Literatoak

Ormaetxea Pellejero, Nicolás

Orixe.

Idazle gipuzkoarra. Orexa, 1888 - Añorga (Donostia), 1961.

Juan Bautista Ormaetxea eta Maria Manuela Ignacia Pellejero-ren semea, Orexa-ko "Iriarte" baserrian jaio zen 1888ko abenduaren 6an. Hirukoitza izateagatik Huici-ko "Errekalde" izeneko baserrian hasi eta hezi zen Rosa Ariztimuño neskamearen ondoan eta bertan bizi zituen bere haurtzaroa eta gaztaroa, behin 16 urteko mutila izanez, bere adopzio-herria utziz Javier-en Apostolu-Ikastetxera 1904. urtean joanaz.

Bere Quito'n arrebarekin-en, bere Dionisia umetokiko arrebarekin solasean, amarik, hitzak duen esanahi afektiboan, ez izatearren samintasunezko atsekabea dager. "Bi ama eta bat ere ez" esango du. Ez da harritzekoa, heldutasunean olerki baten bere ama (1915) aurkitzen duenean, abstrakzio hotz bat, kontzeptu soil bat besterik ez izatera iristea. Amaren xamurtasunik ezak bere psikologia-nortasunean hain sakon eragin zion, eze bere izaera nolabait samin eta hezigaitza, "basurde" bere burua izendatuz, bizitzako unerik erabakigarrienetan jasandako frustrazioaren ondorioa dela, neurri handi baten, esan daiteke.

Jesusen Lagundian eliza-ikasketak burutu zituen: Humanitateak Javier-en (1904-1907), Fraidegai eta Humanitateak Loiolan (1907-1909), Burgos-en erretorika (1909-1911) eta Oña-n Filosofía (1911-1914). Jesulagunen ibilbidean ohikoa den bezala filosofia-ikasketak burututakoan Comillas-en irakaskuntzan aritu zen (1914-1917), eta baita Carrion de los Condes-en (1917-1918), eta Tutera-n (1918-1919) ere eta zigor edota purgatorio bezala azken hiru urteak, irakaskuntza hiru urtetan edo gehien jota lautan zehar Ikastetxe berean izatea gauzarik ohikoena izan zitekeelako, Javier-en (1919-1920) eman zituen.

Teologiako hirugarren urte-hasieran (1922), Oña-n, nagusiek Lagundia uztearekiko gomendioa egin zioten. Azkenean, bere gogoaren aurka, 1923ko irailaren 29an bere burua uko-agiriak izenpetzera behartuta ikusi zuen. Nagusiei behin eta berriz abadetzarako betoarekiko arrazoiak azaltzea eskatu zien, baina ez zituen "ikasleen gobernuan trebetasun praktiko gutxi", "adimen-apaltasunik eza", "izaera harroa", etab. bezalako zehaztasunik gabeko erantzunak besterik jaso. Baina benetako arrazoia, agiri bitartez geroztik egiaztatu izan den bezala, bere bokazioaren aldezpenerako Erlijiosoen Kongregazio Santura, aginte maila eskudunaren lepotik jardunaz, jo izateagatik azkenean larriagotu besterik egin ez zen balizko buru-gaixotasuna izan zen; agian bere euskaltzaletasuna eta bere nagusien borondatea jainkoarenarekin identifikatu nahi ez izanak adierazitako arrazoiak baino eragin gehiago izango zuen. Bere Getsemani olerkian, Orixeren geroa errukirik gabe kolpatuko duten aldi hartako zazpi urte beltz arantzatsu haietaz, kristau-etsipenez dihardu.

Ordurako, Nikolas Ormaetxea idazlearen irudia euskal letren berpizkundean jenio txiki bat bezala, Nazioarteko Euskal Ikaskuntzen Aldizkarian eta batez ere Jesus'en Biotzaren Deya-n narotasunez argitaratzen zituen lanetan euskal gaiez aditu bezala eta idazle gisa ere erakutsitako trebetasunagatik, nabarmentzen hasia zen. Espezialisten kritika-aipamenetan zudu handiz bilduak izan ziren euskara batasunaren inguruan eta euskal metrika eta azentuari dagozkien gaietan berak egindako ekarpenak.

