Pintoreak

Peña Echeveste, Teresa

Pintore garaikidea. 1935eko uztailaren 31n jaio zen Madrilen. Villasana de Mena (Burgos) herrian zendu zen 2002ko uztailaren 25ean.

Lehen ikasketak Jose Camps pintore donostiarraren tailerrean egin zituen. 1954an San Fernando Arte Ederretako Akademian sartu zen eta 1959an Ikasketa Amaierako Sari Nazionala jaso zuen bertan. Bere prestakuntza osatzeko, pintura, murala, freskoaren teknika eta zaharberritzea ikasi zituen San Fernando Akademian bertan.

Europan jarraitu zuen prestakuntzarekin Erroman kokatutako Espainiako Akademiak emandako pentsio batekin. Hiri hartan lau urte eman zituen. Gainera, beste ikasketa batzuk ere egin zituen Belgika, Holanda, Frantzia eta Alemanian.

1965ean bakarkako lehen erakusketa egin zuen Madrileko Quixote Galerian eta ordutik etengabe aritu zen erakusketa bakarkako nahiz kolektiboak eginez: 1967an, beste pentsiodun batzuekin batera, herrialde ugari zeharkatu zituen (tartean, Estatu Batuak) pintura-erakusketa figuratiboan Espainia ordezkatu zuen (Erroma, 1968). UNESCO erakundearen Nazioarteko Erakusketan parte hartzeko gonbitea jaso zuen 1969an. Bilbon egindako lehen erakusketa 1971koa da, Illescas Galerian egindakoa. Beranduago, hiri horretan berriro jarri zituen bere lanak ikusgai: 1973an Arte Aretoan, 1977an Decar Galerian eta 1999an Lumbreras Galerian. Bere ibilbidean zehar Madril, Capri, Bartzelona, Donostia edota Zaragozan ere egin zituen erakusketak.

Maria Teresa Peñaren obra Museo, Instituzio eta Bilduma Partikularretan ikus daiteke, esate baterako, Madrileko Arte Garaikidearen Museoan, Bilboko Arte Ederretako Museoan, Donostiako San Telmo Museoan, Granadako Rodriguez Acosta Museoan eta Toledoko Museo Garaikidean.


Art Aretoa

Bere obraren lagin bat Euskonews aldizkariaren 147 zenbakiko Art Aretoa atalean ikusi ahal da.