Kontzeptua

Vasconum Saltus

Vasconum saltus Plinio Zaharrak Naturalis Historia lanean aipatutako termino bat da. Plinio Zaharra goi mailako funtzionario bat zen eta 79. urtean Vesuvio sumendiaren erupzioaren ondorioz hil zen. "La Hispania Citerior desde el Océano" izeneko 20. kapituluko Hispaniaren deskribapenari dagokion zatian ageri da (Naturalis Historia, IV. liburua, 110). "[Italiatik] gertuen dagoen kostaldea Hispania Ziterior zen, zehatz esanda Tarraconensis aldea" azalpenaren ondoren dago. Ondorengo esaldi honetan dago:

"a Pyrenaeo per oceanum Vasconum saltus Olarso Vardulorum oppida Morogi Menosca Vesperies Amanum portus ubi nunc Flaviobrica colonia".

"Pirinioetatik, Ozeanotik Vasconum saltus, Oiasso, barduliarren oppida, Morogoak (beste egile batzuentzako Morogi tokia izango zen), Menosca, Vesperies eta Portus Amanum, orain, Flaviobriga kolonia dagoen tokian. [Ondoren kantabriarrak etorri ziren 9 herrirekin]".

Ikus daitekeen bezala, Pirinioen eta Flaviobriga koloniaren arteko kosta kantauriarraren deskribapen bat da. Arkeologikoki Castro Urdialesen identifikatu da (J.M. Iglesias, 2005, "Establecimientos portuarios en el sector central del Mar Cantábrico", erromatar garaiko Mendebalde Atlantikoa Nazioarteko Biltzarraren aktetan, Pisa (2003), Espainiako Historia eta Arkeologia Eskola, Erroma, 107-122 or.). Kostaldearen 140 km inguru dira. Plinio kokaleku gotortuak (oppida), portu bat (portus), herri bat (Oiasso, K.o I. mendean Estrabonek polis izendatu zuen) eta per se nortasuna zuen saltus bat (Vasconum saltus) dituen gune geografiko bati buruz ari da.