Kontzeptua

Lehen Mundu Gerra Euskal Herrian

Gerra Handiak, 1914-1918ko gerrari orduan deitu zitzaion moduan, mundu mailako nagusitasunaren borrokan aurrez aurre jarri zituen potentzia inperialista handiak, eta gerra gatazka handia bihurtu zen, suntsipen-indar izugarria izan zuen (20 milioi hildako) eta arma hilgarri berriak agertu ziren.

Baina batez ere, Lehen Mundu Gerrak gertakari ugari gertatzea ahalbidetu zuen, besteak beste Errusiako Iraultza hastea, Estatu Batuak potentzia nagusi gisa Europako herrialdeen aurretik jartzea, langileen klaseko nazioarteko elkartasuna amaitzea, eta Austria-Hungariako, Errusiako eta Turkiako Inperioak desagerraraztea; horrekin batera, Europan estatu burujabe berri ugari ere jaio ziren.

Estatu espainiarra neutrala izan zen arren, eta nahiz eta mundu mailako gatazkan ez sartu, Hego Euskal Herriak modu aktiboan hartu zuen parte guda hartan, herrialdea Alemaniaren aldekoen eta Aliatuen aldekoen artean bereizi zen; azken joera hori zen nagusi. Horrez gain, Aliatuekin (batez ere Ingalaterrarekin) izan zuen merkataritza harremanak ere eragin berezia izan zuen; horri esker, euskal itsas ontziolek gorakada ikaragarria izan zuten eta, era berean, horrek Bizkaiko ekonomia modu izugarrian haztea eragin zuen, baita euskal abertzaletasunaren politika zabaltzea ere, eta azkenik: Euskaldunek Aliatuen kausari egindako ekarpena, orduko Europa demokratikoari, Frantziako Legio Atzerritarrean sendotasunez borrokatu ziren ehunka euskal boluntarioen bitartez.

RVG

Gerra garaian Hegoaldeko Euskal Herriko ekonomiak hazkunde ikaragarria izan zuen, batez ere ontzi konpainien bitartez: Itsas garraioa eta ontziak eraikitzea, nazioarteko merkataritzarako zein burdinaren minerala Ingalaterrarantz esportatzeko garraioaren eskariak gora egin zuelako, gerraren beharrizanei erantzuteko.

Lortutako mozkinekin banku berriak sortu ziren, esaterako Banca Urquijo (1918) eta Banco Central (1919); horren ondorioz, euskal finantza kapitalak estatu espainiarrean lehentasun argia lortu zuen. Lehen Mundu Gerraren ohiz kanpoko mozkinek beste enpresa berri batzuk sortzea ere eragin zuen, esaterako Gipuzkoako enpresa metalurgikoak. Horrez gain, Bizkaiko Labe Garaien produkzioa ere izugarri aldatu zen; hiru txandatan egiten zuten lan eta gerrako azken bi urteetan 100-150 milioi pezeta arteko mozkinak lortu zituzten. Modu berean, paperaren industriak ere loraldi izugarria izan zuen, Papelera Española sortu baitzen (Aresti, Arteche, Gandarias, Urgoiti) eta azken horrek estatuko merkatua menderatu zuen; ehungintzaren ekoizpena ere asko hazi zen eta etxetresna elektrikoen enpresa garrantzitsuak sortu ziren.

RVG

Hegoaldean, Katalunian bezala, frantsesen eta alemaniarren aldeko indarren lerrokatzea lehengoen aldekoa izan zen alde handiarekin, eta horrek estatuarekin alderatuta aldaketa adierazten du, estatuan alemaniarren aldekoak baitziren nagusi. Hegoaldeak arrazoi onak izan zituen Aliatuen alde egiteko, Ingalaterrarekin zuen merkataritza harremanak mozkin izugarriak ematen baitzizkien Bizkaiko ontziolei. Horregatik, Aliatuen alde egon zen euskal burgesiaren gehiengoa eta ezker moderatuko erakundeak (sozialistak, errepublikanoak...); tradizionalistak eta monarkiaren aldekoak, ostera, alemaniarren aldekoak ziren. Klase ertainean ere alemaniarrak babesten zituzten jende asko zegoen, batez ere lanbide liberaletakoak: sendagileak, abokatuak eta notarioak, ingeniariak, merkatariak eta abadeak. Karlisten eta euskal abertzaleen artean, ostera, Aliatuen aldekoak ziren nagusi. Karlistak bi joeratan bereizi ziren: Vazquez de Mellak gidatutako joera, alemaniarren aldekoa, eta Don Jaimeren aldeko joera, Aliatuen aldekoa; azken hori nagusitu zen euskal karlisten artean.

Alemaniarren aldeko Carmelo Echegaray jaun ospetsuaren eskutitza, 1918ko azaroaren 12koa. Orduan munduan gertatzen ari diren gauza guztiez hitz egingo dugu, buru sendoena ere aztoratzeko gauza baitira. Orain, mozorroak kendu ondoren, herrien independentzia eta askatasuna defendatu zutenek bilatzen zutena ikusiko dugu. Gure abertzaleak Abraham Lincolnen gorazarrea egiten eta Wilson miresten ikusteak mintzen nau ni gehien. Boteretsuaren eta garailearen paperak beti nazkatu izan nau, eta gero eta gehiago nazkatzen nau. Euskaldunaren berezko handikeria eta kaparetasunarekin lehiatu izan da. Inoiz baino gehiago, zorigaiztoaren zaldun sentitzen naiz eta Kaiserrarekin bat nator; Kaiserra da, gainera, kanpaina injustuen xede modu indartsuenean. Erref. Echegaray, C.: Cartas a D. Serapio Múgica, 1987, 520-521 or.

