Literatoak

San Juan García, Gregorio

Gregorio San Juan García poeta Palentziako Melgar de Yuso herrian jaio zen 1928an. Bilbon zendu zen, 2006ko maiatzaren 17an.

Hala ere, Burgoseko probintzian jaio arren, idazle bizkaitartzat jo izan zuen beti bere burua, haurra zenetik bizitza osoa Bizkaian eman baitzuen, Bilbo, Barakaldo eta Sestao artean banatuta. Idazleak zioenez, palentziarra jaiotzez, galiziarra bokazioz, baina Bizkaitar peto-petoa bihotzez.

Gregorioren gurasoak irakasleak ziren ogibidez eta, arrazoi profesionalak zirela medio, Barakaldo aldera bizitzera joan ziren, 1931. urtean, San Juanek hiru urte zituelarik, Bigarren Errepublika aldarrikatu zuten urte berean.

Txikitatik piztu zitzaion literaturaren gaineko grina. Irakurtzea biziki atsegin zuen, eta irakurzaletasun asegaitz batek akuilaturik, orduak eta orduak ematen zituen, ahal zuen heinean, eskura iristen zitzaizkion aleak begiekin irensten.

Gaztetan, bere adineko lagun askok ez bezala, futbola gogoko ez zuenez, San Juanek garai hartan Bilbon egiten ziren tertuliak ezagutu zituen eta hauetara joateko zaletasuna piztu zitzaion. Bertan sakondu zuen, batez ere, literatura gaietan eta, halaber, zirkulu hauetan egiten ziren solasaldi eta eztabaidetan esku hartuz, politikarekiko kontzientzia ernetu zitzaion.

Letrekiko zeukan interes honek motibatu zuen, beraz, Filosofia eta letrak ikastera. Magisteritza ikasketak ere egin zituen eta, ondorioz, irakasletzan jardungo zuen hainbat urtean Bilbo eta Sestaoko zentro batzuetan.

Letren bidetik jarraituz beti ere, San Juanek bere formakuntzan pauso bat aurrera egin zuen eta, politikak zein gizarte gaiek, orokorrean, berarengan sorrarazten zuten interesak bultzaturik, zuzenbidea ikastea erabaki zuen. Lizentziatu ostean, Bilboko Udal Aurrezki Kutxako zerbitzu juridikoetan hasi zen lanean eta, harrezkero, hainbat hamarkada eman zituen bertan.

Diktaduraren osteko lehenengo urteetan, aurrezki kutxan lanean ari zela, zenbait kultur argitalpenen sorreran eta hauen sustapenean parte hartze aktiboa izan zuen. Honela, Villa de Bilbao eleberri lehiaketa antolatzen ibili zen. Sociedad El Sitio izeneko elkarte bilbotarraren berreskurapenean jardun zuen, bertako kide izateaz gain, lehendakaria ere izan zelarik. Elkarte honen bidez, San Juanek Miguel de Unamuno idazle bilbotarraren bi liburu editatu zituen: De Fuerteventura a París (El Sitio, 1981) eta Romancero del destierro (El Sitio, 1982). Liburu hauek, ordura arte, osorik editatu gabe zeuden, frankismo garaiko zentsurak liburuok argitaratzea debekatu zuenetik. Halaber, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kide ere izan zen.

Trantsizioaren ostean, 1979. urtean zinegotzi lanetan hasi zen Bilboko udaletxean, Espainiako Alderdi Sozialistako ordezkari gisa. Bertan, kultura sailean parte hartu zen, 1983an kargua utzi zuen arte. Politikaz gaindi, beste ardura batzuk ere izan zituen urte horietan. Arte Ederretako museoko batzordean parte hartu zuen, presidente orde izatera ere iritsi zelarik.

San Juanek, bere bizitzan zehar, politikari loturiko ibilbidea egin zuen, bai bokazioz zein ofizioz. Sozialista izanik, bere pentsamendu politikoak berebiziko eragina izango zuen idazlanetan, eta poesia sozialaren ildotik bideratuko zuen bere idazketa. Bere bizitzaren azken aldian, poesia garaikideaz hitz egiten zuenean, poeta sozialak diluitu egin direla esaten zuen; Barakaldoko idazleak sarritan aldarrikatzen zuen berak egiten zuena poesia politikoa zela nabarmen, langilearen defentsan beti, Nerbioi ibaiaren ezker aldean bizi-baldintza latzei aurre egiten zieten gizon eta emakume haien aldekoa.

