Lekaide eta lekaimeak

San Valentin de Berriochoa

1827ko otsailaren 14an Elorrion jaiotako misiolari, gotzain eta martiri bizkaitarra. Juan Isidro de Berriochoa (1801/05/15, Elorrio) eta Maria Monica Arizti (1797, 05/04, Antzuola, Gipuzkoa) izan zituen guraso. Valentin Faustino izenarekin bataiatu zuten parrokia-elizan.

Gerrak eta liskar politikoek astindutako garaiak ziren. Lehen letrak Jose Juan Echevarria apaizarekin ikasi zituen eta lehen hezkuntza Antonio Convenios maisuarekin egin zuen. Orduan ikasi zuen gaztelania garaiko haur guztien moduan. Bost urte eman zituen Santa Ana mojen komentuan elizmutil gisa, hamar urte zituela sartu zen hara.

1842koa da bere lehen izenpe ezaguna. Domingotarren Ordenaren komentuan meza ematen zuen Mendoza Aita izan zen mutikoari misiolari domingotarrek Txinan egiten zituzten jardunak jakinarazi zizkion lehenengoa. 1838an oihartzun handia izan zuen ordenako hainbat misiolari Tonkinen hil zirelako albisteak. Euskal Herriko bazter guztietatik hainbat misiolari irteten ziren munduko hainbat txokotara mundua ebanjelizatzeko ahaleginean. Mutikoari deiera piztu zitzaion eta berehala hartu zuen joateko erabakia. Hala ere, aurretik apaiz ordenatu zen. Horretarako, aitaren aroztegiko lana utzi behar zuen. Garai hartan lan asko zegoen etxean. Aita erabaki horren aurka azaldu zen sutsu. Estarta Aita frantziskotarraren misioek mutikoaren misiolari deiera indartu egin zuten. Garbitasun-botoa egin zuen.

18 urte zituela, gazte alai eta ausarta izaki, dagoeneko Logroñoko seminariora abiatu zen, izan ere, garai hartan Elorrio Kalagorriko elizbarrutira atxikia zegoen. Ikasle oso adimentsua izan zen eta adiskide hiztuna. 1845. urtea zen. Hiru urte beranduago, bigarren ikasturtea burutzen ari zela, ikasketak utzi behar izan zituen familiaren arazo ekonomikoak zirela eta. Elorriora itzuli zen eta aroztegian aritu zen hogeita hamar hilabetez. Beka bat ukatu zitzaion eta Elosuako benefizio baterako oposizioak galdu zituen. Ordurako 23 urte zituen. Orduan, lagun batekin Erromara joatea erabaki zuen, apaizgintza eskatzeko. Nafarroako gotzain berriak, Miguel Jose Irigoyen Dutari jaunak, asmo horren berri jakin eta dei egin eta Seminarioko zuzendari-berrikusle izendatu zuen.

1851n, 24 urte zituela, apaizgintza eskuratu zuen. Hori ospatzeko Bergarako Diaz de la Espada adiskidearekin batera, etxera itzuli, askari-lege bat egin eta aurresku bat dantzatu zuten Elgetako ostatuan. Oso ospakizun antzinako eta biblikoa zen hura, izan ere, Davidek Arkaren aurrean egindako dantza oroitarazten du. Berriochoa hiru urtez aritu zen apaiz lanetan eta, egia esatera, oso modu ezohikoan betetzen zuen zeregin hori. Horren adibide da mezaren ostean ordubete ematen zuela esker oneko otoitzean. Logroñon oso entzutetsua izan zen 1852an kolegio-elizan eman zuen prediku inprobisatua, izan ere, bere entzunaldiak emozio handia sorrarazi zuen. Kalean "Santuak" emandako predikuaren albistea han-hemenka ibili zen. Jainko-herriak aurrea hartu zien Eliza-auzitegiei eta santu aitortu zuten. Elorrio, Axpe eta beste hainbat herritan aritu zen eta arrasto luzea utzi zuen.