Behin esparru laikoan sartuta, zoriak Bilbon kokatuta zegoen Euskaltzaindiaren egoitzan euskara maila profesionalean lantzen jarraitzea ekarri zion, horretarako talde-lanean Resurrección María de Azkue, Olabide eta beste batzuekin batera jardunaz. Aipagarria litzateke Erizkizundi irukoitza-ren gauzatzean izan zuen parte hartze garrantzitsua. 1924tik aurrera eta harik eta Bilbo utzi eta "Euskaltzaleak" elkartearen aginduz Euskaldunak idazteari ekite asmoz 1931. urtean Orexa-ra joan zen arte, Orixe-k gai ugari jorratuz baina batez ere gramatika eta folklore arlokoak, Euzkadin 400 iritzi-idatzi baino gehiago idatzi zituen. Egunkariarekin izan zuen lotura, 1928an Evaristo Bustintzak (Kirikiño) "Euzkel Atala"-n izandako zuzendaritza eskuratzean, areagotu besterik ez zen egin. Bilbon izan zuen egotaldian zehar, Euskaltzaindiko talde-lana eta egunkarietan lankidetza izateaz gain, bere ekoizpenaren jarraitzaile ziren bezero euskaldunentzako hiru lan argitaratu zituen: bi itzulpen, Tormes'ko Itsu-mutilla (1929) y Mireio (1930) eta beste jatorrizko bat, Santa Kruz apaiza (1929).

Orexako aroa, guda aurrekoa (1931-1936), Orixeren beharbada arorik esanguratsuena eta beharbada bere izenari osperik gehien emango diona izango da, bere mistika- eta folklore-ildo bikoitzean izan zuen olerkigintza sormenari esker batez ere, euskal Pindaro eta San Juan de la Cruz-en antzera ea mitifikatzera arte iritsiz. Euskaldunak (1950) eta Barne-muinetan (1934) olerkiak bere sentiberatasun artistikoan dardara berdineko bizipen biren adierazpena dira. Baserri eremuaren ohituretan bildutako etnia-eiteak, Euskaldunak-en biltzen dena, eta beharbada esanahi metafisiko baten adierazita, Barne-muiñetan garatzen duen bere bizipen mistikoaren gardentasunak, Orixe olerkariak bere epika- eta lirika-nortasun bikoitzean duen sorkuntza-ahalmen sendoa, bien arteko lehentasunik ezartzera ausartu gabe, behar bezala frogatzen dute.

Gudak bere basetxean harrapatu zuen eta, barne-sinesmenez eta debozioz apolitikoa zen arren, Ignacia Muñagorri Lizartzako medikuaren andreak bideratutako salaketa baten ondorioz San Cristobal-eko gotorlekuan sei hilabetetan zehar abertzalea izatearren atxilotuta eduki zuten. Justo Maria Mocoroak Solchagaren aurrean bideratutako kudeaketa ez urriari esker espetxetik irten ondoren 1937an Tolosako bere arreba Petraren etxean ostenduta egon zen. Behin bere baserrira itzuli ondoren, oraingoan Tolosako Komandantzian Manuel Artola kaputxinoak salatua, atxilotzera zetozen guardiengandik ihes egitea lortu eta 1938ko udaran muga isilpean gurutzatzea lortu zuen. Erbesteak ez zuen Orixe jasankorrarentzako inolako laztanik izan, batez be Euskalerri kontinentalean eman zituen hamabi urtetan zehar, ea etengabe helbidea aldatuz ibili baitzen: bi urte San Juan de Luz-en (1938-1939), hiru Saubion eta Aire-sur-Adour-en (1940-1942), bi Betharram eta Bidarray-ko Abadetegian (1943-1946) eta hiru, berriz, San Juan de Luz-en (1947-1949).

