Pintoreak

Barrueta Asteinza, Benito

Pintore bizkaitarra. Bermeon (Bizkaia) jaioa, Ertzilla dorrean, 1873ko martxoaren 21ean eta 1953ko abenduaren 5ean zendua.

Gizartean oso gutxi ezagutua izan da baina, halere, gure artean izan dugun pintore onenetarikoa izan da. Lehen urratsak Antonio Maria Lekuonarekin eman zituen. Bere aita egur zizelkaria izan zen. Pinturak erakarria, hainbatetan Bermeotik Sukarrietara oinez joaten zen udaran Adolfo Guiardek nola pintatzen zuen ikusteko. Gerora pintore handia izan zenari laguntza eman nahian, Bermeoko Udalak mila eta bostehun pezetaz hornitutako beka eman zion, urte beterako.

Esker onez, pintoreak, deboraren joanean eta behin pintore gisa izen handia zuenean, herriari La bendición de la lancha izeneko margolan aparta eman zion. 1893an Madrilera joan beharra izan zuen derrigorrezkoa zen soldadutza egitera. Arte eta Ofizio Eskolan ikasketak egiten ziharduen bitartean, une libreetan Pradoko Museora joaten zen hainbat margolan ospetsuren kopiak eginez. Pradon, bizitza guztian zehar hainbesteko eragina izan zuen Velazquez pintore sakontasunez aztertu zuen.

Bere betebehar militarretatik aske gelditu ondoren, Parisera joan zen, eta Picasso eta Van Dongen bizi ziren etxe berean bizi izan zen, Juan Gris, Durrio eta Juan Etxebarriaren adiskide bilatuz. Parisen hamaika urtez bizi izan zen. 1914ko Europako Gerra zela eta Bermeora itzuli zen, eta Itsas Eskolan eta Arte eta Ofizioetako Eskolan marrazketa katedra eskaini zitzaion. Bere garaian izan ziren euskal artistarik hoberenak lagun izan zituen eta Euskal Artisten Elkarteko kide izan zen. 1937an Gerra Zibilaren eraginez Frantziara jo behar izan zuen. 1938. urtean berriro ere bere jaioterrira itzuli zen, hamabost urte geroago zenduz.

Benito Barruetak honako erakusketetan parte hartu zuen: Udagoieneko Aretoa (Paris, 1907), Udagoieneko Aretoa (Paris, 1910); Euskal Artisten Erakusketa (Bilbao, 1913), Estetika Askea (Brusela, 1914); Euskal Artisten Erakusketa (Bilbao, 1917); Euskal Artisten Erakusketa (Bilbao, 1921); Paris 1921 eta Euskal Artisten Erakusketa (Bilbao, 1934).

Aparteko lanen artean, honako lau hauek azpimarra daitezke: Marcelina de Basañez; Naturaleza muerta; Rue Ravignan, eta Rincón de París, azken margolan hau Bilboko Arte Ederretako Museoaren jabetza da. 2008an Bermeon omenaldia eskaini nahian erakustaldia antolatu zen eta bere margolanetatik 22 aurkeztu ziren.

  • Arte y arquitectura en el País Vasco : el patrimonio del románico al siglo XX. Donostia: Nerea, 2003.
  • BARAÑANO LETAMENDIA, Kosme Mª de; GONZALEZ DE DURANA, Javier; JUARISTI, Jon. Arte en el País Vasco. Madril: Katedra, 1987.
  • CAMPOY, Antonio Manuel. Diccionario crítico del arte español contemporáneo. Madril: Ibérico Europea de Ediciones, 1973.
  • ENCINA, Juan de la. La trama del arte vasco y selección de artículos publicados en Hermes. Madril: Espasa Calpe, 1981.
  • GUASCH, Ana Maria. Arte e ideología en el País Vasco : 1940-1980 : un modelo de análisis sociológico de la práctica pictórica contemporánea. Madril: Akal, 1985.
  • LLANO GOROSTIZA, Manuel. Pintura vasca. Bilbao: Artes Gráficas Grijelmo, 1965.
  • MADARIAGA, Luis de. Pintores vascos. Donostia: Auñamendi, 1970.
  • MUR PASTOR, Pilar. La Asociación de Artistas Vascos. Bilbao: Bilboko Arte Ederretako Museoa, Bizkaiko Aurrezki Kutxa, 1985.
  • Museo de Bellas Artes de Bilbao : Gida. Bilbao, Bilboko Arte Eder Museoa = Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2006.
  • Nosotros los vascos. Arte, T. IV. Donostia-San Sebastián: Lur, 1989.
  • Primer Congreso de Estudios Vascos: recopilación de los trabajos de dicha asamblea, celebrada en la Universidad de Oñate del 1 al 8 de septiembre de 1918, bajo el patrocinio de las Diputaciones Vascas. Bilbao: Bilbaina de Artes Gráficas, 1919.
  • REYERO HERMOSILLA, Carlos; FREIXA, Mireia. Pintura y escultura en España, 1800-1910. Madril, Catedra, 2005.
  • SANCHEZ, Pierre. Dictionnaire du Salon d'Automne: repertoire des exposants et liste des oeuvres presentées : 1903-1945, I. Alea Dijon: L'Echelle de Jacob, 2006.
  • VIAR, Javier. Bilbao en el arte. Bilbao: Bilbao Bizkaia Kutxa, 2000.
  • ZUGAZA, Leopoldo. Guía de la colección de pintura vasca. Durango: Historia eta Arte Museoa, 1988.