Euskal abertzaletasunaren barruan ere bi joera izan ziren: Gehiengoarena, Engracio de Aranzadi ("Kiskitza"-k) zuzentzen zuen Euzkadi egunkaria adierazpen baliabide gisa erabiltzen zuena, eta gutxiengoarena, Luis Arana ordezkaritzat zuena; Aranak 1915ean Comunión Nacionalista Vasca (C.N.V.) delakoaren lehendakaritza galdu zuen, hain zuzen, alemaniarren aldekoa izateagatik. Hedabideetan, Aliatuen kausak argitalpen abertzaleen, sozialisten, errepublikanoen eta liberalen babesa jaso zuen.

RVG

Gerra hasi zenetik euskal intelektual gehienak Aliatuen aldekoak ziren, eta modu argian jakinarazi zuten. Izan ere, Aliatuen alde estatu espainiarreko intelektual batzuek emandako adierazpena (1915eko uztaila) zenbait euskal intelektualek ere sinatu zuten, tartean Ignacio Zuloaga margolaria (Parisen Euskal Herriko eta estatu espainiarreko beste nazio batzuetako boluntarioen omenezko afari batean ere parte hartu zuen), Ramiro de Maeztu idazlea (gerra garaian Aliatuen frontean korrespontsal gisa aritutakoa), Miguel de Unamuno, Juan Madinabeitia, Luis Urrutia, Perez de Ayala, etab. Aldiz, Ententearen aldeko adierazpenean (alemaniarren aldekoa) Andoni Goikoetxea baino ez dugu aurkitzen, baina jakin badakigu Carmelo Echegaray ere, besteak beste, alemaniarren aldekoa zela. Poo Baroja jaunak, bestalde, Kaiserren aldean militatu gabe, Aliatuen aldeko babesetik urruti zegoela adierazi zuen.

Euskal artearen esparruan, margolari eta eskultore ugari Aliatuen aldekoak ziren, eta horren adierazpen argiena Hermes aldizkaria izan zen, Jesus de Sarnak zuzendutakoa, eta Ramon de Belaustegigoitia eta Pedro M. Michelenaren artikuluen kolaborazioarekin eta euskal artisten grabatuekin eta testuekin, besteak beste Zuloaga edo Jose Arruerenak. Boluntarioen aldeko zenbait erakusketa antolatu ziren, esaterako 1917ko azaroan "Espainiako legionarioen aldeko arte erakusketa katalogoa" izenarekin antolatutakoa, eta zenbait erakusketetan parte hartu zuten Aliatuen aldeko artisten artean, besteak beste, hauek daude: Alberto Arrue, Ignacio Zuloaga, Valentin de Zubiaurre, Juan de Echevarria, Jose Arrue, Anselmo de Guezala, Gonzalo Bilbao, Unturbe, Uria, Aurelio Arteta eta Gustavo de Maeztu. Beste alde batetik, boluntarioen aldeko diru-bilketak ere egin zituzten; horietan, besteak beste, hauek hartu zuten parte: Miguel de Unamuno, Ignacio Zuloaga, Luis Urrutia, Antonio de Guezala, Esteban de Aguinetxe, Feli Lascaray, Juan Perez de Ayala eta Pio Ibarra.

RVG

Denbora tarte horretan, Bilboko ontzi konpainiek mozkin izugarriak lortu zituzten, Ingalaterrarekin zuten merkataritza harremanagatik eta Bilboko portuak zuen zirkulazio erraldoiagatik. Hortaz, 1917an, bi ontzi-konpainia berri sortu ziren. Merkataritzako euskal ontzidiak estatu mailakoaren % 70 hartzen zuen, eta ontzi gehienek Bilboko matrikula zeukaten. Ontzi jabe handi guztietatik, Ramon de la Sota abertzalea azpimarratu behar dugu, Aliatuen aldeko mugimenduan eta ontzien industrian erabakigarria. Berak eraman zituen itsas zirkulazioaren onura handienak (batez ere burdinaren minerala Britainia Handira garraiatzeagatik), eta Ingalaterrarekin harreman estua izan zuen. Alfontso XIII.arengandik noblezia-titulu bati uko egin ondoren, 1921ean Ingalaterrak Sir Knigh Commander of the order of the British Empire izendatu zuen, hau da, Britainiar Inperioko Ordenako Jaun Komandantea.

Baina Alemaniako urpeko ontzien jazarpenaren erruz euskal ontzi eta marinel asko ere galdu ziren: 1914tik 1918ra 59 itsasontzi hondoratu zituzten, estatuan hondoratutako itsasontzien % 80. 125.000 tona baino gehiago itsasoaren hondora joan ziren, eta 68 euskal marinelen bizitza eraman zituen. Tona gehien zituzten hondoratutako merkataritza itsasontzien artean, hauek zeuden: Mendibil-Mendi, 4.719 tonakoa; Telesfora, 4.069 tonakoa; 2 de noviembre, 3.500 tonakoa, Mar Adriático, 3.410 tonakoa, eta Santanderino, 3.340 tonakoa.

RVG

Gerra urte horietan euskal abertzaletasunak hazkunde garrantzitsua izan zuen, eta gerra bukaeran asko hazi zen. Ontzien sektorearen mozkinek, De la Sota buru zela, erakunde abertzalean eragina izan zuten, eta alderdia egituratzen eta hobeto antolatzen lagundu zuten; 1916an izena aldatu zuen, C.N.V.(Comunión Nacionalista Vasca) izena jaso zuen EAJren ordez. Horrez gain, euskal abertzaletasunak bi programa aurkeztu zituen: Programa nagusiak, 1838an desagerrarazitako "lagi zarra" (lege zaharrak) berrezartzean zuen helburu; Lopez Mendizabal ordezkariak gai hori aurkeztu zuen Laussannen (Suitza) ospatutako Zapaldutako Nazioen Asanbladan, 1916an; programa txikienak Kataluniak 1913an lortutakoa Euskal Herrian lortzea zuen helburu: Kataluniako Mankomunitatea; hortaz, C.N.Veko Bizkai Buru Batzarrak katalanen antzeko proiektua osatu zuen.