Ekonomia baliabideen etengabeko urritasuna eta ondoriozko ezegonkortasuna zela eta, ohikoa zen bere buru-ekoizpenarekiko aukerak ekidinezinezko mugak pairatzea. Beste bere lagun batzuekin, tartean Uruñuela musikaria, 1940an Gurs-ek kontzentrazio-zelaietan giltzapetuta hiru hilabete eta erdi igaro zituen. Gorabehera horiek guztiak izan arren, guda ostean sortu ziren eztabaida handi guztietan bertan izan zen, batez ere Gernika eta Yakintza aldizkarietan, Euskaltzaindiaren berriztatzearen eta euskararen modernizazioaren inguruan jardunaz. Jesus Maria Leizaola, I. Azpiazu, Maritxu Barriola eta beste euskaltzale batzuen eskariz, Meza-liburua,. Urte guziko Meza Bezperak (1950), euskarara itzuli zuen, hamahiru hilabetetan bakarrik eta euskal literaturan ohikoa ez zen maisutasunez, batez ere himnoei zegokien arloarekiko itzulpena. Ez nintzateke ausartasunean eroriko maila praktikoan idatzizko literaturarekiko batasunari dagokionez ahalegin serioetariko bat dela adieraziko banu. Egia esateko, egitandi ikaragarria !!.

Orixeri Amerikara 1950ean joan izanak zeruertza berriak eta bere animo-egoeran era onean eragingo dioten trebetasun berriak zabalduko dizkio eta baita, nik uste, ekoizpen-kalitatean ere. Gainontzeko Ameriketan emandako lau urteak, sei hilabete Guatemalan Euzko-Gogoa-ko idazkaria zen Jokin Zaitegirekin batera eta beste hiru urte El Salvador-eko Zaragozan Rogelio Muyshondt de Langhe sendi ongilearekin eta Mercedes Contreras-ekin, Orixeren beraren aitorpenaren arabera, urrezko urteak, bere bizitzako lasai eta atsegingarrienak izan ziran. Bere mundu mistikoan erabat murgilduta, erlijio-literatura besterik ez du egin nahi.

Beranduago argitaratuko ziren arren, "Miramar" basetxeko bakardadean Agustín Gurenaren Aitorkizunak (1956) y Salmutegia (1967) itzuli zituen. Bere jatorrizko sorkuntzari dagokionez, aipagarria da, batez ere, Quito'n arrebarekin saiakera mistikoa eta Euzko-Gogoa-n argitaratutako olerki mistikoak. Lehenengoan, dantiar lanaren goitar-maila berera iritsi nahi izatean, bere lanarekin gogobeteta gelditu zen eta, esan ere, bere gailurrera iritsi zela berretsi zuen. Ni, ezarritako helburuak seguruenik lortu ez zituena pentsatzearen aldeko naiz, asmoa zen gailurra lortzea eragozten duten hutsuneak, batez ere mamizkoak, baitaude. Hori bai, gaiari dagozkion kontzepzio eta sakontasunagatik eta baita literatura-baliabideengatik ere, agian Orixeren artista-sena erarik argienean agertzen den lana izan daitekeela uste dut. Era horretan, gai bera garatzen duen arren, Jainkoaren billa-tik (1971) argi bereizten da. Honetan, bere egiturak eskuliburu baten antz gehiago duelako eta hizkera bera azalpengarriagoa delako, irakurleari irakurgarriago egiten zaio eta bere arkitektura erraztasunagatik batasun gehiago eskaintzen du.