Gazterik hartu zuen idazteko ohitura eta bere lehenengo idazlanak aldizkarien bidez ezagutu ahal izan genituen. Bilbon plazaratzen zen Pleamar izeneko aldizkarian, adibidez, poemetako asko kaleratu zituzten. 1960an, Asociación Artística Vizcaína elkarteak gazteleraz idazten zuten lau idazle gazteren inguruko antologia argitaratu zuen: 4 poetas de hoy. Liburu honetan, Gregorio San Juanen idazlanekin batera, José María de Basaldua, Julio F. Maruri eta Vidal de Nicolasenak ere bilatzen ziren. Garai hartako ahots berriak jaso zituzten, ordurako Bilbon egiten zen literaturan aski errotuak eta erreferente argiak ziren beste izen batzuei batzera zetozenak, hala nola Blas de Otero, Gabriel Aresti, Gabriel Zelaia, Eusebio Abasolo, Javier Bengoetxea edota Pablo eta Antonio Bilbao anaiak, besteak beste.

Antologia hau San Juanek berak proposatutako ekimena izan zen. Liburuak bi kolaborazio berezi izan zituen, bi lagun handiren eskutik. Gabriel Celayak aitzin solasa egin zuen eta Blas de Otero arduratu zen gibel solasa idazteaz.

Urte horretan, bakarka idatzitako lehenengo lantzat har daitekeen Pequeño Viaje a nuestro Parnaso (Ellacuría, 1961) aurkeztu zuen eta, urtebete geroago, Arte Menor (Imprenta Provincial De Vizcaya, 1962).

Barakaldon bizi zelarik, bere poemarik ezagunenetakoa idatzi zuen, Digo quienes componen mi pueblo, hazten ikusi zuen Ezkerraldeko herriaren eta bertako herritarren omenez idatzia. Lan honetan, metalgintzako industriaren inguruan garatzen ziren lanbide anitzei buruz hitz egiten du.

Pertsona xehe eta hurbila, jendearekiko erakusten zuen gertutasunari esker, bere herrikideen aldetiko maitasuna eta errespetua irabaztea lortu zuen. Beti literaturari emana, ideia berriei, jakin-minez eta pasioz. Bizitzaren alderdi guztietan, poeta izan zen zerbait izatekotan, beste edozein ezaugarriren gainetik; irakasle, abokatu zein politikari izatearen gainetik. Poeta, inguruko gauzei begiratzeko eran, poeta bere idazlanetan eta jendearekiko harremanean.

Euskal Herrian eta, batez ere garai hartan Bilbo inguruan idazten ziharduten hainbat idazlek bezala -Blas de Otero edota Angela Figuera, besteak beste-, Gregoriok, euskaraz ez zekielarik, gaztelania erabili zuen bere literatura ibilbide osoan zehar.

Baina euskaraz ikasi ez izanak ez du esan nahi gaztelaniaz bestelako hizkuntzarik hitz egiten ez zuenik. Gaztetan, soldaduska Galiziako Santiago de Compostela herrian egitera bidali zuten alferez bezala. Han, María Fernanda Iglesia Lesteiro ezagutu zuen, ezkondu ondoren bizitza osoa berekin konpartituko zuen emakumea. Apurka-apurka, galiziera hitz egiten ikasiz joango zen; hain ondo, ezen ondorengo urteetan egindako ekoizpenaren zati bat hizkuntza honetan izango baitzen. Aurrerago, katalana ikasteko aukera izan zuen, baina ez zen horren ondo menperatzera iritsiko. Hizkuntza hauei portugesa ere gehitu behar zaie, galizieratik duen gertutasunak lagundurik, hitz egiten ikasi zuena. Portugesa jakiteak, gerora, hizkuntza honetan idazten zuten egileen lana itzultzea ahalbidetu zion.

Hala ere, bere herriko hizkuntzarenganako begirune apala zor ziola uste zuen, eta euskararekiko ezjakintasun honek bultzaturik, Bilboko idazle zirkuluetan berekin ibilitako eta adiskide zuen Gabriel Aresti idazle bilbotarraren eskutik, bere lana euskaraturik ikusiko zuen 1960. urtean, Gaurko Lau Poeta antologiari esker.

San Juanek bere ahots lirikoa nahiko isilpean gorde izan bazuen ere -bere literatur ekoizpena poesian baino beste zenbait arlotan izan baita oparoagoa-, ezin ahantz daiteke idazleak arlo hauetan egindako lan intelektuala, aintzat hartzekoa delarik saiakeran, kritikan eta itzulpengintzan egindako ibilbidea.