1916an euskal oligarkia dinastian eta Ramon de la Sotak ordezkatutako euskal abertzaletasunaren sektorean (gero eta eskuinerago zegoena) zenbait interes bat etorri ziren. Hala ere, eskuineko euskal abertzaleen eta monarkikoen arteko bat-etortze hori bat-batean bukatu egin zen 1917 eta 1918. urteetan, urte horietan estatu espainiarra astindu zuen krisialdi politiko larriaren ondorioz. Beste alde batetik, gerrako azken bi urte horietan euskal abertzaletasunak gora egin zuen AEBko presidente Woodrod Wilsonen 14 puntu ospetsuei esker, Wilson zapaldutako nazioentzako autodeterminazio nazionalaren programa baten aldekoa baitzen.

Hortaz, gerrako azken urtean euskal abertzaletasunak gorakada nabarmena izan zuen, eta hauteskundeetan islatu zen, zenbait hauteskunde irabazi baitzituzten, esaterako 1918ko otsailekoak, Bizkaiaren izenean seitik bost diputatu lortuz. Nazioarteko borrokaldia bukatu ondoren, eta estatu nazional berriak agertzearekin batera, euskal abertzaletasunak bultzada berriak lortu zituen, eta muturrerago kokatu zen.

RVG

Ehunka euskal boluntariok Gerra Handian Frantziako Legio Atzerritarrean izena emateko zenbait arrazoi egon ziren: hasteko, kontuan hartu behar da elkarte errepublikano, sozialista eta abertzaleetan Aliatuen aldeko giroa zela, alderdi horiek garatutako Aliatuen aldeko propagandarekin batera; guztia euskal herritarren gehiengoaren iritziarekin bat zetorren. Horrez gain, Frantziako nazioak zuen prestigioa ere aintzat hartu behar da, orduan indar progresistek benetako askatasunaren, independentziaren eta eskubide demokratikoen ordezkaritzat hartzen baitzuten, Alemania eta Austria-Hungariako Inperioen aurrean, azken horiek potentzia militar eta diktatorial gisa ikusten baitziren, herrien zapaltzaile gisa.

Hortaz, Alemaniak Belgika inbaditu eta Paris mehatxatuz Frantziako iparraldea okupatzea lortu zuenean, zenbait joera politikotako euskaldun ugari (baina joera nagusirik izan gabe) Frantziak ordezkatzen zituen ideal mehatxatuak defendatzeko borrokara abiatu ziren, Alemaniako inperioak mehatxatzen baitzituen. Beste faktore garrantzitsu bat: aliatuek besteek zapaldutako nazioak babesteak zenbait euskal abertzalek izena ematea ere eragin zuen, maila indibidualean, ezein erakunde abertzalek parte hartu gabe. Zenbat izan ziren? Zenbat atera ziren bizirik? Gerra bukatu zenean % 20- 25 bizirik zeudela badakigu, eta gehienak Frantzian bizi ziren. Kopuruari dagokionez, soilik ehun inguru aurkitu ditugun arren, berrehun edo hirurehun inguru izan ziren, edo agian pixka bat gehiago.

RVG

Euskal boluntarioak gerra hasi zenetik gerturatu ziren izena ematera, besteak beste, toki hauetan: Euskal Herria, Frantzia, batez ere Paris eta Lyon, etorkinak eta erbesteratuak bizi ziren tokiak, baina baita Amerika eta Afrika iparraldea ere.

Alemaniako armadak mehatxatutako Parisen euskaldunek, atzerriko beste kolonia batzuek bezala (katalanak, poloniarrak, italiarrak, etab.) antolatu eta Legio Atzerritarraren blokean izena eman zuten, hura baitzen atzerritarrak hartzen zituen Frantziako erakunde militar bakarra. Hala ere, euskal boluntario gehienak Hegoaldekoak ziren, eta gehienak Bilbon Frantziako Kontsulatuan, edo mugaz bestaldera, Baionan eman zuten izena.

Euskal boluntario gehienek armak erabiltzen ikasi zuten, lehendabizi Baionako entrenamendu militarrerako esparruan, eta ondoren Valbonneko École d'Application de Tir del Camp delakoan. Legio Atzerritarrean bost kontinenteetako 60 herritartasun baino gehiagoko boluntarioek eman zuten izena. 1914-1915 tartean, kopurua 16.000 ingurukoa zen, eta horietatik % 1 baino pixka bat gehiago ziren euskaldunak; % 20 inguru, bestalde, katalanak ziren. Euskaldun gehienak Martxako Lehenengo Erregimentukoak ziren, eta makina bat lanbidetatik zetozen: meatzariak, metalurgia arloko langileak, marinelak, musikariak, irakasleak, eraikuntzako langile bat, baita Filosofia eta Letretan lizentziatutako bat ere. Horrez gain, gehienak euskaldunak ziren, asko Bilbotik eta neurri txikiagoan Gasteiztik eta Iruñetik etorri arren.

RVG

Frantziako armadaren borroka-tropa onenetako batek osatzen zuen Legio Atzerritarra, eta borrokan sakrifikatu ziren, beti gudaren lehen lerroan borrokatu ziren, indarrez eta adorez, baja kopuru izanik ordainetan. Euskal boluntarioak fronterantz abiatu ziren 1914ko irailean Joffre mariskalaren agindupean; Marne ofentsiban hartu zuten parte, eta alemaniarrek Aise lerrorantz atzera botatzea lortu zuten.

