Eskultoreak

Agirre Alvarez de Arcaya, Jose Gabriel

Zendu eta bi hilabete eta erdi baino igaro ez zirelarik, 1988ko azaroaren hastapenean, Arabako Kutxak erakusketa-areto bat inauguratu zuen Dendaraba: Arabako Aretoa izeneko merkataritza gunean. Inaugurazio hartan artistari omenaldi xume bat egin zitzaion. 1993ko azaroan, hiriko Ur Gordailu zaharrean bere eskultura-lan nagusietako batzuk paratu ziren, hogeita hamar inguru, gehienak formatu handian. Jose Gabriel Aguirrek bakarka egindako azken erakusketetako bat 1981eko abenduan Arte eta Ofizioen Eskolan egindakoa izan zen, Euskalerriaren Adiskideen Elkartean barneratzeko lagungarri izan zena. Hil ostean bakarkako bi erakusketa antolatu ziren bere izenarekin. Bilboko Mikeldi galerian ere egin zuen erakusketa 1974ko urrian.

Bizi zen artean, erakusketa kolektibo askotan parte hartu zuen. 1972an Barakaldo eta Tolosako Euskal Artearen Erakusketan; 1973an Aita Barandiaranen omenezko erakusketan, Ataunen; 1974an Donostia, Iruña eta Gasteizen antolatu zen Un escultor y cuatro pintores alaveses izenekoan; 1975ean Escultura vasca izenekoan Hondarribiko Euskal-Jaietan; 1978an Arrasaten ospatu zen Escultura Vasca: Oteiza, Chillida, Basterretxea, Aguirre, Mendiburu, Larrea, Carrera y Ugarte erakusketan; 1979an Gasteizen Orbegozo Fundazioan antolatu zuen Erakusketan; eta laurogeiko hamarkadan bere piezak erakutsi zituen Arteder azokan, Gure Artea lehiaketan, Bilboko Windsor Galerian, Iruñeko zitadelako pabilioietan, Donostiako San Telmo Museoan eta Arabako Probintzia Museoan, jendaurreko beste agerpen batzuen artean.

Horrez gain, Arabako Arte Ederren Museoan bere eskulturak paratzen dira eta baita Gasteizko hiriko hainbat espazio publikotan sakabanatuta ere. Florida parkean, Santa Barbara plazan eta Peñafloridako kondea plazan. Halaber, Udalaren beste hainbat egoitzatan eta baita Vital Kutxaren egoitza ezberdinetan ere.