Eskultoreak

Barros Fernandez, Enrique

Cimbran, 1905eko uztailaren 11n jaiotako eskultorea (Ourense). Sei hilabeterekin, Bilbora bizitzera joan zen. Bertan hil zen 1990an.

1923 eta 1924 urteen bitartean, Bilboko Arte eta Lanbide Eskolan ikasi zuen, eta bikain kalifikazioa lortu zuen Modelatuan. Gainera, Bilboko Arte eta Lanbide Eskolaren Lanbide Irakaskuntzan, Aipamen Berezia lortu zuen Eskulangintzako Modelatuan eta baita Lehen Saria ere, Modelatuan eta Naturalaren Figuran. Higinio Basterrarentzat lan egin zuen hainbat obratan, esaterako: Monumento a Martín Mendía, Monumento a los muertos de la guerra de Africa eta Homenaje a Regoyos. Horrez gain, lau metroko arranoa egin zuen Zornotzako txalet baterako.

1926an, azken unean atzerrian ikasteko arte-pentsioa lortzeko lehiaketa batean parte hartu zuen, Ourenseko Diputazioak antolatua. Beka lortu, eta Parisera joan zen. Obra bat aurkeztu zuen Madrilgo Palacio de Exposiciones del Retiro aretoan, Heraldo de Aragón egunkariak sustatutako erakusketa batean. Urtebete beranduago, Arte Ederretako Goi Eskolan ikasten hasi zen, eta Sigfrido obra egin zuen Ourenseko Diputazioaren enkarguz. 1929an, Julián Akademian izena eman zuen. Bouchard-en, Landowsky-ren eta Bourdelle-ren ikasle izan zen, eta Adolfo Echevarriaren eta Garavilla margolariaren ikaskide. Primer amor piezarekin, Ohorezko Domina lortu zuen Grand Palais aretoan ospatutako "Salón de la Societé des Artistes Français" erakusketan. Bilbon, Arana hotelean otordua egin zuten Barrosen omenez, eta ekitaldi horren ostean, hainbat herritara ikasketa bidaiak egin zituen: Italia, Belgika, Austria, Alemania, Ingalaterra eta Portugal. 1933an, Curros Rodriguez poetaren erretratua margotu zuen. 1935ean, Bilbotik Parisera bidaiatu zuen, baita Bruselasera eta Vienara ere, hiri horietan erakusketak egin nahi zituelako. 1937an, Parisen, "Euskal Artearen Erakusketan" parte hartu zuen, eta bi urte beranduago, Bilboko Carlton hotelean egindako erakusketan. 1943an, Obrero metalúrgico eta Monumento a José G. Barbón obrak egin zituen Verinen (Ourense), eta urtebete beranduago, Jose Irigoyen Igoa erremontistaren erliebea, Donostiako Urumea frontoiarentzat.

1946an, bakarkako lehen erakusketa aurkeztu zuen, Bilboko Alonso Etxean. 1947an, Errosario Santuaren Ama Birjina sortu zuen egur polikromatuan, eta urtebete geroago, Musa berria egin zuen Arriagaren Monumentuan, Durrio y Dueñasek egindakoa ordezkatzeko, Joaquin Zuazagoitia Bilboko alkatearen enkarguz. 1950ean, Luis Gana arkitektoarekin batera, Monumento a los Caídos de Bilbao egiteko lehiaketa irabazi zuen. Eskultura ugari egin zituen, besteak beste: Anunciación (behe-erliebea), Otxarkoagako elizarako, Luis Ganak 1962an proiektatua; Arsenio Merodiaren bustoa -Chiquito de Gallarta ezizenez ezaguna-, Bilboko Kirol Kluberako, 1973an; Otaegui doktorearen erretratua, Buenos Aireseko hirirako eta Martinez familiaren panteoia, Derioko Vista Alegre hilerrian. 1975ean, Arriagaren Monumentutik Musa Vestida obra kendu zuten, eta La Casillan behin-behinean kokatu. Beranduago, Bilboko Doña Casilda Iturrizar parkera itzuli zen obra. Egun, Abanto-Ibarran dago, Uribitarte pasealekuan hain zuzen ere, hiriko iturrietako baten erdialdean. Orduz geroztik, Bilbon gelditu zen, eta azken urteetan, pintura jorratu zuen. Bakarkako erakusketa bat egin zuen Bilboko Windsor galerian, 1972an. Juan Arosteguik aurkeztu zuen erakusketa, eta Luis Lazaro Uriartek eman zuen inaugurazio hitzaldia. "Escultura Vasca 1889-1939" erakusketan parte hartzeko aukeratu zuten, Bilboko Bankuaren San Nicolas Eraikinean egindakoa. 2003an, Bilboko Arte Ederren Museoak Barrosen obretako bat erantsi zuen bere bildumetan.

  • SÁENZ DE GORBEA, Xabier. Escultura Vasca 1889 - 1939. Bilbao Kutxak antolatutako erakusketako katalogoa. San Nikolas eraikuntza, 1984-1985.