Izan ere, 1915eko udaberrian hasi ziren Legio Atzerritarraren gerra ekintza handiak: 1915eko maiatzeko La Targetteko aurrez aurreko liskarrak ospetsuak izan ziren, 140 kota estrategikoa lortu baitzuten, bost metroko sakontasuna irabaziz. Erasoan parte hartu zuten 2.800 legionarioetatik 1.200 hil egin ziren, tartean euskaldun asko ere bai, besteak beste: Larrañaga eta Casamajou kaboa. Belloyen-Santerre, uztailean lortutakoa, euskal borrokalari ugariren hilobia izan zen: Andres, Garcia, etab. Hurrengo urtean, otsailaren 12tik abenduaren 15era bitartean, Verdunen gudu luze eta odoltsua izan zen, eta milioi erdi hildako eragin zuen. Otsailean bertan Legio Atzerritarreko Martxako Lehenengo Erregimentua bidali zuten hara, eta Meuseren ezkerraldean alemaniarrek metatutako defentsa ikaragarriak apurtzea lortu zuten. Bajak, gudu guztietan bezala, asko izan ziren, eta euskaldunen artean, esaterako, Exposito eta Leon Perez aipatu behar.

1917an Le Chemin des Dames ofentsiba odoltsuan ere parte hartu zuten, Oisean, Auberive irtengunea beregain hartuz; ordura arte horren kontrako Aliatuen eraso guztiek porrot egin zuten. Gudu guztietan bezala, horretan ere zenbait euskaldun lurperatu ziren, batzuk aipatzearren: Susperregui eta Chavarria. Gerrako azken urtean euskal boluntarioak indar biziz borrokatu ziren makina bat lekutan: Amiens, Soissons, Compiégne, Argonne, Saint-Baudry, Laffaux, Cachy, Montigny sur Marne, Arras... Eta berriz Verdun eta Chemin des Damesen, Frantzia iparraldeko fronte gogorragoetan eta zailagoetan. Euskal baja gehiago egon ziren: Zarandieta, Arteaga, Arrieta, Ibarra anaiak, Larrare, Alfredo Garcia. Hildako asko eragin ondoren, bizirik ateratzea lortu zuten boluntarioek erretiratzen ari zen Alemaniako armada erasotzen jarraitu zuten, Alsazia-Lorenan borrokatzen, Colmarren, Mulhousen... Ondoren Rhin ibaia zeharkatu, eta Alemaniako Palatinadoan sartu ziren; 1918ko azaroaren 11n gerra bukatu ondoren han gelditu ziren batzuk, Alemania okupatuko soldadu gisa.

RVG

1915eko apirilean, Aliatuek, Konstantinopla (Istanbul) menderatu nahian, ondoren Dardaneloen itsasarte estrategikoa hartzeko asmoz, espedizio talde bat bidali zuten tropa ingelesekin, frantsesekin, australiarrekin eta zeelandaberritarrekin, Sir Hamiltonen agindupean; Gallipoliko Penintsulan lehorreratu ziren. Operazio horretan makina bat euskaldun boluntariok ere parte hartu zuten, Afrikako Legio Atzerritarreko Martxako Lehenengo Erregimentuan integratuta; horietako batzuek hilabeteak zeramatzaten Frantziako iparraldeko lubakietan borrokan. Apirilaren 25ean lehorreratu ziren, eta erabateko porrota izan zen, bi kokaleku txikiri baino ezin izan zietelako eutsi: Sedd el Bahr eta Suviako bahia, milaka gizonen bizitza sakrifikatuz: Aliatuen aldeko 180.000 soldadu eta 66.000 turkiar hil ziren apiriletik 1916ko urtarrilera arte, eta Aliatuen azken tropek Gallipoli penintsula ebakuatu zuten.

1916tik 1918ra bizirik ateratzea lortu zuten tropek, Frantziatik zetozen beste tropa berri batzuekin batera, Ekialdeko Armada sortu zuten, eta Salonikako frontean borrokatu ziren; han hil zen Chavarria 1916an. 1918ko irailera arte ez zuten frontea apurtzea lortu, Mazedoniatik, Bulgariatik eta Serbiatik sartuz eta Nis eta Belgrad hiriak berreskuratuz. Boluntario batzuk, Danubioari jarraiki, Odessako portura arte iritsi ziren, Ukrainian. Euskal boluntario gehienek, berriz, Frantziara itzultzea erabaki zuten, Martxako Lehenengo Erregimentuan integratuta berriz ere; Soissonseko guduan parte hartzeko garaiz iritsi ziren.

RVG

Hasieratik, euskaldunak eta katalanak Baiona, Tolosa, Orléans, Lovoy eta Frantziako entrenamendu militarreko beste esparru batzuetan elkartu eta harremanetan jarri ziren, eta handik fronterantz abiatu ziren. Euskaldunen eta katalanen arteko laguntasunak lubakietako bizikidetzan eman zituen fruituak, baioneta bidezko erasoen berotasunean eta isiltasun luzeetan, eguneroko bizitzan. Borrokan zein atseden hartzeko tarteetan, elkarrengandik hurbil izaten ziren. Sarritan, aurrera egiten zutenean, baioneta kalatuta zegoela, "Vive la France!Gora Euskadi!" ohiukatzen zuten batzuek, eta besteek, aldiz, "Vive la France! Eta Visca Catalunya!". Boluntario euskaldun asko boluntario katalanekin laguntasun handia izatera iritsi ziren, eta elkarren ondoan, parez pare, erasoak egin eta elkar babesten ziren; horren isla da, esaterako Hernan Bengoetxea, Inocencio Andres, Betiri Otxoa, Chavarria, Fermin Estella, eta abarren kasua. Are gehiago, euskaldun batzuek, katalanekin batera bizitzearen ondorioz, katalana zuzen menderatzera iritsi ziren, Francisco Charralde, adibidez.

