Literatoak

Sota Aburto, Manuel de la

Txanka.

Letra-gizona eta kultura-sustatzaile bizkaitarra, 1897ko uztailaren 29an jaio zen Getxon (Areeta). 1979ko abenduaren 16an hil zen Getxon, 82 urte zituela.

Familia-negozioetan ez zen gehiegi sartu eta Zuzenbidea ikasi zuen Salamanca eta Cambridgen. Azken hiri horretako Unibertsitatean irakasle izan zen hainbat urtez. Bizkaira itzuli zenean, euskal nazionalismoan sartu zen eta 1921ean euskal nazionalismoa zatitu zenean, ez zuen zalantzarik izan talde independentistenean sartzeko (Aberriko EAJ).

Jarduera sektore-taldetan banatu zen eta Manu Sotak bere gaitasun sortzaile bereziak baliatu zituen. Hala, Eli Gallastegui eta José María Ucelay pintorearekin batera, erakundearen antzerki-lan propagandazkoa bultzatu zuen. Bere zuzendaritzapean bere lanak eta hainbat egileren egokitzapenak (Arana Goiriren Libe edo Campionen Pedro Mari) antzeztu zituzten. Sarri, gainera, euskara erabili zuen antzezpen horietan. Modu horretan antzeztu ziren, besteak beste, berak sortutako hauek: Un baile en la Bilbaína en 1860, Pedro Ignacio, Itxaso izarra, etab. Euskaraz idatzitako sormen-lanei dagokienez, hizkuntza horretan bere maisu izan zen "Lauaxeta" poetak lagundu zion. Bestela, Jose de Altuna edo Paul Guilsounek (Bihotz apala kasu) ekarri zuten bere lana euskarara. Poesia ere idatzi zuen eta, besteak beste, Tis-tas eta din-dan edo Mitxeleta abeslariak piezak sortu zituen.

Aipatutako ideia politikoak bazituen ere, aintzat hartu zuen garai hartan Espainian garatzen ari zen mugimendu garrantzitsua (27ko belaunaldia). Hala, bere kolaborazioak (eta Ucelayrenak) ikus daitezke, besteak beste, hauetan: Revista de Occidente, La Gaceta Literaria, Litoral, etab. Orduan euskal prentsan "Txanka" ezizena hartu zuen. Ideia eta estetika modernista atsegin zituen eta mendizaletasunean ere ikus daiteke hori. Hala, 1928-1930 bitartean Pyrenaica aldizkariko zuzendari izan zen. Horri, Athletic de Bilbao klubeko presidente zela gaineratu behar diogu. Hala, 1932an Eusko Ikaskuntza Elkartearen Batzorde Iraunkorrean Kirol arloko batzordekide izendatu zuten eta 1936. urtera arte bete zuen kargua. Bestalde, Eli Gallastegui oso laguna zuen eta, horren eraginez, Mendigoizale mugimendua sustatu zuen korronte nazionalismoaren alde egin zuen. Dena den, beti aritu zen elkarlanean, gerora lehendakari izan zen Jose Antonio de Aguirrerekin.

1937an erbestera jo zuen eta propaganda-lan handia egiteari ekin zion. Modu horretan, Eusko Jaurlaritzaren ordezkari izan zen "Euzkadi" futbol-taldeak apirilean munduan zehar abiatu zuen biran. Halaber, Eresoinka taldeak abenduan hasi zuen txangoan ere bera izan zen ordezkaria. Gainera, berak egin zuen Akerlanda margolanaren konposizioa eta argumentua. 1940an Eusko Jaurlaritzak New Yorken zuen ordezkaritzan izan zen Sota. 1946. urtera arte kolaboratu zuen han eta mundu-gerra amaitu zenean, Miarritzeko bere "Etchepherdia" etxera itzuli zen. Egonaldi hartan sortu zuen Yanki hirsutus, conversaciones sin importancia sobre los habitantes del nuevo mundo anglosajón. Lapurdin bizi izan zen hil arte Ramon anaiarekin batera. Han eusko ikaskuntzetan murgildu zen buru-belarri. Bera izan zen Miarritzen 1948an egindako Eusko Ikaskuntzaren Kongresuko antolatzaileetako bat. Halaber, gerraostean berreraiki zen Euskaltzaindiako kide izendatu zuten. Liburutegi handi samarra pilatu zuen, gerora, beste hainbat objekturekin batera (grabatuak, akuaforteak, marrazkiak, mapak, etab.) Baionako Euskal Museoan eman zituenak dohaintzan.