Konposatzaileak

Aita Donostia

1943ko hilabete hauetan zehar mesfidantzako giroa antzematen du harremana duen pertsona zibil eta erlijiosoen artean. Nabaritu du baita musika giroak ez duela euskal gaiekin erlazionatutako ekintzen sustapena, ikerkuntza eta antolaketa bultzatzen. Deseroso dago. Hezkuntza Nazionaleko Ministerioak Bartzelonan finkatu zen Musikologiako Institutu Espainiarra sortu zuela jakin zuen. Erakundearen funtzionamenduaren ardura Higinio Anglesi eman zioten, Aita Donostiaren oso laguna zena. 1944ko otsailaren 7an Bartzelonara joan zen. Bere hurrengo egoitza izan zitekeen Nuestra Señora de Pompeya komentua bisitatu zuen. Kataluniako Aita Probintziala bisitatu zuen eta Bartzelonan inkardinatzeko nahia adierazi zion.

Higinio Anglesekin hitz egin zuen, egin zezakeen lan motaz mintzatzeko. Hilaren 16an Lekarozera itzuli zen. Hemen bisitak jasotzen jarraitu zuen, zenbait partitura berri konposatu zituen eta bere eginkizunak ahalik eta era onenean uzten saiatu zen.

Azkenik, apirilaren 26an Lekaroz Ikastetxeko Zaindariaren egunean, Bartzelonarako bidaia etapa ezberdinetan egin zuen. Maiatzaren 1ean iritsi zen, Diagonal 450ko Nuestra Señora de Pompeya-an instalatu zelarik. Arratsaldean Higinio Angles ikustera joan zen eta Marius Schneider musikologo alemaniarra agurtu zuen. Beraiekin elkarrizketatu ondoren, Institutuan lanak hasteko egutegia finkatua geratu zen: datorren ekaina bukaera. Fitxategi folkloriko baten eraketaren ardura eman zioten, argitaratu edo argitaragabeko eskualdeko Kantutegi guztien hustuketaren ardura. Hemendik aurrera erakartzen dion lan-eskema dauka eta adiskide zahar eta berrien talde zabal baten babesa sentitzen du, agertzen duen guztiarekin laguntzen diotena.

Konpositore jarduerarekin jarraitu zuen, Bartzelonako erakunde eta pertsonen edo Urt-Belloc-eko beneditarren eskaera anitzei erantzunez. Garai honetan amaitzen ditu organorako Itinerarium mysticum, Missa pro defunctis eta honen ondorengo orkestrazioa eta Tríptico franciscano.

1952ko martxoaren 17an Bartzelonatik Lekarozera joan zen bizirik zeuden Aita Jose Miguel de Aldaz eta Aita Ambrosio de Echarren adiskideekin erlijioko profesioan Urrezko Ezteiak ospatzeko.

1953ko urtarrilaren 13an aulkian eserita zegoela lurrera erori eta eskuin eskumuturra hautsi zuen. 1954ko maiatza arte organoa jotzeari utzi zion.