Kontzeptua

Larrain Dantza

Larrain-dantza, beraz, aski ezaguna zen 1970reko hamarkadan Lizarratik kanpo ere. 1978n Euskal Dantzarien Biltzarrak Dantzari Eguna lehen aldiz Hegoaldean egin zezakeen, Iruñan eta Sanferminetako bezperetan hain zuzen, bere zezen plaza jendez lepo betez. Herrialde guztietako dantzak egin ziren, azkena Lizarrako larrain-dantza izanik. Ekintza horretarako Lizarrako dantzariek erakutsi -edo berrerakutsi- zuten dantza Euskal Herriko dantza taldeen artean. Dantzarien federazio horrek dudarik gabe ezaugarri interesgarri asko ikusi zituen dantza honetan: euskal dantza mistorik distiratsuena, non dantzariek bere trebetasun teknikoa erakutsi dezaketen, baina lorgarria ia edozein pertsonatarako, eta beraz dantza oso popularra egiteko gaia, luzera ere oso egokiakoa... ezaugarri hauek direla eta, euskal dantza nazionaltzat hartzea erabaki zen, eta Euskal Herri osoan zehar zabaldu, ikastaro ugarien eta erakustaldien bidez. 1990reko hamarkadarako, izan ere, larrain-dantzak, zentzu nazional hori hartuta edo ez, Lizarratik kanpoko esparru franko hartu izan zituen, kasu batzuetan ezinbesteko ekintza bihurtuz (adibidez, Araolaza 2002).

Zabalkuntza hau oso modu gazi-gozoan bizi da Lizarran. Alde batetik, adibidez Ibai Ega bertako dantza taldeko partaideak harro daude honekin, baina beste alde batetik, eta ulergarria denez, beste leku batzuetan erabiltzen dituzten dantzatzeko modu batzuk desegokitzat jotzen dituzte, dantza bere identitatea galtzen ari dela esanez (2009-11-18an azken aldiz kontsultatua). Hori dela eta, Larrain-dantza eguna antolatu zuten lehen aldiz 2001ean, horrez geroztik urtero ospatzen dena hiriko zaindaria den Puyko Ama Birjinaren egunean, eta 2003 karrikaratu zuten El baile de la Era de Estella: tres siglos de danza DVDa, non dantzaren historia eta batez ere eta zehatz-mehatz gaur eguneko estruktura (sarrera eta pasacalles, sarrera eta cadena, fandango eta canción a duo, bals, jota zaharra, bolerak eta corrida) horren pauso guztiak eta koreografia azaltzen dira, Ibai Egaren dantzarien bidez. Azalpen hauek weben ere kontsulta daitezke esteka honetan. Beste hau segituz, berriz, bertsio errealago bat aurkitzen dugu, belaunaldi ezberdinetako dantzariek interpretatuta, non moldaketa bakarra internautarendako agian luzeegiak diren danbor-arrada batzuk moztea izan da. Bukatzeko, web leku bera utzi gabe, beste bertsio oso ezberdin bat ikus dezakegu, Lizarratik kanpoko festetako kontestuan, (2008ko Errenteriako festetako gau batekoa, hain zuzen), non aldeak erraz nabari ditzakegu.

Laburbilduz, beraz, larrain-dantzan eboluzio berezi bezain interesgarria dugu: beste leku batzuetan hain ohikoak diren soka-dantza eta ingurutxoen beste aldaera bat da, agian berriagoa eta ziur mediterraneagoa, non XIX. mendeko dantza lotuek sekulako garrantzia duten. Seguru asko, gaur egun erlikia izango litzateke dantza hau Lizarrako aldaera ez bazen. Hiri horretan, eta seguru dantza honen, gaitarien eta Lizarra beraren arteko gertatu den erlazio estuagatik, mantendu egin zen, batu ia ziurtasun osoz bi sexuen arteko kontaktu fisikoaren alde handia galduz eta eboluzio bitxi batengatik, hiriko ikono musikala bihurtu izan zen. Folklorizazio prozesu batengatik, halere, Lizarrako aldaera zabaldu egin da Euskal Herrian zehar, ezaugarri batzuk derrigorrez aldatuz, eta horregatik Lizarran sortu izan da ezinegon bat eta beren eredua mantendu eta defendatzeko mugimendu bat, agian konturatu gabe dantza, hain mugikorra, lausoa eta geldiezina den arte hori, nahitanahiez eten gabeko eboluzioan egoten dela. Gaur egun, dudarik gabe, Lizarrako aldaera honek larrain-dantza izena bera monopolizatu egin du, eta horregatik batzuetan badirudi bere jaioterria aipatzea ez dela beti derrigorrezkoa. Lizarrako ikurra izateaz gain, gaur egun nahitaez, Euskal Herriko dantza popularrenetariko bat ere honetan baitugu.