Kontzeptua

Jaurgoa

Arabako Kofradien jatorria, ziurrenera, XI. mende amaierako eta XII. mende hasierako dokumentazioan agertzen diren "Arabako baroiak" edo "milites alavensibus" izendapenetan aurkitu behar dugu. Badirudi, une horretatik aurrera Arabako espazioaren eta bertako biztanleen gainean eskuduntza jakin batzuk zituen noblezia-kolektibo bat dugula mintzagai, nahiz eta zenbait familia dagoeneko landa-kaparetasun horretan nabarmendu (Pierola eta Mendoza) .

XIII. mendetik aurrera zilegi da haien funtzionamendu-organigrama zein zen jakitea. Jauna zen Kofradia horretako burua, ustez Arabako kofradiakideek hautatzen zutena. Hark kofradia horren izenean inposatzen zuen bere jaurgoa eta zenbait eskuduntza jurisdikziozko, fiskal eta defentsako zituen Arabako kapareen orube eta jabetzak kokatzen ziren lurren gainean. Horrek ez zuen ekarri kargu hori tokiko nobleziak betetzea, izan ere, XIII. mendearen bigarren erditik eta XIV. mendeko lehen hereneko amaiera arte erregetzako infanteek edo Lara, Haro eta Cameros Gaztelako leinu ospetsuen ondorengoek bete zituzten, Alfontso XI erregearen Kronikan argi ikus daitekeenez.

Jaunak, normalean, Arabako kofradiakideen adostasunarekin jarduten zuen, hau da, haien baimenarekin, partikularrek haiei egindako eskariak aintzat hartuz, gerora, Jaunak berresten zituelarik.

Bestalde, Kofradiak bere alkatea ere bazuen, Jaunak izendatzen zuena. Alkate izateko baldintzetako bat kaparea izatea zen. Azkenean, "Araba nuklear" delakoaren leinu handiek kontrolatu zuten kofradia. XI. mendetik XIV. mendeko hastapenera arte horiek izan ziren Arabako jaunen lurralde nagusiak -nobleak hitzaren zentzu zabalean, zeuden kategoria ezberdinak aintzat hartuta (gizon aberatsak, kapareak, etab.) -. Haiek, nagusiki usufruktuzko laborariek landutako lur askoren jabetza osoa zuten eta , horrez gain, beren nekazari-morroien gaineko jaurgoa erabatekoa zen. Ondorioz, geografian zehar sakabanatutako populazio-zelula handiz osatutako espazio oso bat menderatzen zuten.

1332. urtean Arabako Jaunek Kofradia desegitea erabaki zuten, trukean hainbat ordain eskatuz. Modu horretan, zonaldean esparru juridiko eta administratibo berria egituratu zen. Edozelan ere, erabateko jaurgoa zen, noblezia zantzua zuen izaera kolektibo indartsua zuena.

Bizkaiko Jaurerria da Euskal Herrian halako instituzioek izan zuten garrantziaz jabetzeko adibiderik argiena.

Haren jatorria, ziurrenera, XI. mendean bilatu behar dugu, Iruñeko Erreinuan. 1379. urtera arte, Bizkaiko Jaunak Gaztelako Koroako goi-nobleziako kideak izan ziren, salbuespen batzuen gorabeheran. XIII. mendean jaurerria Harotarren familiak bereganatu zuen. Horiek Gaztelako monarkiarekiko basailutza-harremanak zituzten. Harreman horiek funtzionamenduaren ezaugarri bihurtu ziren. Era berean, bizkaitarrek, zehazki Ahaide Nagusiek eta hiribildu berrietako oligarkiek, basailutza-harremanak finkatu zituzten Jaunekin. Hala, obedientzia zin egiten zieten horretarako antolatzen ziren protokolozko ekitaldi batzuen bidez. Ekitaldi horretan, itunak ziren nagusi.

1379. urtetik aurrera Gaztelako erregeak izan ziren Bizkaiko Jaunak. Jaunek ahaide nagusi horietako askori hainbat errenta eta eskubide onartu zizkieten, haiengandik jasotako zerbitzuaren eta haiek erakutsitako leialtasunaren trukean. Jauna zen Bizkaiko botere gorena. Dena den, hariek antolatutako administrazio-sistemak funtziona zezan eskumen batzuk Ahaide Nagusien eta hiri-kontzejuen eskuetan utzi zituzten.

Jaurerria Lautadan garatu zen erabat (Merindadeak eta Elizateak) . Aitzitik, hiribilduetan errealitate juridiko eta sozial berriak agertu ziren berehala, jaurerriaren jatorrizko ezaugarriak aldatuz. Nolanahi ere, Jaunek hiribilduetako alkateen edo Foruko alkateen sententzia judizialen aurkako apelaziozko azken errekurtsoak aurkezteko eskumena mantendu zuten Erdi Aroko denbora gehienean. Horrez gain, hiribilduetako probestu eta Lautadako beste ofizial batzuk (Merioak eta Prestameroak) eta, beranduago, Korrejidoreak izendatzeko eskumena gorde zuten. Finean, hauek ziren Bizkaiko Jaunek jaurerrian zituzten botere eta aginterako tresnak: eskuduntza fiskal, militar eta judizialak; haien politika gauzatzeko beharrezkoak ziren zenbait kargu izendatzeko eskumena; eta hiribilduak sortu edo legegintza-ekimenak sustatzeko zuten eskuduntza.