Misiolari deierak asko zirikatzen zuen arren, gurasoak zaindu behar zituen. Hori dela eta, bere arreba Felipa ezkontzeko zortea izan zuenean, gurasoen etxera ezkondu zuen bikote gaztea eta, orduan, 1853an, domingotarren ordenan sartzea erabaki zuen. Garai hartan gobernuak muturra sartzen zuen gogor Elizaren barneko gaietan. Erlijio-etxe bakoitzerako komentu bakarra baimentzen zen, itsasoz haraindiko misioetarako bideratzen zena. Hori dela eta, domingotarrena Toledon lekutzen zen. Inori ez zion bere asmoen berri eman eta Logroñora joateko prestatzen arituko balitz bezala jardun zuen. Gurasoei agur mingarria saihestea zen horren helburua. Hori dela eta, Santa Anako lokutorioan askari bat egitera mugatu zen, lagun gutxi batzuekin. Askari hori sarri aipatzen da, izan ere, lagunetako batek bere jarrera txeratsua sumatu eta agur horren arrazoiagatik galdetu zion. Berriochoak, txantxa giroan eta kontuari garrantzia kendu nahirik, zera erantzun zuen: -Santu egingo naiz, Bizkaiak berea izan dezan. Denak hasi ziren algara batean. Ocañara abiatu zen. Herri hartatik Ozkabarteko lagun bati idatzi zion:

"Lortu dut hainbeste urtez desiratu izan dudana; Ozkabarteko zaiela. Duintasun hori nuen amets. Dagoeneko lortu dut. Eta horri esker, munduan den izakirik zoriontsuena naizela uste dut. Agur mundu, mundu zitala! Zure tentelkeriez barre egingo dut klaustroaren erretretan. Zure itsukeria eta ustelkeria deitoratuko ditut. Indarrak hartuko ditut, argal egonagatik ere, Jaungoikoaren beso ahalguztidunaren laguntzarekin, zure aurkako gerra krudela hasteko. Bakea ekarriko duen gerra izango da, pasioen haize bortitzek astindutako egonarriaren oldarraldi grinatsuak arinduko dituena" (itzulpen moldatua gaztelaniatik).

1854ko azaroaren 12an domingotar-profesioa egin zuen. Bi promesa baitaratu zituen horrela: San Agustinen Arauaren araberako obedientzia aitortzea, eta fedegabeen arteko misioetara joatea. 27 urte zituen. Ocañako nobiziotegian hiru urte eman zituen. 1856ko abenduaren 27an Asiara joateko izendatu zuten. Bidaia horretan egiteko bakarra zuen, arimak salbatzea. Hala idazten zuen handik:

"Etor zaitezte, etor zaitezte infernuko burdin, su eta amorru nahiz haserre bizia, nahikoa izango da anaia bati maitasun eta miserikordia ororen Jaungoikoa ezagutaraztea..."; (itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Ocañatik abenduaren 28an irten zen eta urtarrilaren 3an Cadizera iritsi zen Sevilla zeharkatu ostean. Manillarako bidean itsasoratu zen Espainia eta Argentinako Fragatan. Bost hilabete eta bi egun behar izan zituzten jomugara iristeko. Santo Domingo de Manilako Komunitateak eta Unibertsitateak egin zioten harrera-prozesioa. Berehala Annamgo hizkuntza eta Tonkineko usadioak ikasteari ekin zion, hara bidali baitzuten. Macaura abiatu zen bere misioa betetzera. Garai hartan Tu-Duc erregeak jazarpen odoltsua egiten zuen haitzulo eta txabolatan ezkutaturik bizi ziren misiolarien aurka. Orduan gutxi, bikario apostolikoari eta misiolari indigena bati burua moztu zieten. Eliza txikiak eta horrenbeste nekez eraikitako eskola eta serorategiak suntsitu eta erre zituen. Macaun datatutako gutun baten arabera, 150.000 kristau zeuden Tonkineko bikariotzaren baitan. Urtebetean 34.000 sein bataiatu zituzten "in articulo mortis". Bidaiaren azken zatia txalupan egin zuen Berriochoak beste bi misiolari bidelagun zituela. Azkenean Aita Hermosilla eta Aita Garcia Sanpedro bizi ziren txabola batera iritsi ziren 1858ko apirilaren 15ean, gotzain domingotar haiek baitziren misio haietako arimak.

Iritsi eta artean soilik bi hilabete igaro zirela, 1858ko ekainaren 27an, Sanpedro Monsinoreren gotzain lagunkide izendatu zuten, 31 urte besterik ez zituen. Goan eta hainbat herrialde eta koloniatan gertatu bezala, han ere, San Frantzisko Xabierrekoak salatu zuenez, Europako estatu nazionalen grina inperialisten eraginez, misiolarien lana erabat eragotzi eta antzu bilakatzen zen. Erregearen aurkako matxinada zegoen garai hartan. Saiakerak porrot egin zuen eta jazarpena areagotu egin zen. Misiolariak, atzerritarrak izaki, susmagarri ziren. Hori saihesteko fededun natiboen inguruan bildu ziren erregearen aurkako borroka utz zezatela agindu eta zigor oso larriekin mehatxatuz. Hala ere, Frantzia eta Espainiako ontzidia iritsi zen, Txinako eskualde hartan haien menderakuntza finkatu asmoz. Inor gutxik uste zuena gertatu zen. Ontzidia gerturatu zuenean, Thua izeneko Cao-Xa eskualdeko indigena kristau batek, Tu-Duc erregearen aurkako bandera altxatu zuen. Horren ondorioz, jazarpena kristau guztien aukako bilakatu zen, inolako salbuespenik gabe.