Katalanek elkartasunerako erakunde bat zuten: Comité de Germanor amb els Voluntaris Catalans delakoa, eta erakunde horrek, sarritan arropaz, liburuz, egunkariz, tabakoz eta abarrez betetako paketeak bidaltzen zituen. Gainera, Madrinatge de guerra ere idatzi zuten, eta horren bitartez, boluntario katalan ugarik "ama besoetako" bati gutunak idazten zizkioten, eta honek, zenbait elementuz hornitzen zituen. Hortaz, euskaldun ugarik ere "ama besoetako" katalana izaten zuten eta urtean zenbait pakete jasotzen zituzten. Beste alde batetik, Batzorde horrek zenbait zentro zituen Frantzian, baimenak lortzen zituzten soldadu katalanak laguntzeko eta haiei ostatua emateko, eta boluntario euskaldunek ere izan zuten aukera zentro horietaz gozatzeko.

Euskaldunek eta katalanek, bestalde, guda guztian egin zituzten zenbait ekintza elkarrekin, eta horrela jaso zuen Chavarriak Joan Sole i Pla medikuari bidalitako postalean ere (Sole i Pla Germanor Batzordearen presidente eta boluntario euskaldun batzuen laguna zen):

"Egun hartan erakutsi zioten Alemaniari, katalanen eta pilotan onak ziren euskal boluntario batzuen eskutik, Frantziaren alde borrokatzen diren soldaduen artean bazeudela egiten ari zirenaren jabe zirenak ere. Levoyko eskolan zeuden ikasle ia guztiak boluntario euskaldunak eta katalanak ziren, eta guztiak irakasle bikainak ziren...".

RVG

Euskal borrokalariek gerrari buruz idatzitako zenbait eskutitz eta dokumentuetatik Arrigorriagako Jose Peroneille Gorritxateguiren eskutitza daukagu:

"Frontean, 1918ko maiatzaren 9a. Apirilaren 26an, goizeko bostetan, Legioa, gizon bakarra balitz bezala, Hangardeko basorantz abiatu zen, gure Erregimentua mundu guztitik etorritako norbanakoek osatzen dugunez, ideal bakar bat delako nagusi: "Justizia eta Zuzenbidea", arima bakarrak biziberritzen du. Martxa erregularra zen, gerrillak zabalik etsaiaren artilleriaren aurrean. Bost minutu geroago mundu osoa salbatzeko bizitza sakrifikatu zuten heroiak armekin egindako agurrak hartu zituen. Eta une horretatik aurrera, alemaniarren hirurogei metrailadore baino gehiagok legionarioen lerroa segatu zuten. Horrek ez zuen, hala ere, tropen aurrerapen metodiko eta azkarra une batez ere gelditu. Kopuruz handiagoa zen etsaia garaitzeko kemenak, indarra eta xedeak, soldadu bakoitzaren esfortzuarekin lotuta, saria lortzea ahalbidetu zuten. Kilometro batez egin genuen aurrera, dozenaka preso hartu genituen eta galera asko izan genituen. Gure garaipenarekin Amiens hartzeko balioko lukeen etsaiaren eraso berri bat oztopatu genuen...".

Hau eskutitzaren beste pasarte bat da, eta boluntarioek Turkia europarreko Gallipoliko penintsulan lehorreratu zirenekoa kontatzen du:

"1915eko apirilaren 27an soldaduz, kanoiz eta bestelako materialez betetako garraio ugari, itsasartea urratzen saiatu ziren ontziekin batera, paso zailaren sarrera osatzen zuten puntetara hurbiltzen ziren, ingeniari turkiar eta alemaniarrek, bateria askorekin, gotorleku izugarriak eraikitzeko denbora izan zuten tokira. Gure kideak, gure arrazako anaiak zeuden Konpainiak lehorreratu zirenean, inurritegiak ziruditen gudaroste turkiar ugari aurkitu zituzten; kanoiek eta metrailadorek etengabe egiten zieten tiro soldaduak zekartzaten ontziei. Ontzi aliatuen artilleriatik ere, aldi berean, metraila iristen zen. Azkenean, uretara bota ginen, eta lur barrura sartuz, hondartzatik, baioneten puntekin gainetik kendu genituen eta kanoiak eta metrailadoreak jartzea lortu genuen, gure buruak babestea lortuz eta aurrera eginez...".

Eta azkenik, Bilbon hazitako Antonio Gonzalezen testigantzaren pasarte bat daukagu:

"...El día cuatro, por la tarde, nos toca a nosotros atacar. Nos encontramos en un barranco, y debemos franquear un espacio de terreno llano de un kilómetro. El enemigo había sembrado aquellas tierras con el ánimo de recoger las mieses pero los trigos que parecían destinados a convertirse en pan K. K., sirven para que los atacantes marchen ocultos, con lo cual no son tan mortíferas las ametralladoras enemigas tan tan grandes las pérdidas aliadas.

(...hilaren lauan, arratsaldez, gure txanda da, eraso egin behar genuen. Amildegi batean geunden eta kilometro bateko lautada bat zeharkatu behar genuen. Etsaiak lur horiek erein zituen uzta jaso asmoz, baina ogi izatera bideratutako gariak K.K, erasotzaileak gordetzeko baliagarriak izan ziren, horrenbestez, etsaien metrailak ez ziren horren hilkorrak ez eta horren handiak aliatuen galerak).