Bere heriotza-osteko hitz-lauzko lan eztitsuan inolako ahaleginik gabe sartu izanak, batzuk bere Quito'n arrebarekin baino gailenagotzat, niretzat bidegabe, jotzera eraman ditu. Hau, bere biribiltasunik eza eta zailtasun horretan bere bikiak duen hainako edo gehiagoko literatura-edertasuna du eta, zalantzarik gabe, originaltasun dirdira gehiago. Era berean, bere olerkigintzaren laburpen bat egin beharko banu, amerikar-lurrek eskaini zioten lagunarte atseginean egindako hogei edo hogeita hamarrekin geldituko nintzateke. Bere olerkiak, funtsean erlijiozkoak, teilhardiar esanahidun usai teluriko nabarmena duen zeru- eta lur-kutsua dute; bere mezu eta ikurrak bakea eta lasaitasuna darie, espirituaren gorakundeak haragi eta hezurduna dirudi. Laburbilduz, Orixeren lirikak heldutasunean, haragitzean, gozotasunean, irabazi egiten du, Barne-muiñetan idazlanaren izaera lehor eta espekulatiboa ahaztarazi egiten du. Itsasoz bestaldeko olerkietan adimenaren eta maitasunaren arteko bateratze orekatua, Orixek Estetikari buruz bere saiakeran setati aldarrikatutako baldintza, Barne-muiñetan agertutakoa baino askoz hobe lortuta dago.

Euskal Herrira 1954ean itzultzean, behin Tolosan egotaldi labur bat eginez, Lazkaoko Benediktarren AA.-en bakartegian kokatu zen Agustin Gurenaren Aitorkizunak argitalpena prestatu eta San Benito-ren erregelak Aita Benito Gurenaren Erregela (1980) itzultze asmoz. Orexan (1956-1958) Jainkoaren billa-ren zatirik handiena gauzatu zuen, bere lehen atala Ameriketatik etorri zen ontzian idatzitakoa izanez. Azken urteetan Jose Maria Aranalde bere iloba apaizarekin bizi izan zen, lehenengo Araman eta gero Añorgako Zabalegin, 1961eko abuztuaren 9an heriotza ordua iritsi zitzaion arte.

Orixek, jesusen lagundiko heziketaren arabera klasikotasunean moldatua eta baserritarren pentsamoldearekin bat etorriz, bere Herrira itzultzean 1950eko hamarkadan sortarazitako ekonomiaren garapen-hasieraren ondoren euskal gizartea jasaten zetorren, eta 1960ko hamarkada-inguruan abertzaletasun historikoaren baitan ezker indartsuaren sorkuntza erakarriko duen kultura eta gizarte-politika aldaketen aurrean, sakon-sakoneko atsekabea jasan zuen. Orixeren kontserbadorismoa, edonolako modernismo motaren aurkakoa, Europatik etorritako korronte berrietara zabalik dagoen belaunaldiari aurkatzen zaio eta Koldo Mitxelena, Txillardegi eta Joseba Intxaustik batez ere gauzatutako lidergo atzeraezinaren ondorioz bere garai bateko izarra, hizkuntza- eta kultura-mailan belaunaldi berriak azaldutako artegatasunen oihartzuna biltzen jakin izan zuten Euskaltzaindia, Egan eta Jakin bezalako gizarte-oinarri sendo batetan ezarritako plataformen bidez, estalita gelditzen da. Reuma ziatikoak jota, bere gaixotasun kronikoa, bere azken urteetan gehituz joan zen ohean etzanda zutik baino denbora gehiago ematera iritsiz.

Horrek azaltzen du, neurri handi baten, bere bizitzaren azken aroan Euskal Herrian inolako beste lan mardulik, lehenago aipatu dugun Jainkoaren billa izan ezik, sortu ez izana. Xehetasun bezala esan dezagun Lazkaoko komentuan San Benitoren erregelak bere ohetik makinaz idazten zuen lankideari aho-mihiz itzultzen zizkiola. Euskaltzaindiko kide urgazle izendapena (1948) eta "Lizardi" saria (1961) bere bizitzaren ilun-abarrean iritsi zitzaizkion.