Kontzeptua

Agote: etnologia eta historia

XVIII. mendearen bigarren erdialdez geroztik, auzokoekiko harremanak hobetzen hasi ziren apurka-apurka, eta herrien arabera modu ezberdinean. Agot ez zirenekin ezkontzen zirela agertzen hasten da dokumentuetan, izan ere, horren aurretik beste auzokoen ezkontza-lekuko edo testamentu-berme edo euren seme-alaben bataio-ponteko gisa agertzen dira. Elkarri maileguak eman eta eskatu egiten zizkioten elkarri. Agot batzuek arotza ogibidea utzi zuten, etxeak, bordak, nekazaritzarako lurrak, basoak eta belardiak, behiak eta ardiak eskuratu ahala, eta auzoko gehienen bizimoduarekin bat egiten hasi ziren. Etxe berriak egin zituzten, agot guneetatik gero eta urrunago, eta azkenean beste auzokoen etxeen artean nahastu ziren. Beste agot batzuk euren aztarnarik ia gelditzen ez zen herrietan zehar hedatu ziren.

Frantziako iraultza integrazioaren aldeko hainbat gertaera ekarri zituen XIX. mendean zehar. Iraultzaren beraren ondorioz, agotek desegin ahal izan zituzten agot zirela aipatzen zuten dokumentuak. Gainerako auzokoekin batera multzo handitan sartu ziren armadan, eta horrek tratu-berdintasuna ekarri zuen, ordura arte izan ez zituzten aukerak, eta batzuek goi kargu militar nahiz administratiboak ere izan zituzten. Eskolara -laikoa eta bereizketarik egiten ez duena- derrigorrean ezarri zen, migrazio jarioak gertatu ziren Ameriketara zein hirietara, eta bertan lanbide berriak egiten hasi ziren: mediku, irakasle, mugazain etab. Labur esanda, antzinako erregimeneko oinarri ekonomiko, sozial eta politikoak desegiten ziren neurrian, agot fenomenoa murriztuz joan zen, eta azkenean nekazaritza esparruko auzo edo familia jakinekiko susmoa baino ez zen geratu.

Pirinioetako hegoaldean estatu liberala berandu eta modu eskasean ezarri zen, eta horrek mende bateko atzerapena ekarri zuen Baztaneko agoten berdintasuna lortzeko. 1842an ere Iruñeko Epaitegiak epaia eman zuen, Bozatekoek Arizkuneko parrokian tratu-bereizkeriarik pairatu ez zezaten, baina XX. Mendearen hasiera arte elizaren atzeko aldean baztertuta uzten zituzten, eta mende horren erdialdera arte, aipatu den auzokoek ez zuten jaietan behar bezala parte hartu, nahiz eta ordurako ibarrean zehar agot hitza aspaldiko kontua baino izan ez. Baserriaren gainbehera sozial eta ekonomikoa oso azkarra izan zen eta horrek lan mekaniko eta ordainsaridunak hobetzat hartzea ekarri zuen, eta tradizioz agotek egin ohi zituztenez, euren integrazioa erabateko izatea bultzatu zuen.