Eleberria

Saizarbitoria, Ramon

EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.

Ramon Saizarbitoria Zabaleta Donostian jaio zen 1944ko apirilaren 21ean. Soziologoa lanbidez, Donostiako SIIS Dokumentazio eta Ikerketa Zentroko zuzendaria izan da, eta soziologiaren arloko liburu ugari argitaratu ditu. Bere lan ibilbideagatik Eusko Jaurlaritzako I. Sustatu Saria jaso zuen 1994an.

Joan den mendeko 60ko hamarkadan hasi zen literaturarekiko harremanak izaten: aurrena artikuluak idatziz; geroxeago, 1969an, Lur argitaletxea sortu zuen Gabriel Aresti, Mikel Lasa, Ibon Sarasola eta Arantxa Urretabizkaiarekin batera; eta urte horretan berean Egunero hasten delako bere lehen eleberria argitaratu zuen. Baita bere poema bakarrak ere: "Poesia banatua" (Euskal elerti 69, Lur, 1969).

Hurrengo hamarkadan, 70ekoan, Oh! Euzkadi literatura aldizkaria sortu zuen eta Ehun metro (1976) eta Ene Jesus (1976) eleberriak argitaratu zituen.

Handik aurrera, isilaldi luze batean murgildu zen harik eta, handik hemeretzi urtera, Hamaika pauso (1995) argitaratu zuen arte. Aro berri horretakoak dira Bihotz bi. Gerrako kronikak (1996), Gorde nazazu lurpean (2000) eta horretatik ateratako liburuki batzuk: Gudari zaharraren gerra galdua (2000), Rossettiren obsesioa (2001) eta Bihotz bi, hilobi bat (2001).

Gazte literaturaren barruan, Kandinskyren tradizioa eleberri laburra argitaratu zuen 2003an.

Saiakeraren alorrean, berriz, Mendebaleko ekonomiaren historia. Merkantilismotik 1914-era arte plazaratu zuen 1970ean, eta Aberriaren alde (eta kontra) argitaratu zuen 1999an.

Jasotako sariei dagokienez, IV. Rikardo Arregi kazetaritza saria jaso zuen 1992an eta euskal literaturako Euskadi Saria 2001ean, Gorde nazazu lurpean obragatik. Ene Jesus, Hamaika pauso, Bihotz bi. Gerrako kronikak eta Gorde nazazu lurpean obrek Narratibako Kritika saria jaso zuten.