Misiolarien bizitza beldurgarria zen. Hori dela eta, Berriochoaren gotzaingintza Ninh-Kuong herrixkako indigena batek lagatako kartutxo baten bidez gauzatu zen. Apezpiku sagaratzailea eta bost adiskide baino ez ziren bertaratu. Berehala, misioa zapuztuz gero, bizitza salbatu eta fededunak artatu ahal izateko, Kien-Lao herrixkara joan zen. Harekin batera lau katekista, Teologiako ikasle zirenak, eta Thú mediku kristaua abiatu ziren. Azken hori zen komunitate kristau txiki hartan posta banatzeaz arduratzen zena. Berriro annamdarra ikasteari ekin zion bere lana hobeto egin ahal izateko. Pastoral ugari idazten zituen jazarpena pairatzen zuten kristauak adoretzeko eta, 1859ko abuztuaren 1ean amari igorri zion gutun batean adierazten zuenez, gauez kristauen herrixkak zeharkatzen zituen "oinez eta oinutsik".

Bere umore ona handik gutxira berriro ikus daiteke amari idatzitako beste gutun batean, izan ere, lastozko teilatua, lurrezko paretak eta kanaberaz egindako ateak zituen "jauregi bikain" batean bizi zela esaten zuen. Bitartean Aita Sanpedro jazarpenak harrapatu zuen eta, horren ondorioz, martiri krudela jasan behar izan zuen. Erantzukizun osoa Berriochoaren eskuetan zegoen. 1858ko irailaren 2an mandarinek harrapatzeko zorian izan zen. Haitzulo batean gordeta salbatu zen. Han igaro zuen gaua, hermetikoki itxitako zulo hartan. Berriochoaren benetako lana ikusezina da, isila, egunerokoa, eguneko ordu guztietan eta gaueko hainbat ordutan burutzen zuena, 1858 eta 1861 bitartean luzatu zen misiolaritza- eta hezkuntza-jardun betean. Bere humanismoa ez zen horizontal eta itxia, aitzitik, goranzkoa zen eta haraindiko mundura zabaldua. Misiolaritzan ezkutatzen den humanismo hori ez da oso ezaguna, izan ere, bizitza osoari dagokio, etenik gabe, Jaungoikoaren izenean. Misioen bitartez bizitza ekonomikoa hobetzen ikasten da. Horretarako, ezagutzen ez dituzten teknika berriak helarazi eta aplikazio berriak irakatsi ohi dira, eskolako ezagutza oinarrizkoenak irakatsi ohi dira eta gizakien arteko justiziarekin eta berdintasunarekin zerikusia duen joera kristaua hedatu ohi da. Hori guztiori, arimen salbamenaren baitan.

Lantegi horretan murgilduta zegoela, Tu-Duc erregeak ateratako beste dekretu baten berri izan zen, eskualde kristau guztia zanpatzea agintzen zuena. Dagoeneko bere gordelekua eta natiboen laguntza ez ziren aski. Berriochoak txalupa bat hartu eta Bui-Chu komunitate kristau aldera jo zuen, fededunengandik gertuago izateko. Beste txalupa batean, oso hurbil, Aita Hermosilla eta Jose Khang katekista abiatu ziren. Azken biak mandarinen eskuetan geratu ziren. Egoeraren arriskuaz ohartuta, Do-Thanh arrantzaleari bere bikariotzara eramateko eskatu zion, han baitzeuden kristauak sakabanatuta. Herrialdeko jantziekin jantzi eta ihes egitea lortu zuten. Aita horietako bat gaixorik zegoen. Ezin zuen jarraitu. Egoera ikusita, Khang-Kap delako bati eramatea gomendatu zitzaion, kristaua ez izan arren eragin handiko pertsona baitzen. Harrera atsegina egin zien, baina gobernadorearen aurrean salatu zituen, arroz-soro bateraino lagundu eta han ihes egiteko gida bat (bere senitartekoa zena) eskaini ondoren.

