Kontzeptua

Vasconum Saltus

Pliniok Vasconum saltus delakoari eginiko aipamenak Julio Caro Barojak, proposatutako hipotesi bat indartzeko balio izan du. Hipotesi horren arabera, Baskoniako eremuan, erromatar garaian elkarren aurkako bi errealitate geografiko eta kultural bizi ziren elkarrekin: ager eta saltus. Saltus isurialde kantabrikoko eremu basotsu eta ezin sartuzkoa zen eta klima atlantikoa zuen batez ere. Ager, berriz, arro mediterraneoko zereal-lurrek osatzen zuten. Han garatu zuten hirietan eta hirigunetan oinarritutako erromatarren kultura-eredua.

Historialari gehienen ustez, Vasconum saltus Tito Liviok gerra sertoriarren testuinguruan (K.a 77-76 urteak) aipatutako ager Vasconumen aurkakoa da. Julio Caro Barojaren proposamenari jarraitzen diote (Etnografía histórica de Navarra, I, Iruñea, 1971, 42. or.). Hark uste zuen izendapen bikoitz hori (ager/saltus) Baskoniako lurrak zati bat menditsua eta beste bat laua zituelako zela. Baskoiei eta haien ingurukoei eskainitako beste lan batean (Los vascones y sus vecinos, Estudios Vascos, XIII. liburukia, Donostia, 1985, 24 eta 27. or.) dio:

"garai bateko historialariek eta geografoek ideia garbia zuten baskoien lurraldeari buruz; elkarrengandik oso ezberdinak ziren bi zatik osatzen zutela, alegia. Hegoaldean, Ebro ondoan, lursail lauak zeuden, zerealak lantzeko egokiak eta Tito Livioren testu batean ager Vasconum esaten zitzaion lur horri. Baina ezagututako lehena den, lehen erreferentzia erromatarrena duen eta herritarren hainbat herrigune garrantzitsu zituen eremu horrez gain (...) baskoiak erabat ezberdina zen lurralde batean bizi ziren; saltus Vasconum izeneko lurraldean, hain zuzen. Saltus hitzak basoen lurraldea adierazten du; landa-larreak, toki basatiak eta hein batean beldurgarriak iradokitzen ditu (...). Baskoiak, beraz, eremu ezberdinetan, Ebroren ertzetik, ageretik, Ozeano ertzeraino zabalduta zeuden, Pirinioetako gailur elurtuetarako, saltusen. Zati horretan eremu handiagoa zuten hartuta".

Proposamen horrek jarraitzaile ugari du. Hona hemen horietako batzuk:

Perex Agorreta, Los vascones (El poblamiento en época romana), Iruñea, 1986, 68-69 or., lanean. Ager eta saltus bereizten ditu bi alderditan oinarrituta: toki batean eta bestean euskarazko antroponimoek zuten presentzia handiagoa edo txikiagoa eta erromatar garaiko eta erromatar garaiaren aurreko aztarnen urritasuna edo ugaritasuna. J.J. Sayas egileak saltus/ager dikotomia errepikatu zuen, hiriei ("Transformaciones urbanísticas de las comunidades vasconas" hemen: J. Santos (zuz.), Indígenenas y romanos en el norte de la Península Ibérica, Euskal Herriko Unibertsitateko XI. Udako Ikastaroak, Donostia, Euskal Herriko Unibertsitatea, 1993, 227-256 or., batez ere, 234. or.) eta toki bakoitzeko ekonomia motari erreparatuta: "Baskoien lurraldeak, ekonomiari dagokionez, bi eremu bereiz zituen. Zati bat lurraldearen hegoaldeko zatia zen, ager Vasconum izenekoa, zereal-, olio- eta ardo-nekazaritzaren inguruko ekonomia zuena. Besteak, iparraldekoa, saltus Vasconum izenekoa, eremu menditsu eta basotsua zen" ("El poblamiento romano en el área de los vascones", Veleia 1, 1984, 289-310 or., batez ere, 301).

F. Villarrek, esaterako, uste du "vasconum saltus Pirinioetako erdialdeko eta mendebaldeko bailarek osatzen zutela eta Oiartzun ingurua eta baskoiei esleitutako itsasertzeko zatia ere hartzen zituela" (F. Villar-B.M. Prosper, Vascos, celtas e indoeuropeos. Genes y lengua, Salamanca, 2005, 446. or.). R. Jimeno Arangurenek saltus definitzeko "lur ekonomikoak edo militarki estrategikoak" dio (Vascones y visigodos: análisis ius histórico de la organización militar, in Los Vascones, 254. or.). Esteban Moreno Rosanok arazoa laburtu zuen esanez "giza-talde batek, baskoiek, Liviok vasconum ager eta Pliniok saltus vasconum esaten zien regio bati ematen diote izena (Los vascones en la literatura romana tardía (IV-VII. mendea), in Los Vascones, 263. or.). Egile horren arabera, beraz, lurralde bati deitzeko bi modu dira.

