Kontzeptua

Euskal pilota

Olerkariren batek Daviden harri egoki eta funtzionalaren eta Tiffanys'seko arrosa diamantearen arteko berriz ezin gerta daitekeen ia perfekzio puntu bezala jo duen euskal pilotaren joko liluragarria edo, hobe, pilotaren euskal jokoa, J. Iguaran historialari tolosarraren iradokizun zuzenaren arabera, Galileok eta Newtonek jada mende asko direla formulatutako mugimenduen legeak ezagutu eta arakatzen dituen ikuskizun sutsua da.

Kirol guztiz osoa da -baina askoz osoagoa litzateke frontoi itxi baten eta kez betetako baten barik zeru argira egingo balitz- eta egoera jakin batzuetan aisialdirako ekimen bezala edo jostaketa bezala ere, zortzi urtetik aurrera edo arinago ere, berrogeita hamar urtera arte, baliagarri izanez; ez dago soin sendoa dutenentzako bakarrik mugatua zeren tankera horiek bezalakoek atzelari izateko abantaila ikaragarriak dituzten arren, gorpuzkera arrunta dutenek ikaragarrizko aurrelariak izatera iritsi daitezke.

Pilotan aritzeko morfotipo zehatzik izaterik eskatzen ez duen pilotaren jokoak, ezaugarririk garrantzitsuena bezala trebetasuna garatzen du eta aldi berean, erresistentzia, malgutasuna, kemen asko, lasaitasuna eta abiada eskatzen ditu. Toki aldaketak oso laburrak direnez eta pilota-kolpea enborra geldi dagoela ematen direnez, arnasa-funtzioak baino kardiobaskularrak gehiago sustatzen ditu. Pilotariak bere goiko, beheko gorputz-adarretako muskulu-talde handien eta sabelaldeko muskuluen esfortzua egiten du.

Ikuspegi psikikotik, pilota jokoak behaketarako gaitasuna, erreflexuen bizkortasuna eta juiziorako eta ekintzarako erabakia garatzen ditu. Jokatzeko era zuhur eta arretatsua duten pilotariez gain, inolako beldurrik gabe arriskuz eta ausardiaz jokatuz jokaldi ikaragarriak egiten dituztenak ere badira. Pilotari bikainak zuhurrak eta talentu handikoak izan behar du, arin jokatu behar du, zalantzarik gabe eta berariazko intuizioz; bere gorputz-egoera, bere kokapenaren eta frontiseko hormaren arteko distantzia, abiada, efektua, pilota heltzen zaionean hartzen duen bote-altuera eta norabidea, eta lehiakideek pilotalekuan duten tokia ere koordinatu beharra ditu.

Datu guzti horiekin, pilotariak, segundo-hamarrenetan, jokaldia pentsatu eta egin beharra du; baina, dena erabakita dagoela uste denean, aurkariaren posizioan ustekabeko aldaketa batek, edota pilotaren norabidean aldakuntzaren bat izatean, pilotaren beraren edo pilotalekuaren beraren irregulartasunak edo aurkariaren hutsegite gorri batek eraginda, aurreikusitako eran pilotak boterik eman ez egitearren edo uste baino abiada bizkorragoa dakarrelako edota ezkerreko hormara hurbiltzeagatik, segundo zatikitan, pilotariak bere jarrera aldatu beharraz gain pilota-kolpea hasierarako pentsatutakotik era oso desberdin baten emateko keinua egikaritu behar du, pilota inola ere atxiki ezinaren zailtasuna erantsiz.

Trebetasun handia eskatzen duen kirola izatean, ume baldar eta ez-trebeentzako heziketa-eragile bezala eta moldatu gabekoen psikomotrizitate heziketarako ere oso bikaina da.

Euskal pilotan diren modalitate desberdinen artean, esku biekin aldi berean jokatzen diren eskuzkoa, palazkoa edo paletazkoa bezalakoak kirol simetrikotzat jotzen dira, garapen harmonikoan beharrezko oreka mantentzeko konpentsaziozko beste inolako ariketa osagarri batzuk edota beste inolako kirolik egiterik behar ez dutelako.

Francisco Amorós y Ondeanok, atzerriratutako koronel espainiarra zenak, beste hainbat ekarpenen artean Pariseko Gimnasia Arrunt Militar eta Zibileko jardueran bertako zuzendaria izanez musika osagarri bezala sartu zuenak idatzitako bere Manual de Educación física, gimnástica y moral gimnasiarako liburuan agertutako ohar baten bereziki hormaren aurka pilota jokoa garatzea aholkatzen du, soin-zati bien garapen orekatu eta harmonikorako ariketa bete eta erabat eraginkorra delako.

D. Miguel Mª Etxabarren Dr.ak, bere garaiko kirolari gipuzkoar gehienentzako erreferentea zen medikuak, futboleko atezainentzako, zezenkarientzako eta eskularru babestzaile batez Cabo Kennedyn bereziki eraikitako frontoi baten ekiten zioten amerikar kosmonautentzako ere indar eta elastikotasun ariketa bezala pilotaren jokoa aholkatzen du.

Pilota jokoaren nolakotasun guzti horiek bikoteen Lehen Txapelketa ofiziala ospatu izanak eraginda Pilotia lakorik! izenburua zeraman bertso bakar baten Kepa Enbeitak era honetan bikain laburbiltzen zituen:

Buru, anka ta beso, bular eta begi,
osuan indartzeko mutil gastieri
pilotia lakorik ezin topau legi.
"Besagaiñ" ta "bolera", ezker ta eskubi,
atzian naiz aurrian, an jauzi or jagi...
Pilotariyak oso bizkor egin dagi.

kirol-zale zarian mutil azkar ori,
beste danak utzirik...Izan pelotari.