Armatutako patruila batek ustekabean harrapatu eta atzeman egin zituen. Hai-Duong probintziako hiriburura eraman zituzten denak, katekista izan ezik. Hura misiora itzuli zen. Jende andana elkartu zen Berriochoa eta bere misiolarien taldea hiriburura iristen ikusteko. Espetxearen aurrean gurutze handi bat ezarri zuten, hara sartzerakoan zapal zezaten. Berriochoak uko egin zion hura zapaltzeari eta azkenean kendu egin zuten. Trang-Thu herrixkako gotorleku batera eraman zituzten. Han zain zuten auzitegia. Galdeketan galdera hauek baino ez zizkioten egin Berriochoari: bere izena (Vinh "garailea" izenez ezagutzen zuten), herrialdean zeraman denbora (lau urte), bere bizilekua (Biu Chu), 1858ko altxamenduarekin zerikusirik izan ote zuen (ezetz erantzun zuen eta inork armak ez hartzea gomendatu zuela) eta, azkenik, Lien gotzaina ezagutzen ote zuen (Aita Hermosilla, baietz erantzun zuen). Auzitegiak kaiola txiki indibidual batzuetan ixteko agindu zuen, soilik kokoriko egoteko prestatuak. Han, antzeko kaioletan sartuta, aurrez atzemandako adiskideak ikusi zituen. Beragandik hurbil, egindako krimenak zirela-eta heriotza-zigorrera kondenatutako erruztatu bat zegoen. Oraindik beste galdeketa bat izan zuten eta bigarren hartan fede kristaua ukatzea eskatu zitzaien. Ezezkoa eman zuten eta heriotza-zigorrera kondenatu zituzten.

1861eko azaroaren 1ean Trang-Thu herriko gotorlekutik atera zituzten, beti kaiolen barruan sartuta. Ondoren, lekuko batek beatifikazio-prozesuan honela deklaratu zuen:

"Bostehun soldadu eta hiru elefante ikusi nituen gaztelutik ateratzen eta atzean hiru beneragarriak kaioletan sartuta eta kaxa bakoitza sei gizonek eramaten zuten". "Alboetan militarrak eta elefanteak zihoazen. Eta erdian borreroa, haren aldamenean bi morroi zituela itzalkin bana eutsiz... Azkenik, segizioaren amaieran mandarinak zihoazen, batzuk zaldi gainetan eta beste batzuk ohatzetan" (itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Presoak lurrean iltzatutako hesoletara lotu zituzten eta grazia modura onartu zitzaien ordubeteko otoitzaren ondoren burua moztu zieten. Jendartean, isiltasunaren erdian, baziren zenbait kristau klandestino. Albistea Elorriora iritsi zenean Berriochoaren gurasoak bizirik ziren artean. Albistea Arabako Aita Lorenzo Rodriguez domingotarrak eman zuen. 1862ko Gernikako Batzar Nagusietan martirioaren datari buruzko akta jasoarazi zen.

Gorpuak hobiratzeke mantendu ziren kristau batzuk haiek jasotzera ausartu eta lurperatu zituzten arte. 1867ko ekainaren 17an Filipinetara eraman zituzten eta 1886ko ekainaren 7an Berriochoaren gorpua Bartzelonara iritsi zen Isla de Luzón lurrunontziaren barnean, Ramon de Mendezona mundakarra (Bizkaia) kapitaina zela. Bizkaitar asko bertaratu ziren konde-hirian. Horien artean zen Sabino de Arana eta inskripzio hau kokarazi zuen: "Berrio-Otxoa Barzelona'ko Euzkaldunak. 1886'garren urtean Bagillan". Handik Elorriora bidali zuten Berriochoaren gorpua eta han festa erraldoi batekin egin zioten harrera. Bizkaia osoa batu zen festa hartara. Azkenik parrokia-elizan sartu zuten gorpua eta ordutik beila-leku bilakatu zen.

Beatifikazioaren kausa Errituen Kongregazio Santuan sartu zuten 1902ko apirilaren 22an eta, beranduago, 1906ko maiatzaren 20an behar bezala amaitu zen kausa hori. 1951n santu egiteko lehen urratsak eman ziren eta 1952an Erromak kausa baitaratu zuen berriz ere. 1988ko ekainaren 19an egin zuten santu. Erreferentzia: Aita J. M.ª Garrastachu, Martir de Cristo, B. Valentín de Berriochoa. Bilbo, 1959.