Arkitektoak

Smith Ibarra, Manuel María

Bizkaiko arkitektoa. Bilbon jaio zen, Zazpikaletan, 1879ko urtarrilaren 4an. 1956ko abuztuaren 18an hil zen.

John Smith Fitzen, XVIII. mendean Bizkaira iritsitako irlandar ugarietako baten, ondorengoa zen. Urduñako Jesuiten Kolegioan egin zituen lehen ikasketak, eta marrazketarako zituen ezaugarriengatik nabarmendu zen. 1896an hasi zituen Madrilgo Arkitektura Eskolan goi mailako ikasketak, eta bertan hasi zen aparteko gaitasunengatik nabarmentzen, beraz, 1902an, Alfontso XIII.aren eskutik Arkitekturako Eskolaren ikasle nabarmenenaren domina jaso zuen, eta 1904an, arkitekto-titulua.

Bilboko Gardoki kalean izan zuen lehen estudioa, eta gero Lutxana kalean. Restituto Goyoagaren etxea izan zen bere lehen proiektua, 1904an, eta horren atzetik, Neguriko Lurren Elkarteko etxeak. Laster eskuratu zituen Bilboko gizarteko bezero garrantzitsuak, egoitza handiak eta eraikin publikoak eraikitzeko. Baina 1912 eta 1930 artean izan zuen aldi gorena arkitektoak, Europako gerraren neutraltasunaren ondorioz ekonomian oparoaldia izan baitzen, eta horri esker, enpresa industrial handiak sortu ziren. Horren ondorioz, gainera, bere enpresak entzute handia lortu zuen, eta proiektu asko sinatu eta luxuzko etxe asko eraiki zituen. Bestalde, Bilboko ekitaldi kultural handietan parte hartu zuen, Arte Ederretako Museoetako Batzordeko, Bizkaiko Kultura Batzordeko, Museo Etnografikoko kide gisa; artista eta artisauentzako bekak eta erakusketak ere sustatu zituen. Arkitekto gisa lehen urteetatik Bilboko mugak gainditu zituen haren izenak, baina 1929tik aurrera krisi ekonomiko handiak eragina izan zuen eraikuntzan.

Lehen garaitik nabarmentzekoa da Bilboko Atxuri geltoki berria (1913-1915), "Uso-tiroa" eta Madrilgo Antonio Garay Egoitza. Aipatzekoak dira Neguriko (Getxo) Portuko pasealekuan egindako Carlos Lewisonen etxea, 1908ko proiektua; Zugazarteko (Getxo) Luis Aranaren etxea; Victor Chavarriren Artaza jauregia, Leioako errepidean, Martinez Rivas familiaren jauregia, Algortan; Emilio Ibarraren etxea, Atxekolandetan (Getxo); Luis Lezama Leguizamonen jauregia, Getxon, eta beste hainbat eraikin garrantzitsu, hala nola Carlton Hotela.

1936an familiarekin Bordelera joan zen bizitzera, eta han pintura landu zuen, bere zaletasun handietako bat baitzen. Itzuli zenean, herrialdea, batez ere Bizkaia, suntsituta zegoen. Garai hartan, jauregi bikainen ordez bizilagunen etxeak behar ziren, eta horixe egin zuen ahalegin osoz. Dena den, egoitza handi batzuk garai hartakoak dira, esaterako, Ibarrekolandako Zubiria Kondesaren etxea, Getxoko Arrospide txaleta eta Arrankudiagako Teodoro Arocenaren etxea. Haren biografia egin duenak, Maite Paliza Monduatek, eragin handieneko enkargu gisa Gernikako Plazako etxe multzoa aipatzen du, 1939an proiektatutakoa. Arquitectura Contemporánea en España (Madril, 1934) lanaren egilea da, eta aldizkari espezializatu batzuetan arkitektura eta hirigintzari buruzko hainbat artikulu ere argitaratu zituen.

1991n Bilboko Arte Ederren Museoan bere obraren erakusketa antologikoa egin zuten.

Erref. Paliza Monduate, Maite. "Manuel María Smith Ibarra". Colección de Temas Vizcaínos, 145 (1987).