Bestalde, binomio hori zalantzan jartzeko joera berria da; aurkako lehen arrazoiketa arkeobotanikaren arloko Maria Jose Iriarte Chiapusso ikertzaileari zor diogu. 1996an, Euskal Herriko Erromanizazioari buruzko 1. Nazioarteko Solasaldiaren harira, "El paisaje vegetal de la Prehistoria tardía y primera Historia en el País Vasco peninsular" (Isturitz 9, 669-677 or.) izeneko komunikazioa aurkeztu zuen eta horren bidez, modu irekian proposatu zuen "Euskal Herriaren ustezko eskualde-antolaketa ekonomikoa, eredu bipolar bati jarraituz, ager eta saltus ingurunean, erromatar garaian" eztabaida. Horretarako, hainbat ebidentzia arkeologiko aurkeztu zituen; tradizionalki saltus eremuaren zatitzat hartu izan diren tokian, penintsulako euskal lurraldeen isurialde atlantikoan, Burdina Aroko eta erromatar garaiko aztarnategietako hainbat erregistro karpologiko eta palinologiko. Aztarnategi horietan, erregistroek ziurtatzen dute erromatarrak iritsi aurretik, bertako herritarrak zereal- eta lekadun-nekazaritzan aritzen zirela eta baso-soiltzeen aztarnak eta paisaiaren antropizazio goiztiarraren beste adierazle batzuk ere badira. Datu arkeobotanikoen irakurketari esker baieztatzen du "Euskal Herriaren ingurunearen ikuspegi bipolarra eredu zurrunegi eta zehaztugabe baten emaitza dela: herrialde osoaren deskribapen geografikoari erreparatzen badiogu, mosaikoaren ikuspegia askoz zehatzagoa da...".

1999tik "Imagen histórica medieval de Navarra. Un bosquejo" (Principe de Viana 60, 401-458 or.) izeneko lanean, Angel Martin Duque egileak adierazten du latinezko ager eta saltus terminoen erabilera "erabilera antinomia historiografikoa" dela Saltus-ager binomioari buruz eszeptiko da, halaber, Juan Jose Larrea IV. mendetik XII. menderako Nafarroari buruzko azterlanean (La Navarre du IVe au XIIe siècle. Peuplement et société, Bibliothèque du Moyen Âge, Paris-Brusela, 1998, 119 eta hurr. or.). Argi azaltzen du garai bateko egileek ez zituztela inola ere bi terminoak lotzen, ez eta saltus eta ager elkarren aurka jartzen zituen ikuspegirik eskaini ere.

2003an, Alberto Perez de Labordak berrikuspen bat egin zion baskoien ager eta saltus gaiari "Los campesinos vascones" (Txertoa argitaletxea, Donostia, 162-165 or.) izeneko liburuan. Perez de Labordak alderatu zituen bi terminoak iturriek kategoria bera esleitzen dieten errealitateekin lehen aldiz; ager Lucanus, Stabiae, Iuliobrigensium, agri provincialis, colonialis eta beste batzuei buruz aritu zen, erreferentzia lurraldeari egiten diela adierazteko eta ez landu daitezkeen lur emankorrei. Afrika iparraldeko saltusen aipamenak ere adierazten ditu; baita ezaugarri bereziko lursail handien eta "udalerrien lur-mugetatik kanpo egon eta haien ordenantza propioak zituzten" jabetza inperialen aipamenak ere. Amaitzeko, adierazten du ez dagoela aurkakotasunik ager eta saltusen artean, "ereiteko moduko oso lur emankor baten eta artzantzarako bakarrik balio duten lursail basotsuen artean".

Koldo Larrañaga, 2008an ("Sobre usos del binomio ager-saltus y del término romanización en relación a los procesos de cambio vividos durante la etapa romana en el área circumpirenaica occidental", Veleia 24-25 or., Homenaje a Ignacio Barandiaran Maestu, 977-988 or.), saltus-ager gaiari buruz berrikuspen eta kritika kontzeptualaren ikuspegitik aritu zen. Lehenago aipatutako arrazoiketak biltzen ditu eta arrazoiketa historikoen gabezia adierazten du. Tito Livio eta Plinioren hasierako aipuak zerrendatzen ditu eta erakusten du saltus eta ager kontzeptuei egindako aipamenak bereiz egiten direla, bi terminoen arteko loturarik gabe, alegia; eta, azken finean, eredua eraikitzeko iturrien babesa bertan behera uzten du.

Azken finean, ez dugu uste testuak kontzeptuak elkarren aurka jarrita (saltus vs ager) interpreta daitezkeenik. Horrela, baskoietan elkarren aurkako bi habitat mota zeudela adierazten da. Testuek ez dute antinomia hori egiteko biderik ematen. Muturreraino behartuta eta testuingurua eta kronologia aintzat hartu gabe bakarrik ikus daiteke aurkakotasuna. Dualtasuna desegin egin daiteke, gainera, saltus terminoaren esanahitik abiatuta. Polisemia handia du eta, beraz, basoez gain, mendiko pasabideak edo mendateak, meatze-inguruak, jabetza inperialak eta autonomia administratiboa duten tokiak izendatzeko ere erabil daiteke.