RVG

Euskal soldadu kopurua txikia izan arren, gorputza eta arima emateagatik eta izan zuten kemenarengatik nabarmendu ziren, eta horregatik, soldadu askok domina altuenak lortu zituzten, soldadu soila izatetik (atzerritarrak Legioan sartzerakoan izaten zuten mailatik, alegia) maila asko igotzea lortzen zuten, ofizialorde, kabo, sarjentu eta baita kapitain mailara arte ere, Gasteizko Jose Martínez bezala.

Jose Martinez gasteiztarrak soldadu soiletik kapitain izatera pasatzea lortu zuen oso denbora laburrean. Ohorezko Legioa, Frantziako domina altuena, 1917ko apirilaren 21ean lortu zuen "kolpe sendo" bat emateko asmoz, 17 soldaduk osatutako boluntario euskaldun eta katalanen talde batekin etsaien lerrora joateagatik. Bi aldiz zauritu zuten arren, erasoan jarraitu zuen eta bere Konpainiaren lerroetara itzuli zen 150 preso alemaniarrekin, tartean lau ofizial zirela.

José Arambarrik, Donostiakoak, Gerrako Gurutze Palmaduna lortu zuen, Souchezen 1915eko ekainaren 16an egindako ekintza bategatik. Bere konpainiatik isolatuta zegoela, sarjentuarekin eta soldadu batzuekin egin zuen aurrera 123 kotarantz, lehen lerroko kokalekuetan. Han kemen eta adore handia zuela erakutsi zuen, 48 orduz alemaniarren kontrako guda bortitz bati eutsi baitzion, granadak jaurtiz, haiengandik 30 pausura zegoen lubaki bat okupatuz. Zaurituta egon arren, granadak jaurtitzen jarraitu zuen, hartutako lubakia bukaerara arte defendatuz, nekearen ondorioz gehiago iraun ezin izan zuen arte. Hanka batean eta begi batean zauri larriak izan zituen.

Ekintza eredugarri edo heroikoengatik mailaz igo edo dominak jaso dituzten beste batzuen artean hauek zeuden: 1. Alfredo Santalla Estrella tenientea, "guztiok miresten dugun energia, borrokarako garra eta arriskuaren aurrean kemena duen ofiziala" (aipamen ofiziala). 2.2. Hernan Bengoetxea sarjentua, euskaraz zuzen idazten zekiena, aginte militar frantsesek "heroi euskalduntzat" jo zuten. 3. Francisco Beascoechea, Saint Waasteko guduan lortu zuen Gerrako Gurutzea, 1915eko maiatzaren 5ean, heroien pareko jokabidea izan zuelako. Larri zauritu zuten eta ezkerreko hanka moztu behar izan zioten. 4. Inocencio Andres Santurtziko meatzaria, lagunen bizia salbatzeagatik berea arriskuan jarri zuen hainbat aldiz. Eta gerra garaian izan zuten jokabideagatik saritutako beste asko, esaterako Gerrako Gurutzea jaso zuten Rafael Eraso eta A. Aibar.

RVG

Artxibategietan 123 boluntario euskaldunen izenak daude jasota, baina benetako kopurura gerturatzeko zifra hori bikoiztu edo hirukoiztu egin beharko genuke.

Boluntario ezagunen baja kopurua
123 soldadu euskaldun82 (% 66,66 datuekin)
41 (% 33 daturik gabe)
82ren datuak daudeHilda eta desagertuta40 (% 48,78)
Mutilatuak-larriki zaurituak16 (% 19,51)
Zaurituak6 (% 7,31)
Desertoreak4 (% 4,87)
Bizirik atera zirenak 16 (% 19,51)

Hortaz, izandako baja kopurua jakin dezakegu (% 75,60), hildako, desagertuen, zaurituen, larriki zaurituen eta mutilatuen artean; horri bizirik atera zirenetatik zauritutako 8 boluntario gehitzen badizkiegu, bajen ehunekoa % 85,35 izango litzateke, eta hori Legioak 1915eko abuztutik 1985era izan zituen bajen batez bestekoaren parekoa izango litzateke. Beste alde batetik, aipatu behar dugu zauritutako euskaldunen artean mutilatuen ehuneko altu batek gatazka oso latzak zirela azaldu zutela, eta arma hilgarri berrien erabilerak gora egin zuela.

Euskal boluntarioen jatorri geografikoari dagokionez, mapan ikus daitekeen moduan, 61 boluntarioren tokiko edo probintziako jatorri geografikoko datuak ditugu, eta kopuru nabarmen bat Bizkaitik dator (24); horren barruan, Bilbo (16) eta Arrigorriaga (4) aipatu daitezke, baita Gernika, Durango eta Santurtzi ere (bana). Ondoren dator Gipuzkoa, 13 boluntariorekin; horietatik 3 Donostiakoak eta Bergarakoak ziren, 2 Irunekoa eta bana Zarautz eta Hernanikoak. Nafarroako 12 boluntarioetatik, biren jatorria baino ez dugu aurkitu: Bat Iruñekoa eta bestea Barasoainekoa. Paradoxa dirudien arren, Iparraldeko 10 boluntario aurkitu ditugu, eta horrek kontraesana ematen du Iparraldeko hiru probintzietako intsumisoen eta desertoreen ehuneko altua aintzat hartzen badugu. Beste 63 udalerriei buruzko daturik ez daukagu, baina baliteke Bilbo eta inguruko hirietatik etortzea, batez ere, itsasadarra itsasoratzen den lekutik gertukoak, industria hartzen zuen Bizkaikoak; horiekin batera, Bizkaitik, Gipuzkoatik eta Nafarroatik barreiatutako udalerri ertain edo udalerri berri batzuk ere egon zitezkeen, hiriburuen kopurua ere areagotuz. Eta ziur asko, Gasteizko eta Arabako beste herriren bateko baten bat ere egongo zen.

