Literatoak

Ormaetxea Pellejero, Nicolás

Orixeren lanen zenbaketa, ez osoa, egin berri dugu. Gauzarik errazena egin dudala aitortzen dut, hain egile eztabaidatuaz hitz egitean oro har bere lanaren kalitatea taiuz eta egokitasunez baloratzea delako benetan be zaila den lana. Bere ekoizpenak, zabaltasunagatik baino ugaritasunagatik gehiago harridura sortarazten du eta bere erregulartasunagatik baino apartekotasunagatik gehiago bereizten da. Atal asko jorratutako euskal literaturan, itzulpenetik literatura-sorkuntzara, saiakera ahaztu gabe, parekotasunik ez duen idazlea dugu. Itzulpen-atalean, Jesus'en Biotzaren Deya-n (Nieremberg Aitaren. Jainkozko biziera ta ongienera eldutzeko lasterbide bikaña, Joanes'en Berri Ona, etc.), Urte guziko Meza-Bezperak-eko herri-prosa, eta Agustin Gurenaren Aitorkizunak-en azaltzen duen hizkuntza-malabarismoa, San Agustín filosofoarekin duen elkarrizketan testua berreginez, azpimarratu beharrekoak dira.

Orixe bere itzulpenetan zehatza eta jatorrizkoarekiko zintzoa dela esan da (Andima Ibinagabeitia). Ez dut hori bere dohairik nagusiena denik uste. Aldiz, bere berezitasuna testua berregin eta euskal pentsamoldera egokitzeko itzulpen askeak eskaintzen dituen aukeretan dagoela uste dut. Hortxe datza Orixeren itzulpenak ea itzulpen antzik gabeko jatorrizko idazlan kutsua izatearen isilekoa. Baina itzulpen askearen aukerak Orixek berak ere beti gainditzen jakin ez zituen arriskuak daramatza, adibide bezala, kasu batzuetan ongi ahokatzen ez duten hitz edota esaldi jakin batzuen nahitako kentzea edota beste batzuen esanahiaren itxuragabetzea.

Sortzaile bezala, literatura-ekoizpenari dagokion atalean, epika-alorra zein alor lirikoa, bata zein bestea, landu zituen, beharbada azken honenganako joera izanez. Agian, Euskaldunak-i ezarritako aberri-olerti izaeragatik, batez ere Justo Maria Mocoroak Entziklopedia honetan bertan egindako irakurketaren ondoren, lan hori Orixeren lan-ekoizpenaren gailur bezala azaltzen da. Baina daitekeena da balorazio hori, lar baztertzailea izateagatik, ikaragarri pertsonalista, zintzo eta sakonekoa den bere olerki lirikoaren kaltetarakoa izatea, eta, bere osotasunean aintzat hartuz gero, ez du bere olerki epikoarekin ez euskal literaturan izan diren egile ospetsuenen lirismoarekin alderatuz, Lizardi berbera barne dela, ezer galtzen.

Olerkitik hitz-laura igaroz, Luis Mitxelenak lanaren musika izaera nabarmena azpimarratu zuen. Eta egia da. Orixe irakurriz, irakurlearen entzumenean esaldiak musika bihurtzen dira, adibidez, Santa Cruz apaiza testu herrikoian kontatzeari ekiten dionean baina baita terminologia landuago bat erabiliz azalpenak ematen dituenean ere, adibidez, Quito?n arrebarekin eta Jainkoaren billa idazlanetan. Ez dut Orixek saiakera-egile eta kazetari bezala duen luma behar bezala azpimarratu denik uste, erabat erakargarria bere tonu istilutsuagatik, seguruenik bere idazlan guztiak argitaratzeari begira bildu berriak diren aldizkari ezberdinetan argitaratutako iritzi-idatzi ugariak urri ezagutzen direlako. Norbanakoek argitalpen hori eskuartean izan dezatenean, askoz hobeto balioesterik izango dugu Orixeren izaera anitza, neurri baten besterik ezagutzen ez dugulako eta ideologia-aurreiritziengatik, bidegabe bertan behera utzia izan baita.

Literatura-asmoen eta gramatika arloaren dinamizatzaile eta saiogile bezala, asmatuz edota asmatu gabe, zaila izango da bere belaunaldiko intelektualengatik sortutako eztabaida handien sorreran Orixek baino gidaritza hobarik izan dezaken beste egilerik aurkitzea. Ildo horretatik, guda-aurretik izandako literatura-eztabaida nagusien muina nekez uler daiteke Euzkadi eta El Día egunkarietan literatura-kritikaz argitaratu zituen iritzi-idatziak ezagutzen ez badira eta era berean Euzko-Gogoa, Yakintza eta Gernika aldizkarietan idatzitako orrialde-meta guztia irakurtzen ez bada ez da 1948. urte-aginean euskararekiko jarrera garbizale, herrikoi eta unibertsalista aldezten zutenen arteko korronte aurkez-aurkeko inguruan eman zen, Euskaltzaindiaren berrikuntzaren haritik, eztabaida ikaragarriaz ezer jakiterik izango. Baina Orixe saiogilearengan, guztiaz gaindik, bere Estetika eta Metafisika arlora egin zituen joan-etorriak agurtu nahiko nituzke. Filosofo-gramatikoen (Claude Lancelot y Antoine Arnauld: La Grammaire Générale et Raisonnée, 1660) teoriari eutsi izan dioten Noam Chomsky-ri eta baita generatibistei ere aurrea hartuz, Filosofia gramatika-kategorietatik abiatuta baino ezin zitekeenaren burutapena izan zuen, oinarri bezala euskarak, bere ernetze-dohainari esker, orokortasunerako eta abstrakziorako beste edozein hizkuntzak baino gaitasun gehiago duela ezarriz. Honetara, euskaraz Estetika eta Metafisika landuz, oldozmen modernoaren adierazpenerako beregan euskarak zeukan gaitasunik ezagatik euskararen heriotza motela iragarri zuen Unamunoren tesia indargabetu egin nahi zuen.

Azkenik, bere pentsaera kontserbatzaile eta klasikoaren gizarte-historia baldintzapenetan sakontzea erabat interesgarri litzatekeen arren, bere jakin-mina gerkar-latindar kulturara eta mistikako klasikoetara besterik ez zela zuzendu adieraztera nator. Mugatasunen arloari dagokionez, ideologia arloa izan daiteke agian bere lan guztian eztabaidatuena. Egun Orixerenganatzen dena euskara ikasteagatik hurbiltzen da eta ez hainbeste bere pentsamoldearen eraginez. Edozelan ere, inork ez du betikotasunerako idazten. Orixek behinik-behin, ez. Eta ezta hilkorretatik modernoenak ere. Orixeren euskararen edertasunak argi badagi, bizirik datza. Eta horixe da, azkenean, baliagarria.