) eta diseinatzaile grafiko bikaina da. Laurogeiko hamarkadan natura eta artearekin lotutako argitalpenen diseinatzaile eta editore modura lan eskerga egin zuen. Gainera, hainbat katalogoren egilea da eta Nafarroako ondare artistikoko erakusketa anitzetako komisario ere izan zen. Esparru horretan hauek argitaratu zituen:. Navarra: Guía ecológica (1980), Fernando Perez Olloren lankidetzarekin eta, Paseos naturalísticos, Perez Ollo eta Jesus Eloseguiren lankidetzarekin; 1982an Aralarreko erretaula eta Nafarroako beste esmalte batzuk erakusketako komisario izan zen eta urtebete beranduago (1983) Leireko arkatxoa eta Nafarroako erdi aroko beste eskultura batzuk erakusketako komisario; Navarra: Historia y Arte liburua (1984) diseinatu zuen Asuncion Orbe eta Fernando Perez Olloren lankidetzarekin eta, bi urte beranduago (1986) El parque natural pirenaico en Navarra: Larra-Belagua diseinatu zuen. 1986-1988 bitartean komisario lanak egin zituen "Nafarroako Urregintza, I eta II" erakusketaren bi edizioetan. Navarra desde el aire liburuko argazkiak bereak dira eta liburu horretako editore lana ere berak bete zuen.

2004an Kulturako Viana Printzea Saria jaso zuen.

Azken urteetan Fernando Redon pinturan ere aritu izan da: 2006ko otsailean "Olio-pintura" erakusketa zabaldu zen Iruñako zitadelan, berak egindako obrekin. Eta 2010eko maiatzean 20 akuarela jarri zituen ikusgai Desdire galerian "Iruñakoa betidanik" izenburupean.

  • ARRIETA, Ignacio, SARASA, Alfredo; ORBE, Asunción de. Guía de Arquitectura de Pamplona y su Comarca. Iruña: COAVN, 2006.
  • REDÓN, Fernando. El oficio de arquitecto. Iruña: Arkitektura Goi Eskola Teknikoa. Nafarroako Unibertsitatea, 1999.
  • FERNÁNDEZ SALIDO, Luis Manuel. Fernando Redón Huici. Arquitecto. Iruña: Nafarroako Gobernua, 2006.