Pintoreak

Ortiz de Urbina Uribarren, Mauro

Etorkizuna prestatu behar zuen eta lehenengo aukera bere jaioterrian eman zitzaion. Epifanio Díaz de Arcaute irakaslearen heriotzagatik Arte eta Lanbide Eskolan hutsik gelditu zen lanpostua bete zuen. 1910eko ekainean, plaza berria eskuratu zuen, Apaindura eta Estilizazio irakasle gisa. Lanpostu hori 1917an utzi zuen, Logroñoko Eskola Normalean marrazketa-lanpostua onartzean. Hiri horretan finkatu zen, behin betiko. 1923an, aleman-irakasle gisa ere jardun zuen Bigarren Hezkuntzako Institutuan, eta, ondoren, marrazketa-irakasle plaza atera zuen institutu horretan bertan.

Arte eta Lanbide Eskolan irakasle gisa egindako urteak oso irregularrak izan ziren: 1911/1912 ikasturtean, Ortiz de Urbina Alemanian izan zen; 1912/1913an, Madrilen izan zen denbora luzez, oposizioak prestatzen, eta, hurrengo ikasturteetan ere, askotan izan zen kanpoan. Hala jaso zuen Lorenzo Elorza Eskolako apaindura-irakasleak 1917ko uztailaren 30ean mekanografiatutako instantzia batean. Idatzia ikastetxeko "irakasleak" karpetan gordeta dago.

Denbora horretan, Munichen bizi zenean, Stuch pintorearen irakaskuntza jaso zuen, eta, ondoren, Pradoko Museoan zaharberritzaile izateko oposizioak egin zituen (1917ko negua), baina ez zuen lanpostua lortu.

Profesionalki, irakaskuntzan jardun zuen, eta beti bere hezkuntza artistikoarekin jarraitu zuen. Oso pertsona aditua zen, nola gai teorikoei dagokienez, hala teknikoei dagokienez. Mauro Ortiz de Urbina nahiko ezezaguna da, pintore gisa; kopista bezala ongi merezita eta egiaztatuta egin zuen lana izan ezik. Bere bizitzari, obrari eta ibilbideari buruzko ikerketa monografikoen faltan, une honetan berari buruz dakiguna nahiko zatikatua eta osatu gabea da. Bere karrera gehiago argitzeko, datu berriak eta egiaztatuak agertu arte itxaron beharko da.

Gasteizen eta Logroñon mende laurdenez egindako irakasle-lanak beharbada gaina hartu zion bere pintore-jarduerari. Agian, ezagutzak ematerakoan eta bokazioak sustatzerakoan, lan arduratsu hori nabarmendu beharko litzateke. Interesgarria litzateke irakaskuntza artistikoaren eta artearen gainean hainbat forotan idatzi zituen testuak biltzea. Esaterako, 1926ko uztailaren amaieran Euskal Ikerketen IV. Biltzarrean aurkeztutako txostena. Biltzarra Gasteizen egin zen, "Orientazio eta irakaskuntza profesionalak" lemapean. Beharbada, enkarguz egin zituen obrak eta libre eta espontaneoki egin zituen lanak ikertu beharko lirateke.