RVG

Ezin ditugu 110 boluntario euskaldunen datu guztiak hemen jaso, eta horregatik, jokabide nabarmenagoa izan zutenak aukeratu ditugu:

Betiri Otxoa: Frantziara eraman zuten txikia zenean, eta 1914ko abuztuaren 26an eman zuen izena. Legio Atzerritarraren Martxako Lehenengo Erregimentua. Melcior Ferrer Kataluniako kazetari boluntarioaren lagun mina izan zen.

Jose Martinez: Gasteizkoa. Boluntario nabarmenenetako bat. Zenbait alditan zauritu zuten, baina neurrigabeko adoreagatik eta ausardiagatik, soldadu soil izatetik kapitain izatera pasa zen denbora gutxian. Aipamen nagusia eman zioten, Ohorezko Legioarena. Sole i Pla doktorearen lagun mina izan zen, eta azken hori izan zen boluntario katalanen arima eta gainera, Unió Catalanistako presidentea. Gerra bukatu eta gero turismo-bulego frantses batean egin zuen lan.

Antonio Leon: 17.217 zenbakidun identifikazio domina. Iparraldekoa zen. Ausardia eta adoreagatik nabarmendu zen, eta kapitain maila lortu zuen horri esker. Dardaneloen eta Balkanetako espedizioetan parte hartu zuen.

Leon Perez: Bilbokoa. 42.974 zenbakidun identifikazio domina. 1892ko abenduaren 8an jaio zen, eta 1914an eman zuen izena, Lyonen. Kabo izendatu zuten, zenbait alditan zauritu zuten eta zitazio ugari lortu zituen, gatazka-ekintzetan lortutakoak. Cumieresen hil zen, 1918ko urtarrilaren 20an. Burdin Gurutzea eta Palma.

Jose M. Aramberri: Donostiakoa. 24.651 zenbakidun identifikazio domina. Soldadu bikaina. Journal Officiel argitalpenean hainbat aldiz aipatu zuten. 1915eko ekainaren 16an larriki zauritu zuten. Gerrako Gurutze Palmaduna.

Hernan de Bengoetxea: Jatorriz bizkaitarra. Parisen eta Kolonbian ikasi zuen. Poeta eta idazlea izan zen. Gerrako hasierako egunetan eman zuen izena. "Euskal heroitzat" hartu zuten Frantziako aginte militarrek, eta borrokan kementsua eta suharra izateagatik nabarmendu zen. Arrasen hil zen 1915eko maiatzaren 9an. Gerrako Gurutzea eta Domina Militarra.

Alfredo Santalla Estrella: nafarra: Legio Atzerritarraren Martxako Lehenengo Erregimentua. 10. Konpainia. Ausardia eta adore handiko soldadua. Makina bat aldiz aipatu zuten. Teniente izatera iritsi zen, eta aipamen nagusiena lortu zuen, Ohorezko Legioa.

Antonio Gonzalez: Zamoran jaio zen 1880an eta Bilbon bizi zen 1900etik. Meatzaria. Baionan eman zuen izena 1914ko irailean. Soldadu bikaina. Hainbat borrokalditan nabarmendu zen. 1917an Estatu Batuetara joan zen Legioko beste ordezkari batzuekin batera, eta han Wilson presidentearekin bildu ziren. Gerrako Gurutzea eta Domina Militarra.

Francisco Beaskoetxea: Jaiotzez Arrigorriagakoa (Bizkaia). Jokabide heroikoa izan zuen 1915eko maiatzaren 9ko borrokaldian. Hanka bat eta beso bat moztu zioten. Gerrako Gurutzea eta Domina Militarra.

Rafael Eraso: Euskadin jaio zen 1886ko irailaren 11n. Izan zuen kemenagatik eta adoreagatik, hau ere hainbat aldiz aipatu zuten. Sarjentu izatera iritsi zen. 26.525 zenbakiko matrikula. Tilloyeko lubakietan hil zen, loriaz, 1915eko maiatzaren 14an. Gerrako Gurutzea eta Brontzezko Izarra.

Inocencio Andres: Santurtzikoa. Gerrako hasierako egunetan eman zuen izena. Meatzaria. Ohiz kanpoko adorea eta sakrifikatzeko espiritua zituen. Belloy-en-Santerren hil zen 1916ko abenduaren 11n. Gerrako Gurutzea.

Jose Peronelle Gorritxategi: Arrigorriagakoa (Bizkaia). Irakaslea. 27.686 zenbakiko matrikula. Andazaina, ausardia handiduna. Domina Militarra. Bizirik atera zen.

RVG

1917an Frantziako armadan hainbat matxinada eta talde mailako indiziplina krisialdi gertatu ziren, batez ere Soissons eta Reims arteko inguruan, eta Soissonen mendebaldean eta Reimsen ekialdetik Lorenako frontera arte; han Legio Atzerritarreko batailoiak zeuden. Soldaduen arteko intsumisio hori gerraren nekeak eta Chemin des Dameseko ofentsibaren porrot handiak eragin zuen: 271.000 baja frantses. Matxinada horiek gerrako lehen lerrora itzultzeari uko egitean gauzatu ziren, nahiz eta soldaduen batailoi ugari kalera atera ziren, bandera gorriak eskuetan, Internazionala abesten eta bakearen aldeko aldarriak oihukatzen.

