Kontzeptua

Euskal Oinordetza Zuzenbidea

Heriotza orduan pertsonek dituzten harreman juridikoen norabidea eta gertaera horren ondorioz sorrarazitakoena ere arautzen duten araubide-sortaz osatutako Zuzenbide pribatuaren atal bezala Oinordetza Zuzenbidea definitzen baldin badugu, oinordetza Zuzenbidearen euskal bezalako adjetibazioak terminoaren kontzeptu-esentziari bereizgarritasun bi ematen dizkio. Alde batetik, Euskal Herria hiru esparru juridiko-politiko desberdinetan zatikatua egoteak -Euskal Herriko Autonomia Erkidegoa, Nafarroako Foru Erkidegoa eta Iparralde- lurralde guztirako euskal oinordetza zuzenbide sistema bakarra izatea eragotzi egiten du, aipatutako lurraldeetariko bakoitzak besteengandik, mortis causa oinordetzari dagokionean ere, urrundu egiten diren ordenamendu juridikoak dituztelako. Bestetik, hala ere, euskal oinordetza "azpisistemak" historikoki Zuzenbide pirenaikoa izenekoaren baitan kokatu direla azpimarratu beharra dago; latindar ereduetatik urrunduz, arbasoen ondarearen belaunaldiz belaunaldiko eta zatitu gabeko eskualdatzea eta norbanakoazgaindiko interesen babesa ardatz nagusitzat hartzen dituena.

Erdi arotik, euskal esparruko lege testuak, gizaldietan zehar, euskal gizartearen eskabide garrantzitsuari irtenbide kohesionatu eta osokoa eman diote: sendiko ondarearen zatiezintasuna, eta horren menpe izan da, jakina, ondare horren gainean ezarritako etxaldearen iraunarazpena. Sendi-gunea, XX. mendea ondo igaro arte, ekoizpen eta kontsumorako unitate bezala azaltzen zaigu: lurra eta beroni atxikitako elementuak dira bertan bizi den sendiaren ekonomia oinarria. Sendi-baserria bere inguruan bizi den gizarte bereziaren eragiketa-gune bezala eratzen da, eragiketa-gune dela aipatzerakoan sendia osatzen duten guztien mantenua lortzera bideratutako nekazal-, abeltzain- edo eskulangintza-ustiaketaren esparrutzat aintzat hartuz. Sendi-ustiaketaren zatiezintasuna eta osotasuna, horretara, etxeko-taldearen iraupenerako ezinbesteko berme bihurtzen da, oinorde bakarreko sistemaren argitan jabea den pertsonarengan sortzen den mailaz mailako subrogazioaren ondorioz etxea eta ustiaketa osorik mantentzea lortuz. Hainbat gizalditan zehar euskaldunen gizarte eta banakako harremanetan kristau-moralaren geroago eta gehiagoko ezarpen nabarmenak, gainera, familia eredu bikain bezala gizonaren eta emakumearen arteko ezkontza sustatzea dakar: etxe bi euren kideetako biren ezkontza bitartez bateratzearekiko helburua duten sendi-arteko hitzarmenak eta itunak ugaritu besterik ez dira egiten, jabegoaren, sendiaren eta oinordetzaren arteko barne-zerikusi nabarmena agertuz.

Zerbait eguneratuagoak ditugun parametroetan baina erdi aroko araudi haiek izan zuten esentziari eutsiz [Bizkaiko Foru Zaharra eta Foru Berria, 1452 eta 1526koak hurrenez-hurren; Durangoko Merindadeko Antzinako Forua; 1505eko Enkarterriko Forua; 1373ko Aiarako Forua eta Nafarroako Foru Nagusia, aipagarrienak gisa] Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko (Euskal Herriko Foru Zuzenbide ZIbilari buruzko uztailaren 1eko 3/1992 Legea, aurrerantzean FZZL) eta Nafarroako Foru Erkidegoko (Nafarroako 1973ko Foru Berria, aurrerantzean NFB), egungo ordenamendu juridikoan mantendu egiten dira, Iparraldeko euskal lurraldeetan 1789ko iraultzak frantziar Estatua osatzen duten lurraldeetan zegoen narotasun juridiko guztia deuseztatu eta zentralitatea ezarri zuenetik zuzenbide pribatuaren eremuan ez baitu sistema juridiko propiorik. Espainiar estatuari politikoki "atxikitako" bi autonomía erkidegoek, hala ere, 1978ko Konstituzioaren 148.1.8. artikulutik jasotzen dute, bakoitzari dagokion Legebiltzarren bitartez erkidegoei dagozkien oinordetza sistemek dituzten lege testuak onartzeko beharrezko eskumena, zuzenbide zibila gorde, aldatu edo aintzinatzeko zeregina bereganatzerakoan, beti ere Estatuaren bakarrekoak diren "esparru" jakin batzuk errespetatuz.

