Olerkariak

Bergamin Gutierrez, Jose

Literatoa, 27ko belaunaldi izendatutakoaren poeta eta pentsalari ezagunenetakoa izan zen. Madrilen jaio zen 1895ean eta Donostian hil zen 1983an. Hondarribian lurperatu zuten, haurtzaroan eta gaztaroan bere familiarekin uda igarotzen zuen herrian.

Aita, Francisco Bergamin, Monarkia alfontsotarreko ministroa izan zen XX. mendearen hastapenean. Hala, Miguel de Unamuno Salamancako Unibertsitatean errektore kargutik lehen aldiz kentzearen arduradun izan zen (1904). Oso gazte zela harreman estua izan zuen Euskal Herriarekin eta euskaldunekin. Hain zuzen, Hondarribian ezagutu zuen gerora bere emazte izan zena, Carlos Arniches idazle eta antzerkigilearen alaba. Hark ere Hondarribian ematen baitzuen uda. Halaber, Hondarribian ezagutu zuen Eduardo Ugarte, Lorcarekin batera La Barraca antzerki-taldea sortu eta zuzendu zuena. Gainera, Bergaminek senide harremana izan zuen Ugarterekin, izan ere, Arnichesen beste alaba batekin ezkondu zen antzerkigilea. Juan Larrea euskalduna ere adiskide izan zuen, beranduago harreman hori hoztu egin bazen ere. Harekin España Peregrina aldizkaria zuzendu zuen Mexikoko erbestean. Era berean, herrialde hartako Errepublikako Kultura Batzordeko buru izan zen 1936-1939 bitarteko gerra zibilaren ostean.

Gerra zibilaren aurretik, Bergaminek kultura-enpresa garrantzitsuak sustatu zituen. Cruz y Raya pentsamendu eta literaturako aldizkariko (1933an sortu zen) zuzendari eta editore izan zen. Aldizkari hartan 27ko belaunaldiko idazle garrantzitsuenek idazten zuten. Baina 98ko belaunaldikoak ere aintzat hartu ziren orrialde horietan, batez ere, Unamuno; izan ere, Bergaminek asko miresten zuen haren gaitasun intelektuala.