Egoera horretan, gerra luzatzen ari zela eta soldadu asko hiltzea eragiten zituzten zentzugabeko ofentsiben garaian, ez da harritzekoa atzerriko legionarioak, lehen lerroan izaten zirenak, Frantziako armadan sortutako atsekabe eta matxinada giroaren eragina pairatu izana. Horregatik, soldadu euskaldunen artean ere matxinada jokabideak izan zituztenik ere egon zen, desertzio edo auto-lesioetan adierazi zirenak. Datuetan jasotako lau desertoreetatik hiruk protesta modu honi jarraitu zioten. Aginte militarrak legionarioen artean nagusi zen indiziplina egoera konpontzen saiatu ziren, Engagés Volontaires delakoei zuzendutako mezuak argitaratuz; mezu horietan, izena ematerakoan zuten xedea gogorarazten zieten, eta askapenaren eguna gertu zegoela ere azaltzen zuten.

Hala ere, euskaldun batzuek frontea utzi zuten, beste herritartasun batzuetako boluntario batzuen antzera. Iraunkorra ez zen infernu bilakatutako frontea zen hura. Hauek izan ziren desertore euskaldunak: Cruz-Taberna, marinela izandakoa, desertatu ondoren liburu saltzaile gisa lan egin zuena. Fermin Estella, nafarra, lehenago Espainiako armadako desertore ere izandakoa. Ausardiaz eta kementsu aritu zen erasoetako zenbait ekintzetan. Eta Urtuzu, meatzari indartsu eta segurua, desertore izan arte modu bizian borrokatu zena.

RVG

Bizirik atera ziren 16 soldadu euskaldunei (gure datuen arabera), kopuru guztiaren % 19,51, zalantzarik gabe desertoreak eta mutilatutako eta larriki zauritutako gehienak gehitu behar zaizkie; horren arabera, benetan 32 euskaldunek lortu zuten bizirik ateratzea (% 39,02), hau da, herena baino zerbait gehiago. Kopuru hori, ziur asko, bikoiztu edo hirukoiztu egin beharko da kopuru errealera hurbiltzeko. Bizirik atera ziren euskaldun gehienak Frantzian gelditu ziren bizitzen, baina beste asko, Euskal Herrira itzuli ziren.

Mikel Huertas Parisen gelditu zen, eta kafetegi-taberna bateko arduraduna izan zen. Hilario Sanmartin ere Parisen gelditu zen, postalak saltzen zituen denda bateko arduradun modura. Franzizko Beaskoetxea gerrako mutilatuak ere hiriburu bera hautatu zuen bizitzeko. Robi Parisko egoera ekonomiko ona zuen neska gazte batekin ezkondu zen. Eta, azkenik, Lekerikak ere Frantziako hiriburua aukeratu zuen.

Hauek, ordea, Euskal Herrira itzuli ziren: Jose Martinez kapitaina, Frantziako turismo bulego bateko zuzendari gisa hasi zen lanean. Juan Alonso, 1919ko martxoan lizentziatutakoa, Euskadira itzuli zen urte bereko udan. Jose Peroneille Gorritxateguik Bartzelonan egin zuen lan bolada batez Euskal Herrira itzuli baino lehen. Gerra bukatu zenean J. E. Saralegui Perpinyanen zegoen baimen batekin, eta ondoren bere herrialdera bueltatu zen, Bergarako Franzizko Charralde Agerrizabal bezala.

Bizirik ateratzea lortu zuten beste euskaldun batzuek hartutako bideei buruz, ostera, ez dakigu ezer, hori da, esaterako 1918an lizentziatutako Ildefonso Urangaren kasua, baita gerra erdi aldean zauri oso larri batzuen ondorioz lizentziatutako Cirilo Ortegaren kasua ere; gauza bera gertatzen da Angel Kortarekin, baita Carlos Díezekin ere, 1919an lizentziatutakoa; Eli Loroñok ez zuen legioa 1925era arte utzi. Egoera berean dugu Nafarroako teniente kementsu Alfredo Santalla Estrella ere, 1919an lizentziatutakoa.

RVG

1916ko ekainaren 27an Lausannen hasi zen (Suitza) Nazioei buruzko Hirugarren Biltzarra, bertan estaturik gabeko zenbait nazio ere bildu zirela, besteak beste: Albania, Armenia, Katalunia, Euskadi, Finlandia, Georgia, Irlanda, Letonia, Lituania, Bielorrusia, Serbia, Tartaria, Ukrainia, etab. Biltzar horretan nazioek haien buruen jabe izateko duten eskubidearen aitorpena onartu zen, hau da, autodeterminaziorako eskubidea. Euskal ordezkaritzak, ostera, (C.N.V. eta Lopez Mendizabal buru zela) "euskal nazioaren berpizkundearen hasierari" eta euskarari buruzko sarrera egin ondoren, CNVren aldarrikapenak azaldu zituen, hau da, 1839an ezabatutako lege zaharrak, "legi zarrak" berriz ezartzeari buruzkoak. Hori zen, hain zuzen, orduko euskal abertzaletasunaren errealitatea; oraindik gaztea zen, politikoki heldu gabea eta Europako nazio askapeneko mugimenduen aldarrikapenekin bat etorri gabea.

Horrez gain, 1917 bukaeran, CNVko beste ordezkaritza bat gutxieneko programarekin bat etorrita Versaillesera joan zen Ingalaterrako, Frantziako, Estatu Batuetako eta Italiako presidenteen aurrean Euskadirentzako autonomia eskaera aurkezteko; ez zuen emaitzarik jaso. 1918ko hasieran, ordea, Estatu Batuetako presidente Woodrod Wilsonen "14" puntuak agertzearekin batera eta zapaldutako herriak burujabe bihurtzeko testuinguru egoki batean, euskal abertzaletasunak nolabaiteko loraldia bizi zuen, eta handik gutxira, gerra bukatu zenean eta Europan estatu nazional berriak sortu zirenean, muturrean kokatu zen, Euskal Herriko lehen indar politiko gisa finkatuz eta nazio soberanotasunaren partzela berriak lortze aldera aldarrikapenak aktibatuz.

RVG