Euskal lurraldean indarrean dauden oinordetza ordenamenduetara etorriz, EHAEkoa eta nafarra, euren pertsona-ezarpenerako erabilitako lokarri-gunea herritasun zibila besterik ez dela adierazi beharra dago. Jakina, NFB ez bezala, nafar herritasun zibila duen edozeini aplikagarri dakiolako, euskal autonomiako ordenamendua, FZZLaren arabera, bizkaitar, arabar eta gipuzkoar guztiei aplikagarri izatetik urruti dago. Gipuzkoar biztanleei, azaroaren 16ko 3/1999 Legea argitaratu zenetik arau horretan bertan bildutako baserriaren oinordetza eskualdatzeari dagozkion xedapenak bakarrik ezarri ahal izango zaizkie; bizkaitarrek, aldi berean, "forudunak" izan beharra dute, hau da, bizkaitar Lur Lauari "herritasunez" atxikitakoak

"...todo el Territorio Histórico de Bizkaia, con excepción de la parte no aforada de las Villas de Balmaceda, Bermeo, Durango, Ermua, Gernika-Lumo, Lanestosa, Lekeitio, Markina-Xemein, Ondarroa, Otxandio, Portugalete y Plentzia, de la ciudad de Orduña y el actual término municipal de Bilbao",

1992ko testuan araututako oinordetza sistema bere osotasunean erabiltzerik nahiko balute (bizkaitar guztiei, forudun zein forugabe izan, aitortutako eskuorde-bidezko testamentua eta elkarrenganako testamentua ematearen aukeratik eta tronkaltasun printzipiotik eratorritako lege ondorioak izan ezik); eta, arabar lurraldeari dagokionez, aiaratarrek besterik ez dituzte Oinordetza Zuzenbideari dagozkien xedapen propioak, ondorio horietarako Laudio eta Aramaioko herritarrek bizkaitar Foruari atxikitzen zaizkielako. Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko herritartasun zibil bakar bat ez izateak, beraz, 1992ko testuan araututako "Foruetariko" bakoitzari atxikitzeko beharrezkoa den oinordetzailearen pertsona-lege gisa herritartasun zibilik izan ez dezaten guztientzako 1889ko espainiar Kode Zibila izango da lehenetsi eta zuzenean aplikatuko zaiena, eta NFBak eta FZZLak berak ere ezer ezarri ez dezan guztietarako hemeretzigarren mendeko testua izango da ordezko testu erabilgarria. Euskal oinordetza-erakundeen benetako izaera bilatzerako orduan aipatutako lege testu bi horietan adierazitako iturburu-sistemaren interpretazio eta integraziorako garrantziaren eta hala balegokio, bere garapenik bikainenerako ohikotasunez ezartzen diren klausulak kentzearen kaltetan barik.

Autonomia-ordenamendu biak euren zuzenbide zibil propioaren garapenean aurrera urratsik egin dute oinordetza mailan ere ezkontza-batasuna bikote egonkorren edo izatezkoen maila berean jartzen ahalegintzen diren lege testu bi argitaratuz: Nafarroan adibidez, ezkontide egonkorren berdintasun juridikorako uztailaren 3ko 6/2000 Foru Legea, eta Euskal Herriko Autonomia Erkidegorako izatezko bikoteak arautzen dituzten maiatzaren 7ko 2/2003 Legea dugu. Aipatutako bi testu horiek bikote egonkorren egoera FZZLk eta NFBk ezkontide alargunarekiko aurreikusitakoarekin berdintzen dute, eta esandako horrezaz gainera, 1992ko testuak, zerrendatze zorrotza izate asmorik ez duela, bikotekide direnek elkarrekiko testamentua bateratsu eman ahal izatearekiko aukera biltzen du, edo, hala balegokio, eskuorde-bidezko batak bestearekiko testamentua egin ahal izatearen aukera ematen du. Testu bi horien arteko berdinketa horri aurre egitean dagoen desberdintasuna, funtsean, araudi nafarrak bikoteko kideek, edo bietako batek, arauan aitortutako eskubideak gauzatzerakoan, bateratzea dagoenarekiko egiaztagiria eskatzean datza, euskal autonomiako Legeak izatezko bikoteen bereziki horretarako sortutako administrazio-erroldan bikotea aldez aurretik erroldatu izanaren baldintza eskatzen duen bitartean. Azken eratze-baldintza horrek, bateratzearen aldez aurretiko erroldatzeak, tamalez, proposatutako berdinketatik izatezko bikote asko, Erroldaren arduradunaren aurrean euren bateratzea ez "formalizatzearren", alboratu egiten ditu zeren ez dute erroldatutakoek bezalako izaera berdina, ezta oinordetza mailan ere; horretara, egitez, hirugarren "alegal" maila sortzen da, 2003ko euskal Legearen 1 artikuluan aldarrikatutako bazterkeriarik ezaren printzipiotik nabarmen urrunduz.

Oinordetza-sistema bion, nafarra eta EHAEkoa, edukia, orotara aztertzekotan, ondoren, mortis causa erregimena osatzen duten atal oinarrizko eta desberdinenei erreparatuz indarrean dauden lege testuen proposamena garauntzeari ekingo diogu: oinordetzailearen oinordetza antolatzeko erak eta derrigorrezko oinordetza, parametro bakoitzontzako, nafarrei, gipuzkoarrei, aiaratarrei eta bizkaitarrei aplikagarri dakizkien xedapenen arteko aldeak agertuz; azkenari dagokion kasuan, berezitasunez, forudunei dagokiena azalduko da.