Kontzeptua

Artearen Historia. Pintura

Erdi Aroko berreskurapen kulturalarekin eta materialarekin etorri zen pinturaren ugaritasuna. Kristautasunaren indartzeak monasterio eta eliza berriak eraikitzea ekarri zuen, eta, oro har, arkitekturak eskultura eta pinturaren beharra izan zuen, jainkoa goresteko eta erlijioaren egiak sinestunen artean zabaltzeko.

Berreskurapen horren lehen adibideak X. mendeko monasterioetan ilustratu ziren liburuetako miniaturak dira. Iruñako erresumaren antolaketak IX. mendean monasterioen fundazioak bultzatu zituen eta berehala kultura eta erlijio zentro moduan eratzen hasi ziren. Errioxako Donemiliaga eta Albeldako monasterioetan miniaturaz apaindutako liburu multzo ederra pintatu zuten, Codex Vigilanus (976. urtekoa) eta Codex Emilianensis (994) delakoak adibidez.

Era berean Nafarroako erresumak antolaketa politiko konplexuagoa garatzearekin batera, erromaniko betean sailkatu daitezkeen irudiz betetako eskuizkribuek jarraipena izan zuten, Amienseko Biblia, Leireko kartulario Zaharra, Fiteroko Sakramentarioa edo, itxuraz, 1200. urte aldera egindako Nafarroako beatoa, adibidez.

Euskal Herrian egin zen lehen Erdi Aroko horma pintura ez dugu ezagutzen, eta baliteke hurrengo urteetan pintatutakoaren bidez ezabatuta desagertzea. Gainera, horma pintura izateak, eraikuntzen iraupenari lotuta egotea ekarriko luke.

Gotikoaren lehen urtetako horma pinturak aurreko garaiko pinturaren ohiturak jarraitu zituen tekniketan, funtziotan eta kokapenetan. Freskoa eta tenplea erabiltzen zen eliza barruko eta kanpoko hormak pintatzeko, eta espazio sakratuak goresteko eta erlijioaren mezuak irakasteko erabiltzen zen. Formetan ere, lehen pintura gotikoak erromanikoaren jarraipena erakusten du, Artaizko San Martin, Artaxoako San Zernin eta Erriberriko San Pedro elizetan ikus daitekeenaren arabera.

Frantziako gotikoa edo gotiko lineala izeneko pintura XIV. mendean iritsi zen Euskal Herrira. Iruñako katedralean pintatu ziren adibide onenak, gaur egun Nafarroako museoan gordetzen den Johanes Oliverrek Juan Perez de Estellaren eskaerari erantzuteko pintatutako klaustroko jangela estaltzen zuen horma izan daiteke gotiko mota horretako adibiderik ederrenetakoa.

Iruñako katedraleko klaustrotik ere iritsi zaigu Jesseren zuhaitza irudikatzen duen kolorerik gabeko horma pintura eta katedralean bertan jarraitzen du aldare nagusi atzeko ohola Kristoren gurutziltzatzearekin.Mota horretako pintura Nafarroako eta Arabako herri askotan azaltzen da: Artaxoan, Ekain, Erriberrin, Galipentzun eta Oletan Nafarroan, eta Abendañon eta Gazeon, Araban.

Aldare aurrekoak edo ohol gaineko lanak ere badaude Euskal Herrian, Bartzelonako museoan gordetzen diren Egillorko eta Artetako aldare aurrekoak, zatika gordeta dagoen Añastrako erretaula eta Chicagon dagoen Kexaako Adatsetako Andre Mariaren aldare aurrekoa eta erretaula.

Hurrengo urratsa Italiatik zabaldutako Giottoren eskolakoa da. Era horretara pintatutako irudi bakarrak iraun du Euskal Herrian, eta beste behin ere Nafarroako Museoan gordetako adibidea da. Azken Epaiketa irudikatzen duen horma pintura Iruñako katedraleko klaustrotik dator.

Aldiz, azken garaiko nazioarteko gotikoa izeneko adibide gehiago ditugu, batez ere erretaulak egitearen ohiturari esker. Iruñako katedrala garai horretan dekoratu zen eta Nafarroako gorteak eskaera handitu zuen.

Hala ere, aipagarriak dira Tuterako katedralerako garai hartan pintatutako erretaulak, Santa Katalinari eskainitakoa eta Bonanat Zaortiga pintore aragoitarrak 1412an Mosen Frances Villaspesa eta Isabel Uxuekoarentzat Itxaropenaren Amabirjinaren erretaula.

XV. mendearen bukaera aldera eta XVI. mendearen lehen urtetan, Flandesen egindako ohol gaineko pintura asko iritsi zen euskal lurraldeetara, merkataritza harremanak zirela eta.

Flandesko estiloa jarraitzen zuten bertako tailerretan egindako pintura motak ere arrakasta handia izan zuen hegoaldeko lurraldeetan; bai Gaztelako gortearen ingurukoak, bai Aragoiko koroaren ingurukoak.

Gainera, azken garai horretan horma pinturak garrantzia galtzen hasi zen, ohol gaineko pinturaren alde, eta bereziki koadro multzoez osatutako erretaulen alde. Eliza handiek, eta baita noble eta burges aberatsek, pintura lanak marko konplexuetan multzokatuta egiteko aginduak ematen zituzten, bai aldare nagusiak, bai kapera pribatuak apaintzeko. Adibide ikusgarriena Tuterako katedraleko erretaula nagusian daukagu, Pedro Diaz de Oviedo izeneko pintoreak egindakoa.