Arkitektoak

Rodriguez Tizon, Ventura

Arkitektoa. Ciempozuelos-en (Madril) jaio zen 1717an eta Madrilen hil zen 1785ean.

Juvara, Sacchetti eta Marchand-ekin delineante gisa lan egin zuen, eta horietatik ikasi zituen ia gainditutako arte barrokoaren azken joerak. Akademiako zuzendari izan zen eta hainbat lan egin zituen Espainiako hiri ugaritan.

Iruñean, ura kanalizatzeko proiektuak Nafarroako hiriburua modernizatzen lagundu zuen. 1870ean François Gency ingeniari frantziarraren diseinua Akademiak baztertu ostean egin zen bere bisita. Eremua aztertu ostean, 1782an egin zuten plana, eta lanak 1783 eta 1790 artean egin zituzten, Angel Ochandateguik gidatuta. Multzo arkitektonikotik, batez ere, Noaingo akueduktua nabarmendu behar da, barrokoaren eta neoklasizismoaren arteko trantsizio-aldiko estetikako berezko estiloa baitu. 1800 aldean amaitu ziren arkitekto madrildarraren beste proiektu handi baten lanak: Iruñeko katedralaren fatxada berritzeko lanak, 1783an pentsatutakoa eta hau ere Ochandateguik zuzenduta. Zaragozako Pilar basilikaren eta aurreko beste eraikuntza batzuen ezaugarri artistiko antzekoak ditu.

Arkitektoaren kalitate estetikoak ildo artistiko desberdina sortu zuen Nafarroan, eta hori Anselmo Vicuña, Manuel Angel Chavarri eta beste batzuek jarraitu zuten. Bere estiloak, garaiko beste arkitekto batzuenaren antzera (esaterako, Justo Antonio de Olaguibelena, Gasteizko Plaza Berriko taila-lanak egin zituenarena), Karlos III.aren erregealdian, XVIII. mendeko barrokoaren berezko gehiegizko apaindura eta arte kargatuarengatiko zaletasunaren aurkako iraultza eta berriztapen handia ekarri zuen. Gipuzkoan aipatzekoa da Azpeitian Soreasuko San Sebastian elizaren atariaren trazadura, 1777an Francisco de Iberok gauzatutako proiektua. Bizkaian, berriz, Larrabetzuko Santa Maria elizaren trazadura nabarmendu behar dugu, hori ere 1777koa.

  • ALFARO FOURNIER, T. Vida de la ciudad de Vitoria. Madril, 1951. 194 or.
  • GOÑI GAZTAMBIDE, J. "La fachada neoclásica de la Catedral de Pamplona". Príncipe de Viana, 118-119, 1970. 5-64 orr.
  • MOLINS MUGUETA, J. L. Art. de Ventura Rodríguez, c. E. tv., IX libk. Iruña, 1990.
  • RIVAS CARMONA, J. "Notas para la arquitectura neoclásica en Navarra". De la Iglesia y de Navarra. Estudios en honor del Prof. Goñi Gaztambide. Iruña, 1984. 403-412 orr.
  • HAINBAT EGILE. El arquitecto D. Ventura Rodríguez (1717-1785). Madril, 1983.
  • YÁRNOZ LARROSA J. Ventura Rodríguez y su obra en Navarra. Madril, 1944.