Itzulpengintzan aintzatespen zabala izan du Gregorio San Juanek egindako lana. Literatura unibertsaleko hainbat poeta klasikoren lanen itzulpenak egin zituen. Hauen artean, ezaguna da, esate baterako, Manuel Bandeiraren poemarioaren bertsioa. Askoren ustez, San Juan izan da idazle portugaldarrak inoiz izan duen itzultzailerik onena. Itzulitako lehenengo bertsoak Kantil aldizkarian argitaratuko zituen.

Poesiaz gaindi, antzerkigintzak ere biziki erakarri zuen San Juan. Hirurogeiko hamarkadan, sasoi hartan puri-purian zeuden kultur mugimendu alternatiboen baitan ernetzen hasi ziren egitasmo berriekin batera, Akelarre deitutako antzerki talde bilbotarraren sorreran parte hartu zuen. Proiektuaren oinarritik hasita, taldearen izenak berak bazuen garairako halako transgresio ñabardura bat, eta honekin ohiko antzerkigintza tradizionaletik haratago irten eta karnabalizazioranzko joera garbia erakutsi nahi izan zuten.

Saiakeraren alorrean, emankorra izan da oso San Juanek egindako lana. Berea da, adibidez, Vida y Obra de Luis Antonio de Vega (El Tilo, 2000), idazle bilbotarraren inguruan egindako monografia. Bertan, azpimarratzekoa da zorroztasun historikoa eta idazlearen lan osoaren gaineko ezagupen sakona; Juan Larrearen gainean ere idatzi zuen. Idazle hau herrikidea zen, eta eskutitz bidezko harremana izan zuten. 1977an Larrea Picassoren Guernica margolanaren inguruko liburuaren berri ematera Euskal Herrira etorri zenean, Bilbon eta Donostian egingo zituzten ekitaldietako aurkezpena egin zezan eskatu zion San Juani; Alonso de Ercilla: cuarto centenario (Bilbao Bizkaia kutxa, 1994), poeta madrildarraren bizitzaren inguruko lana bere laugarren mendeurrenaren karietara.

2006an, bere azkeneko liburua argitaratu zuten: Quodlibetales. Ensayos sobre literatura y pensamiento (Ediciones beta III Milenio. 2006). Lan hau, gai anitzen inguruan idatzitako berrogeita hamar artikuluren artean egindako aukeraketa dugu. Hemezortzi ataletan banatuta, Euskal Herriaren inguruko artikuluak dira, krausismoari eta klausismoari buruzkoak eta, batez ere, berarengan eragina izan zuten hainbat idazleren ingurukoak:Juan Larrea, Ramón de Basterra, Jaime Delclaux, Gabriel Aresti, Blas de Otero, Souto Vilas eta abarri buruzkoak.

Liburuak idazteaz gain, aldizkari askotan kolaboratzaile lanak ere egin zituen, literatur kritika, analisi politiko eta bestelako gai anitzen inguruko artikulu andana argitaratuz. Zutabegile aparta, garai hartan kaleratzen ziren Gaiak, Kantil, Primer Acto, Nueva Forma, Esprit, Cuadernos del Congreso por la Libertad de la Cultura edota Pérgola bezalako aldizkarietan, besteak beste, erakutsi zuen artikuluak idazteko zeukan berezko trebetasuna.

Beste egile askok ez bezala, San Juanek, bere lanen argitalpena bilatzetik urruti, idaztearen arteak berak asetzen zuen erabat. Lanen plazaratzeak ez zuen beregan inolako ardurarik eragin eta, hortaz, inongo editorialek ez zuen sekula bere lanaren benetakotasuna baldintzatzerik izan.

Poesia jakituriaz eta hausnarketaz egiten dela uste zuen, talentua eta intuizioa beharrezkoak izan arren. Publikatzea gutxienekoa zen.

"Literaturaren inguruan zeukan zaletasun eta grinak bultzaturik, liburuen bilduma egin zuen hainbat urtetan zehar, 30.000 aleko liburutegia izateraino iritsi zelarik, hainbat etxabe eta lokaletan zehar barreiaturik, baina gaiaren arabera zehaztasunez sailkatuta zeuzkanak.

Idazlearen lirikotasunaren erakusgarri, Poemas descabalados. Antologia poética, 1945-2005 (Gráficas Eskuza, 2005) bilduma da plazaratu zuen azkeneko lana, hil aurreko urtean argitara eman zutena, 2005ean, hain zuzen ere. Bere poesia, indarrez betea, kultura klasikoan mamitua, sakona, sentikorra, ederra.

Urtebete beranduago, Bilbon zendu zen aurretik zekarren gaitz batek jota, 2006ko maiatzaren 17an.