Politikariak eta Kargu publikoak

Oreja Elosegui, Marcelino

1891n Ibarrangelun jaiotako politikari tradizionalista gipuzkoarra. 1934ko urriaren 5ean erail zuten sozialistek Arrasaten.

Abokatua, bide-ingeniaria eta enpresaria. Ikasle garaian Espainiako Ikasle Katolikoen Konfederazioko idazkari nagusia izan zen. Ondoren, Propagandisten Elkarte Nazionaleko kide gisa, El Debate argitalpeneko gerentea izan zen, Primo de Riveraren diktaduran. Vidriera Española eta Unión Cerrajera de Mondragón entitateetako zuzendaria zen. Gainera, bi jardun horiekin batera, propagandista katoliko gisa aritzen zen. Errepublika aldarrikatu zenean Jose Antonio Agirrerengana jo zuen eta hastapenetik mugimendu munizipalistaren alde azaldu zen, Euskal Autonomia-estatutua xede. 1931ko ekainaren 28ko hauteskundeetan Bizkaiko diputatu izendatu zuten eta egun gutxira (uztailaren 12an) Gernikan egindako mitinean parte hartu zuen.

Honatx bere esaldietako batzuk:

"Nafar, arabar, gipuzkoar eta bizkaitarrok, merezimendurik gabe Bizkaian hautatutako diputatuak ordezkatzeko ohorea eskuratu dut, Gorteetan Euskal Estatutuak defendatzeko. Eta egiari eta justiziari zor aitortuta egon beharko lukeena eskatu beharrean aurkitzen gara, izan ere, gure zuzenbidea Espainiako Estatuko konstituzioa baino askoz lehenagokoa da"; (itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Errepublikako Presidentea hautatu zenean (1931ko abenduak 10), Euskal Gutxiengoak botoa ematerakoan hartako kideei askatasuna eman ziezaietela eskatu zuen. Iruñeko udalerrien asanbladara ez zen bertaratu (1932ko ekainak 19). Bertan ezetza eman zitzaion Euskal Autonomia-estatutuari. Egun batzuk beranduago ez bertaratu izanaz damutu zen (ikus Aguirre: Entre..., 297. or.).

Urte hartako irailaren 18an ohar bat argitaratu zuen. Bertan esaten zuenez, euskal libertate zaharren berrezarpen tradizionala erdiesteko ahal zena egiten saiatzea izan zen betidanik bere irizpidea, eta ez zuen irizpide hori aldatuko bertan beste esparru politiko batzuetako elementu batzuk nahastu arren. Eta zera gaineratzen zuen:

"Eta gaineratu behar dut irtenbideak izango lituzkeen eragozpenak askoz ere onesgarriak liratekeela egun gure herriak bizi duen pasiozko eta zoritxarrezko egoera nahasgarria baino. Bertatik atera ahal izateko borondate eta ahaleginak zintzoki batzean datzan bidea baino ez dut ikusten. Horretan tematu beharrean nago. Bereizketa eta zatiketa antzuaren bidean bilatzen nauenak, ez nau sekula aurkituko"; (itzulpen moldatua gaztelaniatik).

AVASC elkarteko kidea izaki, 1933ko azaroaren 19ko hauteskundeetan diputatu izateko hautatu zuten Bizkaiko bigarren hauteskunde-barrutian. Jesuitak eta Eliza sutsuki defendatu zituen. Beti azaldu zen Euskal Autonomia-estatutuaren alde. Bera izan zelarik jarrera hori mantendu zuen alderdi tradizionalistako buruzagi bakanetako bat.